BAKARRIZKETA

Hiltegitik pasatu gabeko haragi xerra bat, mesedez

MOSA MEAT / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
1. Baina, zer? Nola da posible animaliarik sakrifikatu gabe haragia jatea! Lasai, txantxa bat da. Hala ere, uste baino lehenago ikusiko duzu saltoki eta jatetxeetan. Dagoeneko errealitate bat dalaborategietan ereindako haragia edo in vitro okela deiturikoa, eta, diotenez, hamarkada honetan merkaturatzen hasiko dira.

2. Pilulen bidez elikatzen amaituko dugu! Ez dira pilulak. Animalia baten ama zelulak erabilita lortzen da, benetakoa da. Alde batetik, muskulu zelulak bereizten dira, eta, bestetik, koipe zelulak, eta biorreaktore batean hazten dira, haragia lortu arte.

3. Nolakoa den, hori beste kontu bat da. Gutxi batzuek baino ez dute probatu, eta, konfidentzialtasun klausulak tarteko, ez dute iritzirik eman. Printzipioz, teknologia horrek ia mota guztietako produktuak egiteko aukera eman dezake, nahiz eta orain arte barietate mugatua izan. 2013an lehen txahal hanburgesa aurkeztu zenetik, beste produktu batzuk garatu dituzte: hala nola txahal mokadutxoak eta xerrak, oilasko kurruskatua... Behi, txerri eta indioilar saltxitxak ere badaude, eta Euskal Herrian eginak, gainera.

4. Bai, eta euskal labelarekin, ezta? Iritsiko da hori ere; zeinek daki. Horretan ari dira Donostiako Biotech Foods enpresan. Erreferenteetako bat da nazioartean, eta diru asko lortzen ari da, Europako erakundeetatik bereziki. Aste honetan jakinarazi du Brasilgo JBS, munduko proteina ekoizlerik handiena, izango dela aurrerantzean bere akziodun nagusia, eta hark jarritako 36 milioi euroekin ekoizpen planta bat irekiko duela, Europako handienetako bat, Donostian bertan. Elikadurako multinazionalek interes handia dute: Nestlek, esaterako. Eta Europan eta AEBetan sortzen ari dira enpresa gehienak.

5. Baina legezkoa da merkaturatzea? Europan, ez. Etiketen eztabaida argitu behar da, landare jatorriko ordezkoekin gertatu den bezala. Estatu batzuetan debekatuta zegoen xerra, saltxitxa eta hanburgesa deitzea, edo jogurta, esnea eta esne gaina. Baina EBk, luze eztabaidatu ondoren, baimendu egin du.

6. Izenak bainoago, izanak sor ditzake kezka gehiago. Egia da Europako kontsumitzaileak eta erakundeak elikagaietan bioteknologia erabiltzearen aurkakoak izan direla historikoki. Ia ezinezkoa da genetikoki eraldatutako produktuak merkaturatzea, baina hori ere aldatzen ari da. Singapurren eta Israelen legezkoa da iaztik, eta jatetxe bana ireki dituzte, proba modura. Dena den, zalantza asko daude, ez baitakite halako produktuen kontsumoak zer albo ondorio sor ditzakeen, osasunekoak bereziki, eta bestelakoak ere bai: kulturalak, ekonomikoak...

7. Baina errentagarria bada, aurrera. Elikadura beharrak eta gosea modu jasangarriago batean arintzeko aukera gisa aurkeztu da haragi mota hau. Dena den, kontuan hartu beharko da modu masiboan ekoizteak ondorio larriak izan ditzakeela landa eremuetako ekonomietan. Gainera, ikusteko dago zein neurritan den dioten bezain jasangarria, biorreaktoreen erabilera dela eta. Eta prezioa: hasieran produktu garestia izango da. Egun, abeltzaintza intentsiboko animalien metano isuriak daude jopuntuan, baina munduko pertsona askok beste aukerarik ez dute horrela ekoitzitako haragi merkea erostea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.