1. Nor da Thomas Cook? Sir Thomas Cook (Ingalaterra, 1808-1892) turistentzako bidaia bat antolatu zuen lehen enpresaria izan zen, XIX. mendean. 1841ean, tren bat jarri zuen martxan Loughboroughra joateko, alkoholaren kontrako ekitaldi batera.
2. Eta albiste al da XIX. mendeko enpresari bat? Ez, Cook ez, baina bai hark abiarazi zuen negoziotik sortutako egungo erraldoia: Thomas Cook turismo konpainia.
3. Zergatik dago berripaperetan? Porrot egiteko arrisku bizian dagoelako. Erreskate bat eskatu dio Erresuma Batuko Gobernuari, Cofidis balitz bezala; ikusteko dago behar dituen 227 milioi euro lortzen lagunduko ote dion Boris Johnson eskuzabalaren gobernuak. 178 urteko ibilbidea eginda, haizerik gabe geratu da konpainia, eta argia da bankuen mehatxua: diru berririk gabe, bukatu dira oporrak.
4. Ba, ez dirudi aparteko albistea enpresa batek porrot egiteak, ezta? Zenbakiei begiratu behar zaie hondoratzear dagoen transatlantikoaren garrantziaz jabetzeko: 22.000 langile aritzen dira Thoma Cookentzat mundu osoan, horietatik 9.000 Erresuma Batuan, eta urtero hamasei herrialdetako hemeretzi milioi turista eramaten ditu batetik bestera.
5. Larria ematen du, bai... Uste duzuna baino gehiago, milaka langile kaleratzeko arriskuari beste arazo bat batu zaio eta. Egunotan 600.000 turista etxetik urrun daude, oporretan, Thomas Cooken babesarekin. Erresuma Batukoak dira horietatik 160.000. Konpainiak pagatzeari utziko balio, Abiazio Zibileko Agintaritzak turistak etxeratzeko operazio bat jarri beharko luke martxan, eta aurreikusi dute operazio horren kostua 600 milioi liberakoa (682 milioi euro) dela.
6. Eta zer dio brexit gogorraren zaleak? Boris Johnson ez dago orain horri buruz hitz egiteko, baina haren gobernuko ministro batek esan du «banakoen negozioen egoera finantzarioari buruz» ez dutela «espekulatzen». Seinale txarra, nahiz eta Thomas Cook konpainiak uste duen badela tartea soluzio bat aurkitzeko.
7. Johnsonen gobernuaren flotagailua besterik ez du turismo konpainiak? Badu beste aukera bat. Akziodun nagusia, Txinako Fosun taldea, konpainian 900 milioi libera (1.023 milioi euro) sartzeko negoziatzen ari dira. Arazoa da aste honetan egitekoa zen operazioa bertan behera geratu dela behin-behinean, RBS, Lloyds eta beste banku batzuek hornidura gehiago eskatu dituztelako. 227 milioi euroko bermeak eskatu ditu bankak, Fosunen 1.023 milioi horietatik aparte, eta Txinako taldea egoera azaltzen ari zaie bazkideei.
8. Arin ibili beharko dute ba... Derrigorrean: Thomas Cookek pagatzeari utz diezaioke datozen orduetan. Ingalaterrako komunikabideak esaten ari dira egun pare batean jakingo dela zein izango den turismo konpainiaren patua, eta, ondorioz, baita mundu zabalean oporretan dituen turistena ere.
BAKARRIZKETA
Thomas Cook haizerik gabe dago, eta turistak, itolarrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu