2022. urtean Cymdeithas yr Iaith Gymraeg Galesko Hizkuntza Elkartearen 60. urteurrena betetzen da. Izenak hizkuntzalaritza historikoaren zaleen elkarte bat dela iradoki arren, galesaren aldeko presio taldea da. Orduko gazteek sortu zuten, 60. hamarkadako gazte kultura erradikalak zipriztinduta eta boterea euren eskuetan hartu eta egoera astindu nahian, eta gerora motzean Cymdeithas (elkartea) izenez ezagutu izan da. Sei hamarkada geroago, indartsu dirau, Galesko politikaren moldeak eta hizkuntzaren patua aldatu ostean.
1962ko otsailaren 13an, BBC irratian Tynged yr Iaith (hizkuntzaren patua) izenburuko hitzaldia eman zuenean, Saunders Lewis (1893-1985) galesaren akademiko, literaturagile eta aktibista galestarrak hautsak harrotu zituen, eta Cymdeithasen sorreraren haziak erein. Lewisek argi zuen galesaren patua: «Galesa XXI. mendearen hasieran hizkuntza bizi gisa amaitu egingo da, egungo joerei jarraituz gero». Baina, era berean, ausart eta anbiguotasunik gabe baieztatu zuen: «Fe ellir achub y Gymraeg (gales hizkuntza salba daiteke)»; eta «Mae'r iaith yn bwysicach na hunan-lywodraeth (autogobernua baino garrantzitsuagoa da hizkuntza)».
Handik sei hilabetera, 1962ko abuztuaren 4an, gazte batzuek Cymdeithas yr Iaith Gymraeg sortu zuten, eta beste lekuetako eskubide zibil bakezaleen mugimenduetan inspiratutako indarkeriarik gabeko ekintzak eta desobedientzia zibileko kanpainak planifikatu; bidean, atxiloketak eta espetxeratzeak izan ziren. Mugarria 1963ko otsaileko protesta bat izan zen: Aberystwyth hiriko Trefechan zubia blokeatu zuten, hango posta bulegoa gales hizkuntzaren ofizialtasuna eskatzen zuten kartelez josi ostean. Ikasleak eta gazteak errepidean eserita, trafikoa blokeatzen, Polizia eta argazkilariak bertaratzen: Lewisen hizkuntza iraultza hasia zen.
Hurrengo hamarkadetan, galesaren ofizialtasuna esparru denetara hedatzeko kanpainak giltzarri izan ziren Cymdeithasentzat: nazioartean ezagunena, gales hizkuntzako telebista katea ezartzeko ahaleginak. Arrakastak ere etorri ziren: gales hizkuntzaren hiru lege (1967, 1993, 2010), komunikabideen legeak (1980/1981) eta 1995eko Hezkuntza Legea.
Cymdeithasek bere ideologia propioa garatu zuen, bi osagaitan oinarrituta: indarkeriarik gabeko ekintza zuzeneko desobedientzia zibila, y Dull Didrais (hitzez hitz, metodo ez-biolentoa); eta Cymdeithasiaeth (komunitatean oinarritutako ezkerreko ikuspegia). Honela, Cymdeithasek ezkerreko beste mugimendu batzuekin bat egingo zuen Margaret Thatcherren garaian; adibidez, Meatzarien Batasun Nazionalarekin 1984-1985eko greban, edo nuklearren eta apartheidaren aurkako nazioarteko kanpainetan, Nikaraguaren aldekoetan, eta abar.
Besteekin harremanetan
Era berean, beste hizkuntza gutxitu batzuetako taldeekin harremanak estutu zituen. Harremanik emankorrenak Irlanda, Katalunia eta Euskal Herriko mugimenduekin garatu ditu. Cymdeithasek, Kontseiluan inspiratuta, hizkuntzaren alde lan egiten duten mugimenduek osatutako Gales osoko partzuergoaren sorrera bultzatu zuen: Mudiadau Dathlu'r Gymraeg. Bere kanpainetan kontzeptu eta lelo hauek txertatu zituen: Ie i'r Gymraeg (Bai galesari) eta Dw i eisiau byw yn Gymraeg (Galesez bizi nahi dut), guztiak euskararen aldeko mugimendutik mailegatutakoak. Hizkuntza gutxituen egoera juridikoaren eta normalizazio prozesuen ezagutzan sakontzen jarraitu zuen, eta horrek etxean egin behar zituen analisi eta kanpainetan lagundu zion.
Egun Galesko hizkuntza politikan funtsezkoak diren elementu asko Cymdeithasen ideiak eta kanpainak izan dira, baina denboraren poderioz alderdi politikoek onartu, egokitu eta instituzionalizatu egin dituzte. Adibide garbiena oraingo Galesko Gobernuaren egitasmo bat da, milioi bat gales hiztun lortzeko helburua duena.
1980tik aurrera, Cymdeithasen kanpaina luzeenetako bat agenda eta politika neoliberalei aurre egiteko Deddf Eiddo [Jabetza Legea] izan da. Ikuspegi hau ia Galesera mugatu zen hamarkadetan. Europako beste hizkuntza gutxituetako mugimenduek oraindik plangintza proiektuek hizkuntzan izan zezaketen eraginaren azterketak garatzen ez zituzten bitartean, Galesen Nid yw Cymru ar Werth leloa (Gales ez dago salgai) hormetan margotu, protestetan oihukatu, kamisetetan jantzi eta abestietan errepikatu da.
Lorpen handiak izan dira esparru askotan sei hamarkadatan, eta lorpenik handiena Cymdeithasen iraunkortasuna bera da. Ikasleek gidatutako mugimendu gisa hasi zen, eta adin eta jatorri ezberdinetako gizon eta emakumeen belaunaldiak bildu ditu: Dinasyddiaeth Gymraeg i bawb lelopean (Galesko hiritartasuna guztiontzat). Cymdeithaseko aktibistek, botere globalen aurrean, benetan aldatu dute hizkuntzaren patua, baina, aktibista guztiek dakiten bezala, mae'r frwydr yn parhau; alegia, borroka ez da bukatu.
Egileak nazioagintza.eus webgunerako egin zuen erreportaje hau.
60 urteko borroka galesaren alde
Sei hamarkada igaro dira galesaren aldeko Cymdeithas elkartea sortu zutenetik. Indartsu dirau oraindik ere, eta erabakigarria izan da Galesko politikaren moldeak eta hizkuntzaren patua aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu