-I-
Zumarraga. Elizkale, 21. Oihal beltzez forratu du kutxa Kandido Txiki-k, Odriozola du grazia, txirbildutako aroztegian. Bueltan-bueltan erantsi dio txirikorda bikoitza. Puntapaxekin josi dizkio J.M.Y. hizkiak zurari. Prest da hilkutxa gorpua hartzeko. Esteban Uribesalgo, Joakin Garate, Martin Aranzadi eta Jose Javier Legorburuk daramate Zozabarro-txiki bentara, Itsasora, orga batean.
Ohe gainean aurkitu dute hilotz agurea, San Frantziskoren Ordenako abitua soinean. Gernikako arbola mitikoaren egilea. Haritz erori bat. Jose Mari Iparragirre Balerdi. Artista erromantiko madarikatuaren euskal bertsio internazionalena. 13 urterekin karlistekin gerra egitera Madrildik etorri zena; 19rekin Frantzia, Suitza, Italia, Alemania, Ingalaterra kantuka korritu zituena; Europatik itzultzean masa fenomenoa bihurtu zena; Ameriketan karrera egitera joan eta zarpailduta bueltatu zena. Ia denek, eurek ere bai, arlotetzat daukatena.
-II-
Pedro Egaña Espainiako ministro ohi gasteiztarra Madrilgo Senatuan, 1864ko ekainaren 15eko saioan, Iparragirre bardoak Gernikako arbola kantatzean jendetza belaunikatzen ikusia duela atriletik esaka: «Gazte gizajoak Montevideo aldean hila behar du». Prentsak zabal emango du hitzaldiaren berri. Prentsan irakurria izango du politikariak, akaso, Buenos Airesko El Siglo egunkarian Un chana ezizeneko batek argitaratutako albistea: «Jakin dudanez, Iparragirre La Virgenen hil zen, Soriano hiritik gertu: departamentu hartan, Santos Vega balitz bezala, trobadore errari zebilen».
Anjelaren erditze hasperenak, Montevideoko etxean; sortu duen bigarren umea badator mundura. Oritza esne lodi bihurtu berri abiatuko da emakumea hiriburutik landa eremura, jaioberria, seme nagusia eta Jose Mari senarra ondoan dituela. Mercedesen bataiatuko dute ninia, irailaren 30ean: Francisca Antonia Iparragirre Kerexeta. Pedro Egañaren Madrilgo hitzaldiaren oihartzunik ez da heldu Uruguaiko bazter horietara. Montevideora heldua izango da agian, baina bardoari eta familiari bukatuak zaizkie hiriburuko ibilerak. Nahikoa lan badute pantailan ageri den artaldea gobernatzen. Horixe dute ogibide berria.
-III-
Esku bat, kandela argitan, idazten. «Zaldi gainean nabil egunez, zelai amaigabe eta bizigabe hauetan; gauez, berriz, bi pistola ohe buruko ditudala etzaten naiz, gerran bageunde bezala. Emaztea ere iskiluak erabiltzeko pronto da, behar izanez gero, lurralde honetan arrisku gehiago baitago andreentzat gizonentzat baino. [...] Bada urte eta erdi gerra zibil baten erdian gaudela», off-eko ahotsak. 1865eko urtarrilean Iparragirrek Uruguaitik Lersundi jeneral karlistari bidalitako gutunaren pasarteak dira.
Beste eskutitz bat: 1871ko otsailaren 20an idatzia da; Bilbora bidali du, Antonio Trueba idazleak jaso dezan: «Gutun honek ezustetxo bat sor diezazuke, nire heriotzaren albistea sinetsi dutenen saldokoa izango zarelako, baina esan dezakezue (andaluzarenak eta nire atseginekoak eginez) hila ez zegoela akabatuta».
Orgaren karranka Itsasotik Urretxuranzko bidea hartzean, hilkutxako J.M.Y. lehen planoan. Negarrez doa norbait.
-IV-
Ezkil hotsak apaltzen, Riegoren ereserkia ozentzen, txapel gorri zartatuak lurrean. 1876aren hasiera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foruak indargabetuko dituzte udan, karlistek beren bigarren gerra galdu ostean; Gernikako arbola kanta debekatu dute. Iparragirrek hilik segitzen du euskal herritar gehienentzat. 1876ko irailaren 16ra arte. Egun horretako Madrilgo La Paz egunkarian, Iparragirre titulupean, «Bizi da oraino!» eman dute albistea.
Gizon bat Uruguaiko ordokietan lasterka, egunkari bat morralean, Iparragirre zahartuaren bila. Buenos Airesko El Correo Español-en urriaren 28ko zenbakia dakarkio. La Paz-ek hilabete eta erdi lehenago emandako albistearen errepika bertan: bardoa bizirik dela, Uruguain. Hunkituta, Enrique Romero Jimenez El Correo Español-eko zuzendariari gutuna idatzi dio musikariak, Ameriketako bere ibilerak kontatzeko; larri dabilela, sorterrira itzuli nahi duela esateko.
Errotatiben errota hasi da jiraka: 1876ko azaroaren 5ean argitaratu dute mitoaren gutuna. Iparragirre Babesteko Batzordea sustatuko dute, Romero Jimenezen ekimenez, artistaren etorrera txartela ordaintzeko dirua biltzeko. Atlantikoaren honanzko aldean, Ricardo Becerro de Bengoa gasteiztarrak ere kanpaina abiatuko du, prentsaren bitartez, Iparragirrek hil arteko pentsioa lor dezan Euskal Herrira itzulitakoan.
Hil-orga bere bidean, bost pertsonaren oinek lurra eta harriak zapalduz gurpil arrastoa ezabatzen duten bitartean. Negarrez jarraitzen du bostetako batek.
-V-
Mercedes, 1877ko uda erdialdean. Iparragirre-Kerexeta sendia geldi-geldi estudio batean, kamerari begira arroparik dotoreenak soinean, argazkilariak atzera mugi daitezkeela esan artean.
Buenos Aires, abuztuaren 19an; Iparragirre bakarrik dator Europara. Gitarra berria erosiko du berehala, Salvador Ramirezen Progreso Argentino fabrikan.
Gironde ontziak dakar bardoa, Ameriketara emigratutako euskaldunen artean bildutako 44.167 peso patrikan dituela. Irailaren 24an abiatu da Buenos Airesetik, Donostian da urriaren 24an. Jendetza mitoaren zain tren geltokian. Adats harro eta luzeko kantari erraldoi bat espero dute denek; gorputz abailduko, buru soilduko eta ahots apalduko zahar bat datorkie. Negarrari emango zaio musikaria, etorri berritan bere omenez antolatuko dituzten ekitaldi ia guztietan. Badaki txingar mendre bat besterik ez duela eskaintzeko barne sua hauspotuko dien boza espero duten entzuleei. Saiatuko da, hala ere, musikatik bizitzen, irauten.
-VI-
Beste ardo bat eskatu du zaharrak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioek esleitu dioten pentsioa kobratu berri du, lehen aldiz. 110 pezeta. Bi urte badira ia eskean dabilela, gero eta baztertuago sentitzeko prozesuan sartua dela, eta diruak erre egiten dizkio patrikak, 1880ko uztailean. «Garai ederrean!», dio bere golkorako. Dagoeneko badaki Anjela emazteak utzi diola bere zain egoteari; beste gizon bat duela ondoan; haur txiki bat izan duela harekin Uruguain. «Gure umeren bat ekartzea lortuko banu, sikiera!».
Gitarraren ahoa pantaila betez. «Astuna duk gero!», dio norbaitek. Planoa zabaltzen da, pixkanaka. Iltzetik zintzilik gitarra; gitarra ondoan ohea; ohe gainean gorpu gitarra jolea. 61 urte betetzera iritsi ez den haritz zaharbera. Biren artean altxatu dute, hilkutxan sartzeko. Apaizak paternosterra errezatzen bukatu arte ez dute kutxa igo orgara, lauen artean. Orga ondoan, burumakur, negarrari eutsi ezinean dagoen gizon bat. Jose Zubiria da, Iparragirrek bere hondar emanaldietan kide izan duen musikaria. Hitz erdirik esan gabe abiatu dira bostak, lau lasai eta bosgarrena ezgai, orgaren bi gurpilak bira eta karrank.
-VII-
Gutuna heldu zaio Anjela Kerexetari Mercedesko etxera. Donostiako aurrezki kutxatik bidali diote, Euskal Herritik, 1881eko apirilaren 6an Itsason hildako Jose Mari Iparragirre Balerdiren 6.000tik gora errealak bereak direla esanez, zenduak hala nahita.
J.M.Y. hizkiak lehen planoan. Off-eko ahotsa: «Hilberriarentzako segizioa baino jendetsuagoa izan da mitoaren segida gaur arte. Hagiografiak zein laido testuak, kantuak, monografiak, opera bat, pastorala, antzezlanak, narrazioak, komikiak, diskoak, erakusketak... denetarik sortuko da haren bizitza abiapuntu hartuta. Filmik ez. Hamaika eszena gogoangarriren protagonista izanik ere. Eta filmik ez. Oraingoz».
Pantaila beltzera.
Amaitu da trailerra.
Bihar: Gidoia.
UDAKO SERIEA. Iparragirre. Mito bat tiraderan (I). Trailerra.
Haritz erori bat
Soldadu, musikari poeta, bohemio, erbesteratu, artzain, erromantiko peto. Mito bat. 'Gernikako arbola' kantaren sortzailea baino gehiago. Jose Mari Iparragirre (1820-1881). Jaio zela bi mende asteon. Hari buruzko film bat iragarria zuten negurako, baina tiraderan geratu da proiektua; ez da hala gertatzen den lehena. Tiradera hori zabaltzeko eta mitoa egurasteko saio bat da sail hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu