UDAKO SERIEA. Frantzia eta nazioen errealitate politikoak (I). Deszentralizazioa.

Eskumen gehiago: zenbat eta noiz?

Frantziako lehen ministro berria eskualdeen autonomia handitzearen alde agertu da, baina Macronen orain arteko pausoek zalantzak piztu dituzte asmo horren inguruan.

Castex Frantziako lehen ministroa —atzean—, eta Macron presidentea. EFE.
ander perez zala
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Inguruan dituen ia bizilagun guztiek egitura politiko deszentralizatuak dituzte: Espainiak, Portugalek, Italiak, Alemaniak, Suitzak, Belgikak eta Erresuma Batuak, batzuk aipatzearren. Europa mendebaldeko estatuen artean, Frantzia kasu bakan bat da: estatu oso zentralizatua da, eta ez du eskualdeei eskumen handirik emateko ohiturarik izan. Eta, ohiturei jarraitzearren, badirudi Paris egun ere ez dagoela horretan asko sakontzeko prest: Emmanuel Macron presidentea prest agertu zen, 2017ko presidentetzarako hauteskundeen kanpainan, Eliseoa deszentralizatu eta lurralde kolektibitateei euren burua gobernatzeko tresna batzuk emateko, baina, hiru urteren ostean, ez da halakorik gertatu, eta ez dirudi halakorik gertatuko denik, horri buruzko hainbat adierazpen egin dituzten arren.

Frantziako eskualdeetako eta departamenduetako agintariek itxaropen puntu bat zuten jarria Macronek hilaren 14ko Errepublikaren Egunean eman behar zuen elkarrizketan, hitzordu hori baliatuko zuelakoan auzi horren inguruko neurriak iragartzeko. Estatuburuak, ordea, ez zien «deszentralizazio» hitza aipatu parean zituen bi kazetariei, eta kameraren beste aldean zeuden milioika ikusleei; oraingoz, uztail hasieran adierazi zuena kontuan hartuz gero, Frantziako presidentea zera egiteko prest dago: «diferentziazio handiagoa» onartzeko eta auziaren inguruko «esperimentazioak errazteko».

Adierazpen horiek praktikan zer eragin izango duten, Macronek oraindik ez du zantzurik eman. Hori bai, argitua du ez direla «erreforma instituzional handiak» izango, baizik eta «neurri zehatzagoak, bakoitzaren kasuaren araberakoak». Koronabirusak sorturiko krisiaren harira, herrialdeko estatuburuak onartu egin zuen estatua zentralizatuegia zela eta eskualdeei «baliabide batzuk» ematearen aldekoa zela: «Estatuaren eta gure ekintzen antolaketa era sakonean aldatu behar da. Dena ezin da beti Parisen erabaki». Baina gaiari buruzko argitasun faltak eta urteotako esperientziak zalantzak sortu ditu; une batean, erakundeak deszentralizatzeko beharraz aritzen da, eta, bestean, hori egitearen alde agertzen da, baina aldaketa sakonik aurkeztu gabe.

Neurri zehatz bakarra udarako agindu duen «lurraldeen konferentzia handia» da. Horretan ere zehaztasun falta da nagusi, ez baitu ez datarik ez edukiari buruzko informaziorik eman. Eskualdeetako eta departamenduetako agintariak elkartzea du helburu, baina iraganeko saiakerek ez diote arrakasta handia aurreikusten: 2017ko udan, presidente kargua hartu eta gutxira, Macronek Lurraldeen Konferentzia Nazionala eratu zuen, besteak beste deszentralizazioaz aritzeko; hurrengo urterako, eskualdeetako presidenteek boikotatu egin zuten konferentzia hori, eta, 2018ko irailerako, udalen elkarteekin batera, Territoires Unis (Lurraldeak elkarturik) taldea sortu zuten, «egiazko deszentralizazio bat» lortzeko.

Lehen ministroaren asmoak

Jaka Horien mugimenduak agerian utzi zuen Paristik arreta gutxi jarri dutela landa eremuetan eta hirien periferietako zonetan, eta, horrek bultzatuta, Jean Castex Frantziako lehen ministro berriak, Asanblea Nazionalean iragan astean egindako diskurtsoan, jakinarazi zuen bere agintaldiaren lehentasunetako bat izango dela deszentralizazioa eta lurraldeen arteko oreka: «Gure lehen anbizioa, lehen anbizio erraldoia, Frantzia desberdin horiek berradiskidetzea izango da, horiek soldatzea».

Castexek hainbat Frantzia aipatu zituen: «Landa eremuko Frantzia», «Hiri inguruetako Frantziak», «Itsasoz haraindiko Frantziak», eta beste hainbeste. Horiek guztiek gauza bat dute komunean: bazterrean utzi dituztelako ustea.

Horregatik, eta karguan bere aurrekoekiko desberdintasun bat islatze aldera, lehen ministroak jakinarazi zuen «deszentralizazioan etapa berri bat» hasiko dutela, eta hori egiteko konpromisoa hartuko duela, lege organiko bat aurkeztuta; Macronek aipatu bezala, «lurraldeen diferentziaziorako eskubidea» jasotze aldera. «Lurraldeak jendearen biziak dira. Lurraldeak askatzea energia askatzea da, adimen kolektiboaren aldeko apustua egitea. Gure lurraldeak berriz armatu behar ditugu».

Finean, Frantziako presidenteak arrazoi eta asmo batzuen arabera aukeratu zuen Castex lehen ministro kargurako, eta horien artean dago haren profila: 2008tik Frantziako gobernuburu aukeratu duten arte, Ipar Kataluniako Prada de Conflent herriko alkate izan zen. 6.000 biztanle eskas ditu, herria estatuaren mugetatik hurbil dago, eta, hortaz, hark ordezkatzen du Paristik hainbatetan ahaztu duten eremua. Laburbilduta, Castexen izaera eta ibilbidea zeregin horretarako ezin hobea dela uste du Macronek.

Aldiz, lehen ministroak eskualdeen eta nazioen errealitatea baldintza dezakeen beste neurri bat iragarri zuen iragan asteko diskurtsoan: «separatismoen aurkako» lege proiektu bat aurkeztuko dute irailean. Auzi horretaz aritzean, Castex «separatismo etnikoaz eta islamikoaz» ari zen, «legea, ordena eta elkartasun nazionala» errespetatzearen aurkako mehatxutzat baitauka gobernuak.

Lehen ministroaren arabera, lege proiektu horren helburua litzateke «hainbat talde, beren ezaugarri etnikoetan edo erlijiosoetan oinarrituta, jarrera intrantsigentez ixteko aukera eragoztea». Hala, lege horrek zehaztu beharko luke zein den izaera etniko, erlijioso edo kulturala duten aldarrikapenen «sabaia», eta Frantziako Errepublikaren identitatea indartu. «Errepublikaren balio nagusia sekularitateada. Inolako erlijiok, pentsamendu korrontek edota talde antolatuk ezin du espazio publikoa bere egin, eta ezin die errepublikaren legeei eraso». Ez hori bakarrik: «Errepublika Frantzia da. Eta haren oinarriak ere kolokan daude, bere etsaien arteko koalizioaren ondorioz: terroristak, estremistak, konspiratzaileak, separatistak, komunitaristak».

Hain justu, Macronek iragan hilabetean ohartarazi zuen «komunitarismoa eta separatismoa» Frantziarentzako mehatxu zirela.

Senatuaren neurriak

Testuinguru horretan, aurten bi proposamen garrantzitsu aurkeztu dituzte deszentralizazioaren eta autonomiaren auzian. Bata gobernuarena, Jacqueline Gourault Lurraldeen Kohesiorako ministroak osatua, eta bestea Senatuarena, behe ganberako presidente Gerard Larcher eskuindarrak osaturiko lantalde batek egina.

Landuriko gaiari begira, Senatuarenak du edukirik mamitsuena, lurralde kolektibitateek autonomia izatearen alde agertzen baita. Hilaren hasieran, hau adierazi zuen Larcherrek: «Amaitu egin da gobernantza bertikalaren eta hiperzentralizazioaren garaia. Botere oreka berri bat behar dugu. Sistemaren eraginkortasunik ezaren beste froga bat behar bagenuen, jasan dugun osasun krisiak eman digu. Soilik estatuaren eta kolektibitateen botereen arteko oreka berri batek balioko du konfiantza berreskuratzeko, eta gure herrialdeari bultzada berri bat emateko».

Berez, Macronek berak eskatu zion goi ganberako presidenteari deszentralizazioari buruzko eztabaida «aberasteko». Larcherrentzat, egutegia erabat egokia izan da, herriko bozen bi itzulietan izandako abstentzioagatik: «Une hau egokia da botereen banaketa egiteko. Zatiketa frantses asko ditugu. Orain, lurralde kolektibitate indartsuak behar ditugu».

Denera, 50 proposamen egin ditu Senatuko lantaldeak «deszentralizazioaren belaunaldi berrirako», eta horien artean dago lurralde kolektibitateei «finantza autonomia» ematea, eta eskualdeei «eskumen bloke bat» ematea lanaren, hezkuntzaren eta trantsizio ekologikoaren arloetan.

Finean, honela laburbildu dute neurri sorta: «Lurralde kolektibitateei erraztasun gehiago ematea beren barne antolakuntzan eta ekintza publikoa antolatzeko moduan». Aldi berean, lantaldeko senatariek uste dute eskumenen antolaketa hori estatuaren moldaketa batekin batera egin beharko dela, aldaketa hori «koherentea eta indartsua» izan dadin.

Macronen gobernuak asteotan aztertuko du Senatuaren proposamena, eta berearekin kontrastatu; Gouraultek prestaturikoak, oraingoz, egunerokotasun politikotik kanpo jarraitzen du, baina, Lurralde Kohesiorako ministroak Public Senat kateari emandako elkarrizketa batean adierazi zuenez, 3D izeneko lege proiektua—deszentralizazioa, diferentziazioa eta deskontzentrazioa— mahai gainean dago oraindik: «Diferentziazioa konstituzioaren erreformarako proiektu bat zen. Hori oraindik ez dugunez onartu, lortu dugu esperimentazioari buruzko lege organiko bat sustatzea. Mundu guztiak daki eskumen batzuen inguruan azalpenak eta erabakiak hartu beharra dagoela».

Macronek agintaldiaren erdia pasatu du dagoeneko, eta, adierazpenez, testu legal batzuez eta presio politikoez haratago, oraindik ez du pauso garrantzitsurik eman deszentralizazioaren auzian.

Praktikan ez dute eraginik sumatu eskualdeetako eta departamenduetako agintariek. Frantziako presidenteak, berriz, ziurtatu du kargu horretan egingo dituen azken bi urteetan landuko dituena gaietako bat izango dela, baina oraindik ikusteko dago zer erabaki hartuko duen eta noraino joateko prest egongo den eskualdeei eta departamenduei eskumen gehiago eta autonomia emateko asmoetan.

Bihar: Alsazia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.