BAKARRIZKETA

Apustu nikeleztatua

Irune Lasa.
2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Pilotako final handiren bat telebistaz botatzen dutenean, azken puntuak jokatzen ari direla, badago jendea begira jarduten duena ea pilotalekuko ikusleren batek aurpegia bereziki zurbil duen, baserria jokatu eta galtzear duelako.

1. A ze aldrebeskeria. Nori bururatzen zaio hori egitea pilotako final ikusgarri bat jokoan dagoenean? Urliak kontatu zion sandiari berendiak halakoren bat ezagutzen zuela; ez konturik eskatu hemen. Dena den, ez da zaila asmatzen azkenaldian aurpegia zurbil nor ibili den apustu oker baten ondorioz. Zantzu bat: Txinan bizi da.

2. Ez Ukrainan, ez Errusian? Harritzekoa, egunotan ekonomiako albiste guztiak gerraren bueltan dira eta. Eta hau ere bai; dena dagoelako lotuta, Ukraina, Txina, Errusia, Hong Kong, LME Londresko Metalen Merkatua eta nikela.

3. Atalka, mesedez, Txina eta aurpegia zurbildutako hori lehendabizi. Xiang Guangda da larri ibili dena, oso larri azken bi asteetan. Xiangek kontrolatzen du Tsingshan Holding Group, altzairu herdoilgaitzaren munduko ekoizle handienetakoa, eta baita nikel ekoizle handia ere. Tsingshan konpainiak urte hasieran erabaki zuen nikel ekoizpena handitu egingo zuela, eta Xiangek, bere talaiatik, pentsatu zuen apustua ziurra zela: nikel gehiago merkatuan, metala merkatu egingo zen. Horregatik, gerokoen merkatuan beheranzko apustu bat egin zuen. Hamar euroan salduko zuen, demagun, martxoan entregatzeko nikela, zeina bitartean merkeago erosi ahalko zuen merkatuan. Aldea Xiangen eta bere konpainiaren poltsikora joango zen. Eta ez ziren bost euro izango; milioika dolar jokatzen dira lehengaien deribatuen pilotalekuan. Baina...

4. Baina... Ukrainako gerra etorri da. Eta zigor ekonomikoak. Eta Errusian ekoizten da munduko nikelaren %16. Nikel hori guztia bat-batean merkatutik kanpo gelditu da.

5. Eta Xiangi aurpegia zurbildu zaio. Pentsa, nikelaren hornidurarekiko kezkak eta urritasunak berak bat-batean garestitutako nikela erosi behar zuen derrigorrez, entrega konpromiso guztiak beteko bazituen, eta, horrekin, are gehiago garestitzen zuen metala. Bi egunetan nikelaren prezioa %250 garestitu zen LMEn, tonako 100.000 dolarrak gaindituz. Zurrumurruen arabera, Tsingshan konpainiak nikelarekin egindako beheranzko apustua 100.000 tona ingurukoa zen. Milaka milioi dolar ibili dira dantzan hor.

6. Dena dela, horrelako konpainiek eta enpresaburuek nahikoa diru izango dute galerak estaltzeko, ezta? Eta ez dute baserria jokatzen. Ez, ez dute baserria jokatzen, baina apustuak egiteko zorpetu egiten dira, besteak beste badaudelako beste pertsonaia batzuk pilotaleku honetan: artekariak. Artekariek dirua mahai gainean ikusi nahi izaten dute, ziur jakiteko apustularia gai dela aurre egiteko bere jokaldiei. Eta diru hori jartzeko, normalean, handikiak zorpetu egiten dira. Beraz, Xiangen bankua (JP Morgan) ere kezkatuta ibili da oso.
Izan ere, apusturen bat arriskutsuegia bihurtzen ari dela ikusten badute, gerta daiteke artekariak apustulariari eskatzea diru gehiago jartzeko mahai gainean. Eta Xiangek, baserria izanda ere, bereak eta bi pasatu ditu artekariek eskatutako dirutza lortzeko (omen 3.000 milioi dolar), munduko finantzak dauden bezala daudelako, eta likidezia falta delako. Baina lortu du dirua, eta lortu du nikela. Horretarako, laguntza handia izan da Londresen nikelaren merkatua ia astebetez itxita egotea.

7. Pilotalekua itxi dute partida erdian, baten bat larri zebilelako bere apustuekin? Funtsean, hori gertatu da, bai. Besteak beste, apustu irabazleak lurruntzen ikusi dituztenen haserrerako. Haiek salatu dute Txinako Gobernuak babestu duela altzairu konpainia, erortzen uzteko handiegia delakoan: Londresko metalen merkatuaren jabea HKEX (Hong Kong Exchanges & Clearing) da. Eta baieztatzeko dago Tsingshan konpainiak entregatzeko nikelaren zati bat Txinaren Estatuko Erreserbatik lortu duela.

8. Jokoa ez dela errenta esango dute gero. Batzuei beti errenta tokatzen zaie, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.