BAKARRIZKETA

Norberaren telefonoa ez da enpresarena

BERRIA.
xabier martin
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
1. Jarri al dizute sistemaren bat lanaldia erregistratzeko? Oraindik ez, baina hasi dira batzuk esaten sakelakoaren bidez egingo dugula, aplikazio bat baliatuta.

2. Eta enpresak telefono bat emango dizue langile denei? Bai zera! Norberaren telefonoa baliatu nahi dute horretarako. Kontua da ez dagoela batere argi legezkoa ote den.

3. Zergatik? BYOD esaten dioten praktikaren araberakoa litzatekeelako. Bring your own device (ekarri zerorren gailua) praktika da langileek beren sakelakoak, tabletak edota ordenagailu pertsonalak erabiltzea lanerako. Langileen oinarrizko eskubideak arriskuan jartzen ditu praktika horrek: adibidez, deskonexio digitalerako eskubidea, datu pertsonalen babesa, intimitatea, komunikazioen sekretua eta askatasun informatiboa.

4. Ba, esango nuke oso hedatua dagoela norberaren telefonoa lanerako ere erabiltzea. Zure telefonoa ez da enpresarena, eta jakin behar duzu lanerako erabiltzen baduzu enpresak aurreztu egin duela telefono bat erostea, hura konpontzea matxuratu denean, eta ez duela gailu horren ardurarik hartu. Gainera, langilearekin bat egiteko modu zuzena, erraza eta azkarra du, haren intimitatean edozein unetan barneratuta.

5. Euskal Herian ez da askorik entzun praktika horren arazoen inguruan. AEBetako justiziak aztertu du gehien, eta han ikertu da gehien. Langileen gailuak baliatzen dituzten enpresen artean, 313 eurotik 1.478 eurora arteko aurreztea lortzen dute behargineko, urtero. 2020. urterako, AEBetako enpresen %45ek BYOD baliatuko dute maila batean edo bestean, Gartner aholkularitzaren arabera.

6. Baina zer dio legeak hemen? Ez du muga argirik jartzen langileek bere gailuak lanerako erabiltzearen inguruan, justiziak kasu gutxi aztertu behar izan dituelako orain arte. Hala ere, deskonexio digitalerako arautegiak iradokitzen du zenbait praktika ez liratekeela legezkoak izango.

7. Eta Espainiako justiziak ez du kasu bat bera ere aztertu? Bai, eta sona handikoena da Telepizzarena. Enpresa horrek kontratuan jaso zuen langileek beren gailuak erabili behar zituztela aplikazio bat jaitsi eta geokokatuak egon zitezen. Epaitegiek kontratuaren klausula hori kentzera behartu zuen, kontratuak argi esaten baitzuen langileak bere sakelakoan aplikazioa jaisteari uko eginez gero kaleratua izango zela.

8. A ze masa Telepizzarena, ezta? Bai, gogorra benetan, baina ez pentsa, batzuk masa sotilagoarekin egin dezakete bekatu beren langileekin.

9. Zer esan nahi duzu? Helbide elektroniko bat eskatzea langileari edo haren telefono zenbakia, hori ere BYOD izan daitekeela, eta Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duela langileak bere oniritzia eman behar duela.

10. Zergatik? Arriskua dagoelako lanaldia behar bezala ez pagatzeko, bizitzaren eta lanaren arteko kontziliazioa oztopatzeko, sakelakoan nahasten baitira biak, eta lan osasuneko arazo bat sor daitekeelako: teknoestresa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.