BAKARRIZKETA

Wirecard, dirua bidean galtzen

JENS SCHLUETER / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
1. Wirecard? Zer da hori? Alemaniako finantza enpresa bat. Banku bat badauka, baina batez ere ezaguna da ordainketa digitalak bideratzeagatik; Mastercarden eta Visaren sarean aritzen zen, haien txartelen bidez egindako ordainketetan dirua zegokionari iristen zitzaiola bermatzeko.

2. Zer gertatu zaio? Dirua bideratzen duen konpainia batek arrastoa galdu diola diruari? Okerragoa izan daiteke. Badirudi inoiz existitu ez den diru baten berri ematen zuela bere kontuetan. Hau da, bere kontuak puztu zituela, arrakastatsua zela erakutsi eta burtsan bere balioa handitzeko. Aldi batez funtzionatu zion: 2018an sartu zen Dax indizean, eta 24.000 milioi ere balio izan zuen. Orain, balioaren %99 galdu du.

3. Zenbat diru galdu du? Wirecarden kontuak gainbegiratzen ari direnek diote 1.900 milioi falta direla. «Ziur aski, inoiz ez dira existitu», aitortu du konpainiak, azkenean.

4. Gauza larria dirudi. Hala da, bai, eta, horregatik, Alemaniako Poliziak Markus Braun Wirecardeko burua atxilotu du, eta bost milioiko bermea jarri dio. Steve Jobs europar baten gisa azaldu da azken urteetan Braun austriarra, hark bezala lepo luzeko jertseak janzten dituelako eta, ustez, teknologiaren azti bat zelako. Hitzontzi bat, orain ageri denez.

5. Nondik dator auzia? Afera ez da guztiz berria. Salatariei esker, Financial Times-ek 2019 hasieran argitaratu zuen Wirecarden kontuetan irregulartasunak zeudela, eta diru zuriketaren aztarnak bazirela. Baina orain lehertu da erabat, EY auditoreak uko egin dionean 2019ko emaitzak onartzeari, zalantzan jartzen zuelako kontuetan agertzen ziren 1.900 milioi benetan ba ote ziren. Filipinetan zeudela zioen Wirecardek, baina inork ez du oraindik haren arrastorik aurkitu.

6. EY ez zen aurretik ohartu? Ezetz dio. EYk salatu du «iruzur landu eta konplexu» bat izan dela, «munduko hainbat lekutan egindakoa, erakundeak engainatzeko». Bera ere engainatu zutela dirudi, azken hamar urteetako balantzeak sinatu zituelako eta ez zuelako ezer okerrik aurkitu. Ikerketapean dago hura ere, auditoreen oinarrizko lan batzuk ez zituelako egin.

7. Horrelako finantza konpainiak ez al dituzte erakunde publikoek gainbegiratzen? Bai, baina egia da finantza molde berrien sorrerarekin batzuetan ez dagoela garbi nork kontrolatzen duen zer. Wirecarden kasuan, nahiko argi dago Alemaniako finantza merkatuen gainbegiratzaileak, BaFin izenekoak, ez zuela bere lana ongi egin. «Erabateko desastrea da», onartu du haren buruak, baina ez du artean azaldu zergatik ez zituen ikertu FTren salaketak. Are gehiago, kazetariak ikertzen aritu da, eta, «anglosaxoniar espekulatzaileei» aurre egiteko, Wirecarden akzioen motzerako salerosketa debekatu zuen aldi batez.

8. Zergatik ote? Alemaniako elite ekonomikoak ere bere burua babesteko joera du: dieselgate, Deutsche Bank....

9. Zer gertatuko da orain? Polizia Jan Marsalek Wirecardeko zuzendaritzako kidearen bila dabil, ustez esku hartze zuzena izan zuelako iruzurrean. Wirecardentzat beranduegi da:porrot eskaera egin du, ordaintzerik ez duen 3.400 milioi euroren zorrak dituelako. BanFin haren bankua kontrolatzen ari da. Milaka akziodun txikik dena galdu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.