BAKARRIZKETA

Yatetzar ehizan itsas zabalean

ALI BALLI / EFE.
joxerra senar
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
1. Ea. Zer gertatzen ari da oligarken yateekin? Europako Batasuneko, Erresuma Batuko, Kanadako eta AEBetako gobernuek zigor ekonomiko gisa Errusiako oligarken ondasunak bahitzeko agindu dute; tartean jauregiak eta, nola ez, yateak.

2. Amorragarriki aberatsak izateaz gain, zer erru dute oligarka gajoek, bada? Gajoak? Gehienak azkar aberastu ziren Sobietar Batasuna eraitsi osteko Errusia hartako pribatizazioetan. Putinen boterearen zutarri ekonomiko nagusiak dira, haren botere politikoa ez dutelako auzitan jartzen. Egia da mendebaldean halakoei oligarka ordez ekintzaile, negozioburu deitzen zaiela; gehienei, negozio gizon .

3. Zenbat yate bahitu dizkiete gobernuek? Ez dago kopuru argirik, baina Europan 30etik gora dira. Espainian, Frantzian, Alemanian,Erresuma Batuan, Italian... Ehiztari nagusia Finlandia bizilaguna da: luxuzko 21 yate bahitu ditu badaezpada ere.

4. Badaezpada ere diozu... Ez al dakite norenak diren? Ez da hain erraza. Oligarken edo Putinen gertukoenak direla uste dute, baina ontzietako asko jabearen izena estali ohi duten enpresen eskuetan daude. Ihesean ateratzeko arriskua dago gainera. Adibidez, inbasioa hasi baino bi aste lehenago Graceful ontziak Hanburgo (Alemania) utzi zuen, eta Kaliningradorantz zuzendu zen. Zenbaitek diote Putinen yatea dela, nahiz eta, beste iturri batzuen arabera, Putinen ontzia Xerezade den. Ihesean atera den beste ontzi bat Bartzelonako portuan ainguratuta zegoen Galactica Super Nova da. 75 milioi euroko prezioan salgai zegoen. Lukov petrolio taldeko presidente Vagit Alekperov da jabea. Inbasioaren biharamunean, kapitainak asteburuan irteteko agindua eman zuen. Martxoaren 8an, Bartzelona utzi zuen 140 metro luzerako Solaris-ek ere.

5. Graceful, Xerezade, Solaris... A zer izenak! Azken hori ez al da Stanislaw Lem idazlearen eleberri bat? Bai, akaso eleberria edo Andrei Tarkovskiren filma oso gustuko du Roman Abramovitx jabeak. Badira izen bitxi gehiago. Bahitutako ontzien artean dira Axioma,Amore Vero,Lena, Ragnaredo Lady M.

6. Yateak dira, ala yatetzarrak? Yatetzarrak, baita akaso tsarren yateak ere, haien megalomaniaren adierazletzat jo daitezkeelako. Askok heliportua, eskifaia iraunkorra eta igerilekua dituzte, eta baten batek itsapekoa ere bai. Kalkulatzen da 7.000 tona CO2 isurtzen dutela urtean. Ontzien izenak handinahi hori islatu nahi du.

7. Ba al da oligarkentzako paradisurik? Horietako bat da Turkia, NATOko kidea. Han ditu Abramovitxek Solaris eta 630 milioi euroko balioa duen Eclipse. Halaber, Dubaira eraman zuen Boeing 787 hegazkina. Dubain du ere Quantum Blue ontzia beste oligarka batek.

8. Eta nola doa ehiza?

Yateen bila ari dira mendebaldean, eta presioa handitzen. Adibidez, asteon jakin da Antiguan beste bi yate dituela Abramovitxek. Hango gobernua informazioa emateko uzkur zegoen hasieran baina baieztatu du kokapena. Erresuma Batua prest da oligarken yateei babesa ematen dieten portuetako enpresa kudeatzaileak zigortzeko.

9. Zein da ehizarako arma?

Kontuz ibil daitezke zer jartzen duten Instagramen eta sare sozialetan, yateen kokapenari buruzko iturri nagusia baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.