BAKARRIZKETA

Dragoiaren bolak zikoinen aurka

Lituaniako Gobernuko ordezkari bat, Taiwango presidentearekin. EFE.
Iker Aranburu.
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
1. Ez esan ETB3 berriro hasiko dela Dragoi Bola ematen? Abisatu UPNkoei, agian zukua atera diezaiokete berri horri, Dragoi Bola ez baita preseski bakea eta maitasuna zabaltzen duen programa bat... Egia esan, ez dut ETB3ko programazioa ezagutzen. Itxaron pixka bat...Bada, ez, lehen begiratu batean Nafarroako haurrek ez dute doktrina euskarazko Dragoi Bolaren eskutik jasoko. Baina ez dezadan haria galdu: ez, ez naiz marrazki bizidunei buruz ari, bizidunen arteko gatazkei buruz baizik.

2. Orduan, dragoia Txina izango da, baina zikoina? Zikoina Lituania da, zehatzago esateko, zikoina zuria, hura baita Baltikoko herrialde horretako animalia nazionala.

3. Ez nekien herrialdeek animalia nazionalak zituztenik, baina tira, ez al da gatazka desorekatua? Dragoi bat zikoina baten aurka? Horixe baietz, baina Txinako dragoiari ez dio asko axola arerioaren neurriak, azken finean beste guztiak baino handiagoa baita, eta haren neurrikoekin ere gatazkak hasteko arazo handirik ez du izan. Kasu honetan, Txina Lituania halako 147 da azaleran, halako 500 biztanlerian, eta halako 301 BPGaren neurrian.

4. Eta zer arazo du Txina handiak Lituania txikiarekin? Lituaniako Gobernuak merkataritza harremanak sakondu nahi ditu Taiwanekin, eta, horregatik, taiwandarrek negozioak errazteko bulego bat ireki dute Vilniusen, eta lituaniarrek Taipein. Bekatu mortala da hori Pekingo agintarien begietara, ez baitute onartzen Taiwan beste estatu bat denik, haien probintzia bat baizik.

5. Dragoiaren irudia berreskuratuta, nolako bolak bota dizkio zikoinari? Lituaniako produktuei Txinako merkatua itxita. Baina modu sasi ezkutuan egin du, atzeko atetik. Lehenik, abenduaren 1ean, Lituaniaren izena desagertu zen Txinaren aduanetako zerrendetatik, eta horren ondorioz konpainia esportatzaileek ezin zituzten bete sarrera agiriak. Handik astebetera, izena berriro agertu zen zerrendan, baina, programa informatikoek «akats bat» zegoela esaten zutenez, ondorioa bera da: ezin dute esportatu. Lituaniako konpainiek ez ezik, hango osagaiak dituzten Alemaniako, Frantziako eta Europako Batasuneko beste herrialde batzuetako enpresek ere zailtasunak izan dituzte Txinara iristeko. Eta Txinako enpresa batzuk hasi dira Lituaniako produktuak erosteari uzten.

6. Europako Batasunak zerbait egin beharko du, ezta? Protesta egin du, baina, badakizu, hortz kamutseko animalia da Europa zaharra. Iragarri du MME Munduko Merkataritza Erakundera joko duela.

7. Ez dirudi horrek Pekin asko beldurtuko duenik. Ez. Batetik, bere kasua aurkezteko denbora beharko du EBk, eta, gainera, epaia iristerako hainbat urte igaro daitezke. Gainera, bada beste arazo bat: Txinako Gobernuak ez du onartzen Lituaniaren aurkako boikot bat hasi duenik.Baltikoko herrialdearen aurkako borroka oraingoz bere menpeko hedabideen esku utzi du. Esaterako, China Daily egunkari ofizialistak interesa azaldu berri du Lituania eta Bielorrusiako mugan dauden migratzaileen inguruan, eta egunkari horrek berak zera esan du Lituaniari buruz: «Sagu bat da, agian arkakuso bat borrokan ari diren elefanteen hanken azpian». Ikusten denez, animalia asko daude gatazka honetan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.