Iker Aranburu.
BAKARRIZKETA

Bila ezazu Googlen: nola eskatu behar da barkamena?

2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
1. Hara, barkamena eskatzera ohituta ez dagoen batek tresna orojakilearen laguntza behar izan du. Ez al da Donald Trump izango, azken egunotan eman duen ikuskizun negargarriarengatik? Tira, behin eskatzen hasita, azken lauzpabost urteotan bere ahotik eta Twitter kontutik bota dituenengatik eskatu beharko luke horrek barkamena. Baina ez, kostatuko zaigu hark ezerengatik barkamena eskatzea.

2. Orduan geure agintariak izango dira, osasun sistema nahikoa ez prestatzeagatikpandemiaren bigarren olaturako... Hori ere izan zitekeen, baina ez da.

3. Zein izan da, orduan, barkamena eskatu behar izan duena? Google bera. Bai, AEBetako konpainia boteretsu eta ahalguztidunak hanka-sartze bat aitortu eta barkamena eskatu behar izan du.

4. Nori, baina? Thierry Breton Europako Batzordeko Barne Merkatuko komisarioari (irudian). Kontua da Googleren barne dokumentu batek aholkatu zuela Bretoni «kontraeraso» egitea eta, AEBetako Gobernuaren laguntzarekin, hark dituen babesak ahultzea. Frantziako Le Point astekariak eman zuen agiriaren berri, eta iskanbila sortu zuen. Ostegunean, Sundar Pichai Alphabet enpresako buruak —harena da Google— Bretoni deitu eta barkamena eskatu zion. Ziurtatu zion berak ez zuela ikusi barne agiri hori, eta, edonola ere, Alphabetek ez dituela agintari publikoen aurkako eraso pertsonalak egiten. «Google ez da hori». Gainera, aurrerantzean EBrekiko harremanak bere gain hartu zituen Pichaik.

5. Eta zer arazo du Googleko jendeak Bretonekin? Hura dagoela lehen lerroan Europako Batzordeak Interneteko enpresa erraldoiak arautzeko daraman borrokan. Abenduaren hasierarako espero dira Bruselaren proposamenak, eta Googlek ez du ezer onik espero beretzat.

6. Zer dela eta? Europako Batzordeak uste du Interneteko konpainiek beren irabazi ekonomikoari soilik erreparatzen diotela, eta informazio faltsuak eta legez kanpoko edukiak baimentzen dituztela. Gainera, monopolioei aurre egiteko eta enpresa txikiei lekua egiteko, Zerbitzu Digitalen Arauak nahi du konpainia nagusiek zenbait datu lehiakideei eta arautzaileei ematea. «Internetek ezin du Mendebalde Basatia izan; arau garbiak eta gardenak behar ditugu, ingurumari ulergarri bat, eta eskubideak eta betebeharrak orekatzea», azaldu zion Bretonek berak Prichairi.

7. Googleren aurkako arau bat dirudi horrek... Hala da neurri batean, Brusela oso kezkatuta dagoelako lortu duen boterearekin. Hori mugatu nahian, azken hiru urteetan 8.250 milioi euroren isunak ezarri dizkio Googleri, hiru auzitan: bere erosketa zerbitzu digitala hobesteagatik bere bilaketetan, Androidsistema operatiboan Google-Alphabeten produktuei lehentasuna emateagatik, eta iragarki politikarengatik.

8. Normala da orduan AEBen babesa eskatzea. Egia da Donald Trumpekin, bederen, Washingtonek ez duela begi onez ikusten Bruselak bere konpainia teknologikoak mugatu nahi izatea; baina, aldi berean, neurriak hartu nahi ditu berak ere. Urriaren hasieran, Googleren aurkako ikerketa bat zabaldu zuen, lehiakideak baztertzeagatik .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.