Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak jakin-mina sortu du aro ezezagun bati buruz: Burdin Aroaren amaiera eta Erromaren hedapena. Baina nortzuk ziren brontzezko esku hori etxeko atari batean zintzilikatu zuten baskoi horiek? Nola bizi ziren, zer erlazio zituzten inguruko herriekin eta nola moldatu ziren erromatarrekin? Oraindik itzal asko daude garai horren inguruan, baina arkeologoak eta historialariak ari dira argitu nahian, eta lau adituren laguntzarekin osatu du BERRIAk Burdin Aroari buruzko erreportaje sorta hau, aste honetan argitaratuko dena.
Ez dira ugariak Burdin Aroari buruzko literatura eta ikerlanak, eta gutxiago baskoiei buruzkoak. Azkenekoen artean, Javier Eneriz Olaetxearen obra nabarmentzen da: Cuando fuimos vascones. Orígenes de Navarra (Baskoi izan ginenean. Nafarroaren jatorria; Pamiela, 2022). Baskoiak zein izan ziren, haien bizimodua, haien hizkuntzak, dibinitateak, txanponak, lurraldea eta beste herri batzuekin izan zituzten harremanak sakon aztertu ditu obra horretan. BERRIAk egilea elkarrizketatu zuen urtarrilaren 4an.
Historia eta historiaurrea marra mehe batek bereizten ditu: iturri idatzirik existitzen ez zen garaiari esaten zaio historiaurre, eta iturri idatziak sortzen diren momentutik aurrerakoa da historia. Eta hortxe daude baskoiak, marra horren gainean.
Ikusi gehiago:Baskoien atzetik azterka (II). Kultura bat, bertsio asko
Lehen erreferentziak
Izatez, baskoi ez zen euren buruak izendatzeko erabiltzen zuten izena. Exonimo bat da baskoi: kanpoko norbaitek jarritako izena. Idazle greziar eta latino klasikoek erabili zuten izen hori, eta Sertorioren gerran agertzen dira baskoiak lehen aldiz testu batean, Kristo aurreko I. mendean. «Kinto Sertorio jeneral errebelde bat zen, Erromako Senatua menpean zeukan Sila diktadorearen kontra altxatu zena», hasi du azalpena Jokin Lanzek (Arruazu, Nafarroa, 1990), Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia irakasleak; aditua da baskoien historian.
Hispanian, Iberiar penintsulan zegoen Sertorio. Erromaren kontrabotere bat antolatu zuen, eta Silak soldaduak bidali zituen haren kontra, Lanzek azaldu duenez. Erromatarren arteko gerra zibil horrek hamar urte iraun zuen, Kristo aurreko 81. eta 72. urteen artean. Eta bete-betean harrapatu zuen Irulegiko herrixka (Aranguren, Nafarroa), gatazka horretan suntsitu baitzuten.
Gerra haren kontakizuna egiterakoan, hamarkada batzuk geroago, Tito Livio historialariak aipatu zituen baskoiak lehen aldiz, edo hori da, behintzat, ezagutzen den erreferentzia idatzi zaharrena. Geroago, Plinio Zaharrak eta Estrabonek aipatu zituzten baskoiak; eta Ptolomeok baskoien hamasei herri zerrendatu zituen Kristo ondorengo II. mendean.
Baskoien lurralde, herri eta mugei buruzko erreferentziak, beraz, Erromak okupatu ostekoak dira. Arazoa da erromatarrak iritsi aurrekoari buruzko erreferentzia idatzirik ez dagoela. Lanz: «Lurralde horri erromatarrek baskoien lurralde esaten zioten, baina lurraldea herrixka harresituen bidez antolatzen zen, eta ez dakigu zer erlazio zuten herrixka horiek haien artean; ez dakigu aliatuak ote ziren, hiriburu bat ote zuten...».
Mugak
Estrabonek bere aurrekoen lanak erabili zituen, baina ez zen inoiz hemen izan, Mertxe Urteagak (Lazkao, Gipuzkoa, 1960) gogorarazi duenez. Gipuzkoako Diputazioko arkeologoa da orain Urteaga, eta urteetan Oiasso museoko zuzendari izan zen, Irunen (Gipuzkoa). Erromak kontuan hartzen zituen konkistatzen zituen lurren mugak, eta artxiboetan gordetzen zuen informazio hori. Lekunberrin (Nafarroa), adibidez, mugarri publiko bat aurkitu zuten 2012an, terminus augustalis bat. Erromatarrek herrien antolakuntza errespetatzen zutela seinalatu du Urteagak. Baina orain zaila da mugak berrosatzea, eta eztabaidagai dira. Horrek ez du esan nahi herri haien artean desberdintasunik ez zenik, Urteagaren esanerako. «Erromatarrek bazekiten, baina guk, ez».
Javier Armendarizek (Iruñea, 1966) uste du herri baten izenetik hartu zutela baskoi hitza; Historiaurreko, Antzinako Historiako eta Arkeologiako irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. «Ebroren iparraldera zeuden herrientzat erabili zuten izen hori. Nondik atera zuten? Ez dakigu, baina, seguru asko, izango zen herri bat Barskunes izena zuena [baskoien txanpon batzuetan agertzen da izen hori], eta hori hartuko zuten taldea izendatzeko. Sumatuko zuten zeltiberiarrengandik diferenteak zirela». Zertan? Ez daki inork seguru esateko.
Sei talde gutxienez
Historialariek eta arkeologoek asko eztabaidatu dute autore klasikoek Burdin Aroko populazioei buruz idatzitakoen inguruan. Orain Euskal Herria den lur eremuan, erromatarrek talde hauek kokatu zituzten: akitaniarrak, Pirinioen iparraldera, Garonaraino; baskoiak, Nafarroa gehienean; barduliarrak, orain Gipuzkoa den zati batean, Urumea eta Deba ibaien artean, eta Arabako zati handi batean; karistiarrak, Deba ibaitik mendebaldera; autrigoiak, Bizkaian mendebalderago eta Burgos ipar-ekialdean; beroiak, orain Araba den lurraldearen hegoaldean eta Viana aldean. Segurutzat jotzen da beroiak zeltiberiarrak zirela, eta beste talde iberiar eta zeltiberiar batzuek baskoiekin harremana zutela, Ebroren ibarrean.
Tentuz hartu behar dira autore klasikoek egindako deskribapenak, Lanzen esanetan: «Erromatarren ikuspegitik izango litzateke, anakronismo bat eginez, XIX. mendeko Europatik Afrikari buruz hitz egingo balute bezala. Aro Berri eta Garaikideko inperio kolonialisten moduan, konkistatzen zituen lurraldeen administrazioa eta ustiapena interesatzen zitzaizkion Erromari, bertako herrien ezaugarri etnikoak bigarren mailan utzita. Horrela ulertu behar ditugu baskoiei buruzko iturri literarioak. Erromatarrentzat, bertan zegoen herri esanguratsu bat ziren baskoiak, baina nor ezkutatzen da exonimo horren atzean? Ezin dugu zehazki jakin».
Tribu, etnia, kultura, herri... Nola deitu behar zaien ere ez dago adostasunik. Edozein moduz, atzerago joan behar da erromatarren konkistaren aurreko herri horiek nola sortu ziren ikertzeko.
Neolitotik hasita
Orain dela 7.000 bat urte, Neolitoan, kobazuloak uzten, lurrak lantzen eta animaliak bezatzen hasi ziren gizakiak, eta, horrekin batera, asentatzen eta metalak lantzen. Aire zabalean, txaboletan bizitzen hasi ziren leinu batzuk, familia unitate txikiak. Duela 7.000 eta 4.000 urte arteko halako bizilekuak aurkitu dituzte Nafarroan. Ezagun da duela 7.500 bat urte Anatoliatik abiatutako migrazio oldeak Iberiar penintsulara iritsi zirela. Eta duela 4.000 bat urte, Estepa Pontikotik abiatutako beste migrazio olde bat iritsi zen; ikerketa berrienen arabera, azken horien DNAk ordezkatu egin zuen bertako gizonen DNA; ez andrazkoena.
Neolitoari Brontze Aroak jarraitu zion, eta, hori bukatu zenerako, duela 3.000 bat urte gutxi gorabehera, bizileku horietako batzuek dezenteko garapena izan zuten, protoherri gisakoak osatzeraino. Euskal Herrian, Ebro aldean aurkitu izan dira halakoak, batez ere. Brontzea erabili ohi zuten armetarako eta lanabesetarako, eta etxola borobilak eraikitzen zituzten, babes sistemarik gabe herrien inguruan, edo egurrezko zein lurrezko babes sinpleekin.
Geroago, duela 3.000 urte inguru, Europa erdialdetik Mediterraneora iritsi zen kultura berri bat, eta Ebroko ibarrean gora zabaldu zen pixkaka, orain Nafarroa den eremuraino. Errauts ontzien kultura esaten zaio, hildakoak erraustu, ontzietan sartu, eta ontzi horiek lurpean sartzeko erritua erabiltzen zutelako. Gizarte berri horrek aldaketa ekonomiko, sozial eta erlijiosoak ekarri zituen, zeramika berriak, laborantzaren eta abeltzaintzaren garapena, metalurgia garatuagoa... Brontze Aroaren amaiera izan zen hori, eta Burdin Aroaren hasiera.
Baina kultura berri horrek ez zuen DNAn arrastorik utzi, eta badirudi ez zela inbasio bat izan. Hortaz, pentsatzekoa da Brontze Aroaren bukaeratik bertan bizi ziren taldeek kultura berri hori bereganatu zutela. Teoria horren aldekoa zen Mikel Unzueta, Bizkaiko Diputazioko arkeologoa zena: kultura kapa berriak erantsiz eta nahasiz joan ziren aurreko kapekin. Hala balitz, esan nahiko luke bertako biztanleak kultura berriaren ohiturak bere eginez eta moldatuz joan zirela.
Dozenaka kastro
Burdinaren erabilerari —feniziarrek sartu zuten penintsulan— eta errauts ontzien kultura horri lotuta hasi ziren herrixka harresituak sortzen, Burdin Aroan. Salbuespenak badira, eta toki bakoitzean bere gisara eta bere ezaugarriekin garatu zen kultura hori, baina ezaugarri komun batzuk ere baziren: mendi kaskoetan edo inguruko lurrak eta bideak ongi ikusi eta kontrolatzeko moduko lekuetan, eta aise defenditzeko kokapenetan eraiki zituzten herrixka harresitu horiek.
Denborarekin, defentsa sistemak izugarri konplexuak bihurtu ziren herri batzuetan: harresi handiak —batzuetan harresi bat baino gehiago ere bai—, dorreak, zangak, ezpondak, mailak eta era guztietako sistemak eraiki zituzten herriak babesteko. Herri bakoitzak bere ingurura egokitutako defentsa sistema berezia izan ohi zuen. Kastro ere esaten ohi zaie herri gotortu horiei.
Javier Armendarizek ongi dokumentatu du Nafarroan bizilekuek eta herrixkek Kristo aurreko lehen milurtekoan izan zuten bilakaera; erreferentziazkoa da haren ikerketa, eta azaltzen du Nafarroa hegoaldera —Arguedas, Cortes, Mendabia...— «nahiko goiz» iritsi zela kultura berri hori, duela 2.800 bat urte. Nafarroan iparralderago noiz zabaldu zen, ezin da baieztatu. Ipar Euskal Herrian, berriz, Aturri ibaiaren arrotik zabaldu zen kultura hori. Ikerketa gehiago behar dira, baina ondorioa argia da: Burdin Aroarekin batera zabaldu zen herri gotortuen kultura bazter guztietara.
Horrek ez du esan nahi jende guztia kastroetan bizi zenik. Pentsatzen da baserri edo laborantza ustiategi gisakoetan ere bizi zirela jende batzuk, edo etxoletan; beharbada nomada gisa ere bai beste batzuk, eta Pirinioetan egiaztatuta dago artzain komunitateak ere bazirela. Baina Burdin Aroan herri harresituez aparte bizi zirenei buruz are informazio gutxiago dago.
Altueran ere bai
Halako herri harresituetan bizi ziren baskoiak, akitaniarrak, barduliarrak, karistiarrak, autrigoiak, beroiak, zeltiberiarrak, iberiarrak, kantabriarrak, asturiarrak... Gerora gaztelu eta muru toponimoak hartu dituzte kastro horietako batzuek. Armendarizek Brontze Aroaren bukaerako eta Burdin Aroko 261 kokaleku dokumentatu ditu Nafarroan; Araban hamasei kastro ezagutzen dira; Gipuzkoan, badira 11 behintzat; Bizkaian, bederatzi; eta Ipar Euskal Herrian, ongi datatu gabeko 76 kokaleku katalogatu dira. Baina eremu batzuetan are gutxiago ikertu da; eta induskatu, gutxiago.
Herrixka gotortu horietako asko plubiometria oneneko lekuetan kokatu zituzten, labore lur egokienen inguruetan. Baina kokapen orografiko zailagoetan eta lur ustez pobreagoak zeuden lekuetan ere agertu dira; Nafarroan, esaterako, Urrobi, Irati eta Zaraitzu ibaien inguruetan. Mila metrotik gorako garaieran daude batzuk. Irulegiko herrixka harresitua ere 893 metroko garaieran dago, eta 800 edo 900 bat urtez bizi izan zen jendea bertan, Brontze Aroaren bukaeratik Kristo aurreko I. mendera, erromatarren gerra zibilean suntsitu zuten arte.
Modu traumatikoan bukatu zen Irulegi. Baina Burdin Aroko herri gotortu asko indarkeria arrastorik gabe hustu ziren. Sertorioren gerrak bukatu eta erromatarrek eremuak konkistatu eta euren zibilizazioa ezarri ahala, hustuz joan ziren guztiak. Zazpi mende iraun zuen herri gotortuen kultura horrek. Baina oraindik ere misterioz betetako aroa da.