Garikoitz Telleria. Irizarreko Energia eta Hiri Mugikortasuneko zuzendaria

«Baliteke eskaera olde bat heltzea; prestatzen hasiak gara»

Energiaren, lehengaien eta osagaien garestitzea eta gabezia «eragin handia» izaten ari da Irizarren, baina jarduerari eustea lortu du, eta «hazkundea» espero du aurten.

JON URBE / FOKU.
xabier martin
Aduna
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Jarduera betean da Irizarrek Adunan (Gipuzkoa) duen fabrika. Irizar eMobilityren showroom-ean bi gortina handi zabaldu dira, eta kolore askotako autobusetan beharrean ikus daitezke langileak beheko solairu erraldoian. Garikoitz Telleria (Ordizia, Gipuzkoa, 1972) Irizarreko Energia burua patxadaz hasi da plantan zer abagunetan dauden azaltzen.

Susperraldiaren urtea behar zuena ekaitz perfektu baten mende dago. Nola eragiten dio Irizarri energiaren eta lehengaien garestitzeak eta urritasunak?

Eragin zuzena eta handia dauka guretzat ere. Lehengaien krisia, prezioak eta gabezia direla eta, oraingo krisi energetikoaren aurretik iritsi zitzaigun. Urtebez ari gara sufritzen hori. Burdina, aluminioa eta kobrea oso beharrezkoak ditugu, baita bateriak egiteko nikela eta beste gai batzuk ere; zer esanik ez semieroaleak. Krisi horrek okerrera egin du, baina, jarduera ez gelditzeko gai izan gara. Egia da gauza bat: noiz edo noiz erabaki garrantzitsuren bat hartzeko zorian egon gara. Arrisku une horiek errepika daitezkeela badakigu, gainera, krisi honek luze jotzen badu.

Epe jakinetan eman beharko dituzue autobusak. Horrek ere presioa handituko du, noski?

Bai, erabat estutzen gaitu. Gure eskuetan dagoen guztia eta ez dagoena ere egiten gabiltza ibilgailuak garaiz entregatzeko. Guk ez baitugu stockeko unitaterik: dena enkarguz egiten dugu.

Inflazioa %10 inguruan dago. Osagaien garestitze hori azken produktura eraman duzue, eta autobusak garestitu?

Tamalez, ezin dugu horrelakorik egin. Kontratuan datoz baldintza jakinak, eta lehiaketa publikoetan ez dago ezer aldatzeko modurik, gainera. Egoera ez da erraza, eta bezeroengana bazoaz tarifa garestitu behar duzula esatera, esango dizu berak ere ezin duela garestitu autobus txartela.

Irizar kooperatiba bat izateak lagundu du jarduerari eusten?

Bai, Irizar kooperatiba izateak laguntzen du, baina baita kudeaketa eta komunikazio eredu zehatz batek ere. Antolakuntza horizontala izateak laguntzen digu arazoei hobeto erantzuten.

Bi urte joan dira pandemia betean. Nola pasatu du olatu hori Irizar eMobilityk?

Urte zailak izan dira, baina eMobilityn ez dugu eragin hain handia izan. Elektromugikortasuna hastapenean dago, eta deskarbonizazioa ez du hainbeste baldintzatu pandemiak. Autobus elektrikoen iraultzari eutsi egin zaio eta eskaerak ugaldu egin dira. Mugikortasuna hiri barrukotik hasita berreskuratu da, eta horrek lagundu egin gaitu Adunan.

Autobus elektrikoen eskaerak handitu egin zaizkizue; merkatu horretan lortutako posizioonari etekina ateratzen ari zaretelako orain?

Guk, egia da, aurreikusi genuen elektromugikortasunean egongo zela hazkunde handi bat, eta prestatu ginen horretarako. Lehenengoetakoak izan gara Europan zero igorpeneko autobusak ekoizten, eta gure neurria hazi da merkatuan izan dugun hazkundearekin batera. Orain, Europako funtsen harira, litekeena da eskaeren oldebat iristea, eta horretarako prest gaude.

Energiaren krisiak elektromugikortasuna azkartu edo moteldu egingo du?

Zaila da aurreikustea. Egoera oso aldakorra da. Ez dago harrituko gaituen agertokirik, orain. Estrategia sendo baten oinarriak ukituko ote dituen honek? Ez dakigu, baina ez dirudi, 2030erako lortu beharko baikenuke Europan zero igorpeneko mugikortasunerako jauzia.

Irizar goiz iritsi da elektromugikortasunera, baina baditu jada lehiakide batzuk, ezta?

Bai, Europan badira zazpi-hamar bat autobus elektrikoak egiten, eta haiekin lehiatu behar dugu. Badira Belgikan, Frantzian, Portugalen, Herbehereetan, Alemanian, Suitzan, Italian, Poloniaren eta Beasainen erdibidean beste bat...

Eta, hala ere, ehunka ibilgailu egiten ari zarete. Adunako fabrika handitu beharko duzue?

Epe ertainera, espero genuen eskaintza bolumenari erantzuteko gai da. Merkatua hazten den heinean, barne hazkunde bati esker,Irizar eMobilitity gai izango da ekoizpen jakin bat bermatzeko.

Enplegua handitu duzue azken urteotan?

Bai, hazkunde handia izaten ari da lantaldea. Jadanik 275 gara, eta laster 300era iritsiko gara.

Irizar taldean eMobility gero eta pisu handiagoa izaten ari da orduan?

Bai, horrela da, eta etorkizunean erreferentzia are argiagoa izango da, baina ezin dugu ahaztu start-up bat garela oraindik ere.

Kamioien merkatuan ere ari zarete unitate batzuk sailean egiten. Kontratu berririk egongo da laster?

Bai. Europako funtsen harira, lehiaketa batzuk badira martxan, Espainian eta Frantzian, eta baikorrak gara. Bartzelonatik beste bi kamioi eskatuko dizkigutela uste dugu, eta beste lehiaketa batzuetan irabaziko dugula ere aurreikusi dugu.

Zaborra jasotzeko kamioiez ari zara?

Bai, gehienbat. Espainiatik, Frantziatik, Suitzatik eta Alemaniatik hel daitezke eskaerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.