SERIEA Baskoien atzetik azterka (V).

Erromaren gerizpean

Erromak berrantolatu egin zituen konkistatutako lurrak, eta zibilizazio berri bat ezarri zuen, bere hiri, galtzada, portu, lege eta azpiegiturekin.

Santa Crizeko civitas-a, Eslavan, herri baskoi baten gainean eraikia. NAFARROAKO GOBERNUA.
mikel p ansa
2023ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun

«Konkista amaitzean, erromatarrek lurraldea berrantolatu zuten», azaldu du Jokin Lanzek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia irakasleak. Lehengaiak eta merkataritza aukerak ustiatzeaz aparte, bi helburu argi zituzten erromatarrek, haren hitzetan: «Errekrutatzea antolatzea eta zergak biltzea». Eta horretarako behar zituzten oinarrizko bi gauza, lurraldea egituratzeko: hiriguneak eta galtzadak. Horiekin has zitezkeen balio ekonomikoa zeukan guztia ustiatzen.

 

Lurraldea berrantolatu

«Normalean, eremu estrategiko eta lauetan kokatzen zituzten hiriak, komunikabideetatik gertu», Lanzen arabera. Batzuetan, lehendik existitzen ziren herriak garatu zituzten. Hala egin zuten Nafarroako herri askotan: baskoien Nabarreriako herrixka harresituaren gainean altxatu zuten Pompelon; Santa Crizen ere (Eslaba) herri baskoi baten gainean eraiki zuten hiri berria; eta Cascanten, eta beste leku askotan, baita Iruña-Veleian ere (Iruña Oka, Araba), esaterako. Hiri berriak ere fundatu zituzten; La Custodia suntsitu ondoren Varea civitas-a fundatu zuten, esaterako, handik lau kilometrora. Oiasso ere hutsetik sortu zuten, oraingo Irunen (Gipuzkoa). Augusto lehen enperadorearen garaian, berriz, galtzada nagusiak eta txikiagoak eraikitzen hasi ziren.

Behin lurraldea ardazten zuten egiturak antolatuta, denetik eraiki zuten erromatarrek: lehen sektoreko ustiategiak, portuak, meategiak, zerbitzugune gisako azpiegiturak, zubiak... «Erromako Errepublikaren azken urteetan [Kristo aurreko 27. urtearen inguruan] erromatar zibilizazioa erabat ezarri zen. Kastro asko hustu ziren, beste batzuk mendi kaskoetatik lautadetara jaitsi ziren», zehaztu du Javier Armendariz Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historiaurre, Antzinako Historia eta Arkeologia irakasleak. Horrela hustu ziren herri gotortuak. Eta horietan bizi ziren jende gehienak «integratu» egin ziren erromatarren zibilizazioan.

Ikusi gehiago:Baskoien atzetik azterka (I). Arkeologia da esperantza

 

Veleiako hiri erromatarraren atea. Iruña Okan zegoen. BERRIA

 

Sinkretismoa

Zibilizazio bat ezartzen zuen Erromak, beti patroi berekin, baina lekuko sineskerak onartzen zituen. Adibide batzuk eman ditu Armendarizek: Kristo ondorengo lehen bi mendeetan, ikusten dira baskoien dibinitateei eskainitako aldareak, latinezko grafiaz idatziak. «Erromak ez zuen bere panteoia ezartzen; zabaldu egiten zen bertako dibinitateekin». Selatse, adibidez, baskoien jainko edo jainkosa bat zen; baditu hiru aldare, erromatarren garaikoak, denak Barbarinen (Nafarroa): «Ematen du dibinitate oso lokal bat, eta hori zuela kultu tokia».

Irudi du baskoien dibinitateak oso lokalak zirela, herri bati edo, asko jota, eskualde bati lotuak. Ez da sumatzen panteoi bakar bat edo erlijio bateratu bat zutenik, nahiz eta joera komun batzuk nabaritu; esaterako, naturaren indarrak eta laborantzarako garrantzitsuak ziren animaliak adoratzea. Era horretako dibinitateen erreferentziak topatu dituzte, baskoien lurretan, Larragan (Errensae), Izkuen (Itsacurrinne), Uxuen (Lacubegi), Mendigorrian (Larrahe) eta Muzkin (Urde), esaterako. Akitaniarren lurretan ere topatu dituzte halako aldareak; Atharratzen (Zuberoa) Herauscorritsehe delako dibinitate batentzako aldarea, adibidez. Kristo ondorengo I. eta II. mendeetakoak dira horietako gehienak.

Uxueko aldareak zezen edo behi baten burua du taillatua saihets batean. Animalien gurtza, edota agian sakrifizioa, ohikoa zen orduko kulturan; La Hoyako (Guardia, Araba) harresietan orein adarrak topatu dituzte —herria babesteko edo—; Bizkaian, Mikeldiko idoloa topatu zuten, Burdin Arokoa hori ere, zerri, basurde edo zezen edo behi formako abere bat, harrian taillatua —badirudi Maruelezako herri gotortuari lotua zegoela idolo hori, Arratzun—. Akitaniarrek eta beroiek ere erabiltzen zuten zerriaren sinbologia; La Custodian, zerri itxurako tesera bat topatu dute.

 

Ezkerretik eskuinera: Soriako hilarri bat, Sesenco hitza idatzia duena; Uxueko aldarea, Lacubegi dibinitateari eskainia; eta Lergako hilarria, Umme Sahar izen propioa idatzita goialdean. Kristo ondorengo lehen bi mendeetakoak dira. BERRIA

 

Hizkuntzak

Hizkuntzak eta agian identitateak ere nahasi ziren. Erromatarren ohiturak beretuta, bertako biztanleak dibinitateei aldareak edo hildakoei hilarriak egiten hasi ziren, eta horietan agertzen dira erromatarren dibinitateak eta bertakoak, eta agertzen dira bertako biztanleen izen propioak. Eta izen horietan, ikusten dira jende izen latinoak eta bertako izenak, nahasita, alfabeto latinoz.

Akitaniarren eta baskoien artean agertu dira halakoak, baita Sorian ere (Espainia). Beste herri askotan ere gertatu zen gauza bera; etruskoak, adibidez, garai bertsuan, elebidun bilakatu ziren erromatarren mendean, latina ikasi beharrez, eta halako inskripzioetan etruskoa eta latina erabili zituzten nahasian; harik eta etruskoa galdu zen arte. Iberiera eta beste hizkuntza asko galdu ziren.

Tokiko kultuak onartu arren, latinizatze bat ere gertatzen zela zehaztu du Armendarizek, baina ematen du ordezkatze kulturala ez zela Erromaren lehentasuna. Okupazioaren ondorioz gertatzen zen, eta hizkuntza asko galdu ziren. «Baina baskonikoak iraun zuen». Aldiz, Sertorioren gerren ostean galdu egin ziren baskoien herrien izenak, Armendarizen arabera. «Zeltiberiarrenak ez ziren galdu, baina baskoien herri izenak galdu egin ziren. Uste dut erromatarren lurraldea berrantolatu zutenean gertatu zela».

Erroma baskoien lurretan zabaltzen hasi zen urte horietan, Kristo aurreko II. mendean, txanponak egiten hasi ziren baskoiak, eta baita iberiarrak eta zeltiberiarrak ere. Badirudi Erromari zergak ordaintzeko erabiltzen zituztela hasieran. Uste da Ba(r)skunes zela txanponak egiten zituen herri horietako bat. Mertxe Urteaga Gipuzkoako Diputazioko arkeologoak zehaztu du erromatarren aurretik ez zirela txanponak erabiltzen: «Zilar puskak erabiltzen ziren, edo anepigrafikoak».

Basagaingo (Anoeta, Gipuzkoa) eta Kosnoagako herri gotortuetan (Gernika-Lumo, Bizkaia), eta beste leku askotan agertu dira txanpon horiek, baita Pirinioetatik iparraldera ere. Herri horien arteko erlazioen seinale ere da txanpon horien zirkulazioa, beraz.

 

Baskunes edo Barskunes txanpon etxeak jaulkitako txanpon baten aurkia eta ifrentzua. BERRIA

 

Mito bat desegiten

Erromatarrek isurialde mediterraneoan izandako eraginaren zalantzarik ez zegoen; dozenaka leku ikertu eta induskatu dira. Baina isurialde atlantikoan ia tabua zen gai hori. XX. mendea bukatzen ari zela ere, oraindik esaten zen erromatarrak ez zirela Euskal Herriko isurialde atlantikoan ia ibili. Besteak beste, Mertxe Urteagaren lan arkeologikoak desegin zuen mito hori.

Urteagak gogoan du, Gipuzkoan erromatarren garai hori ikertzen hasi zenean, «disgustu eta haserre batzuk» jasotzea tokatu zitzaiola. Baina seguru zegoen erromatarrek esaten zen baino arrasto sakonagoa utzi zutela Gipuzkoan ere: «Nola da posible esatea Paleolito garaitik hemen gaudela gu, eta gure nortasuna sortu zela orain dela 20.000 urte, eta ez dela batere aldatu?». Historia irakurtzen baitzen Erromak isurialde atlantikoan eraginik batere izan ez balu bezala. Baina, egiaz, historiaren «aro ilun bat» zen; ez zegoen daturik ezer baieztatzeko.

«Aro ilun» hori ikertzen hasi zen Urteaga, «eta bata bestearen ondoren hasi ziren etortzen emaitzak». Arditurriko meatzeak (Aiako Harrian, Oiartzun, Gipuzkoa) erromatarrek ustiatu zituztela frogatu zuen lehenik. Gero, erromatar garaiko portu bat aurkitu zuen Oiasson, Irunen.

1980ko eta 1990eko hamarkadetan egin zituen lan horiek Urteagak, eta beste arkeologo batzuek bidea urratu dute geroztik: Mehatzeko meategiak ikertu dira Baigorri aldean (Nafarroa Beherea), Iturissako civitas-a Auritz eta Aurizberri arteko lurretan (Nafarroa), Zarauzko arrasto erromatarrak Gipuzkoan, Santa Crizeko civitas-a Nafarroan, Iruña Veleiako civitas-a Araban... Zerrenda asko luzatu da geroztik.

 

Artziko terma erromatarrak, Artzibarren (Nafarroa). IÑIGO URIZ / FOKU

 

Jakintzarako zubia

Erromak «zapaldu» egiten zituen parean topatutako herriak. Urteagak argi utzi nahi du hori: militarrak iristen ziren lehendabizi lur berrietara, eta «odolez eta heriotzez» gauzatzen zuen konkista toki gehienetan. Baina, herriak menperatu ondoren, integrazioa zetorren, eta garapena: «Guretzat, Erroma izan zen ekialdeko kultura aberatsekin eta hango ezagutzekin lotzeko zubi bat. Ze erromatarren bidez iritsi ziren idazketa, eraikuntza, meatzaritza, topografia... Melokotoiak, gereziak...». Bi menderen buruan, erromatar bizimodua hedatu zen hiriguneetan, eta «ikastaro trinko» horrek bertako biztanleak «abangoardian» jarri zituela uste du.

Irungo portua eta inguruko meatzeak ezagunak egin dira azken urteetan, baina Getarietan (Gipuzkoakoan zein Lapurdikoan) arrain kontserbak egiteko faktoriak ere jarri zituzten erromatarrek. Cetaria latinezko hitzak horixe esan nahi baitu: arrandegia. Zarautzen, Donostian eta beste leku askotan ere agertu dira erromatarren arrastoak, Gipuzkoan —Nafarroan eta Araban aspalditik ezagutzen da aztarnategi mordoxka bat—. Bizkaian, Foruan ezagutzen da hiri erromatar bat, hamabost hektarea okupatu zituena; arrantza eta merkataritza puntu garrantzitsua izan zela ematen du. Lekeition (Bizkaia) ere portu bat jarri zuten.

 

Erromatarrek Irunen eraiki zuten Oiasso; hiria eta portua. Oiasso museoko maketa. JON URBE / FOKU

 

Oiassoren garapena

Baina inork ez daki seguru noiz sartu ziren erromatarrak Gipuzkoara eta Bizkaira, ezta nolakoa izan zen okupazioa ere, baskoiekin gertatzen den bezala. Kanpaleku militar baten arrastoak agertu dira Gipuzkoan, baina gerra edo suntsiketa arrastorik ez inon. «Sertorioren eta Ponpeioren artekoaz gero, ez dira ezagutzen Gipuzkoan horrelako gatazka handiak», Urteagaren hitzetan. Aldiz, ezagutzen da noiz jarri zuten bizitokia Oiasson: Augusto enperadorearen garaian izan zen, eta militarrak iritsi ziren lehenik.

Augustoren garaian nabaritu baitzen Erromaren antolakuntza ezartzen hasi zela Gipuzkoan. Oiasso hiria sortu zuten, hutsetik, Txingudiko babesgune batean —uste da baskoien Oiasso herrixka beste nonbait zegoela, baina ez dute aurkitu oraingoz—, eta Tarracotik (Tarragona, Herrialde Katalanak) harako galtzada eraikiarazi zuten, Bidasoaren ondotik. Errepide hori funtsezkoa zuen Oiassok.

Burdigala (Bordele, Okzitania) eta Asturica (Astorga, Espainia) arteko galtzada ere Kristo ondorengo I. mendean eraiki zuten. Portuak ere eraiki zituzten Bizkaiko golkoan, itsas garraiorako.

Ez dago datu askorik Gipuzkoako herrixka gotortuak nola hustu ziren jakiteko, baina Kristo ondorengo I. mendean erabat abandonatu zirela ematen du. Xabier Peñalver arkeologoak azaldu duenez, Basagainen —Oiassotik 40 kilometro eskasera— agertu dira erromatar kulturako aztarna batzuk: oinetakoen iltzetxoak, Iturissa estiloko fibula erromatar bat —arropak lotzeko kateorratz gisako bat—... Induskatu diren beste kastro askotan ere agertu dira erromatarren aztarnak. «Justu erromatarrak agertu ziren garaikoak dira», erantsi du Urteagak: «Erromatarrek ez zuten nahi horrelako gotorlekuak egotea eta haietan jendea bizitzea; arazo bat ziren». Eta, kronika idatziek dioten bezala, Augustok «menditik jaitsarazi zituen» jende haiek.

Kristo ondorengo I. mendean, goitik behera berreraiki zuten Oiasso, lautada bat eginda. Kristo ondorengo V. mendean hustu zen, eta Urteagak ez du zalantzarik: «Ez dugu pentsatu behar Erroma beste mundu bat zela; hemen sustraitua zegoen, eta bertako jendearekin bat egin zuen».

 

Foruako hiri erromatarraren aztarnak. MARISOL RAMIREZ / FOKU

 

Hiru baskoi mota

Jokin Lanzek azaldu du baskoi batzuk erromatar zibilizazioan erabat integratuta ibili zirela. Armadan, administrazioan, erlijio egituretan... parte hartu zuten batzuek. «Eta ikusten da erromatarrek estimu handitan zituztela baskoi gerlariak. Kohorte Laguntzaileak osatu zituzten haiekin, eta Germanian eta Britainian ibili ziren. Horietako batzuk guardia pretoriarrean eta legioan ere ibili ziren».

Hortaz, ez da erraza «zein izan ziren baskoiak?» galderari erantzutea. «Esan dezakegu Antzinaroan hiru baskoi mota izan zirela», zehaztu du Lanzek: «Konkista garaiko baskoi bat —eta ez dakigu gehiegi haietaz—; erromatar garaiko baskoi bat —Erromaren egituretan integratua zegoena—; eta antzinate berantiarreko baskoi bat —Erroma gain behera joan zenean autonomia zabal bat eduki zuena eta auzoekin bortizki jokatzeko eta diplomazia harremanak edukitzeko konplexurik ez zuena—». Izan ere, IV. mendetik aurrera Erromaren gainbehera eta bisigodoen inbasioak hasi ziren, baskoiek antolatzeari ekin zioten, eta hazi horretatik sortu zen Iruñeko Erreinua, gero Nafarroako erreinu bilakatu zena.

Baina hori beste historia bat da.

 

Serie honetako beste artikuluak

 

I. Aro bat itzalean

II. Kultura bat, bertsio asko

III. Zer bizimodu Burdin Aroan

IV. Konkistaren trazak

VI. Arkeologia da esperantza

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.