BAKARRIZKETA

Laga Lada!

JURI KOTXETKOV / EFE.
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
1. Lada? Izena ezagun egiten zait, baina ez dakit... Bai, ziur aski oroimenean pixka bat arakatu beharko duzu Lada markako autoak gogoratzeko. 1980ko hamarkadan hasi ziren gure artean agertzen Sobietar Batasunean egindako auto horiek. Fiaten eta Seaten 124 modelo zaharraren bertsio gaurkotu eta merkeak ziren.

2. Orain bai. Baina ez zeukaten noranahiko horietako bat? Bai, Lada Niva izenekoa. Herri txiki batean bizi bazara, agian oraindik ikusiko dituzu batzuk handik bueltaka, mendiko bideetarako auto apropos horietako bat zelako, auto gogorra eta mantentze lanetarako merkea. C15en bertsio errusiarra!

3. Bueltan dira Ladak? Gure artera, ez. 2019an utzi zion haren jabe Avtovazek Lada modeloko autoak Europako Batasunean saltzeari, segurtasunaren eta CO2 isurien arloetako araudiak betetzerik ez zuela argudiatuta, baina ordurako baziren urte batzuk bakanen batzuk soilik saltzen zirela. 2024an berriro salgai egotekoa zen Lada Nivaren bertsio berritua, baina plan horiek zapuztu egin dira.

4. Utzidazu asmatzen: Errusiak Ukraina inbaditu duenez, Europako Batasunak Lada autoen inportazioa debekatu du? Ez da horretarako beharrik izango. Kontua da Avtovazen akzioen %68 Renaultenak direla, eta Frantziako autogileak aste honetan jakinarazi du bere parte hartzearekin zer egin aztertzen ari dela. Beste hitz batzuetan: erosle bat aurkitzen badu, gustura salduko du.

5. Orain ulertu dut izenburua: Renaultek Lada lagako du. Hori da. Eta ez da erabaki erraza izan. Inbasioa hasi berritan, Errusiako merkatua utziko zutela iragarri zuten Mendebaldeko konpainia batzuek, eta haien artean zeuden Mercedes eta Volkswagen. Baina isilik geratu zen Renault, hark duelako gehien jokoan. Avtovaz kontrolatzeaz gain, Errusia da Renaulten merkatu handienetan bigarrena, Frantziaren atzetik: iaz 480.000 auto saldu zituen han. Moskun lantegi bat du, 2.000 langilerekin; haren produkzioa eten egin du. Avtovaz, berriz, gehien saldutako marka da Errusian, eta azken urteetan Renaultek erabat integratu du bere egituran. 45.000 langile ditu, eta bi fabrika handi.

6. Zergatik aldatu du iritzia? Presioaren eraginez. Renaulten boikoterako deiak hasi ziren, eta Ukrainako Gobernuak berak eskatu dio Frantziako Gobernuari Renaultek Errusia utz dezala; ez dezagun ahaztu Frantziako Estatua dela Renaulten akzioen %15en jabea.

7. Diru asko berreskuratu dezake Renaultek? Nekez. Asteazkenean bertan Renaultek jakinarazi zuen Errusian dituen jabetzei 2.200 milioi euroko balioa kenduko ziela. Asko balio ez duten seinale. Gainera, gaur egun Avtovaz-Lada Renaulten teknologiaren eta osagaien menpekoa da erabat, eta pentsatzekoa iturri hori itxi egingo dela. Une egokia berriro ere gogoratzeko mende hasieran Errusian zabaldu zen txistea, Moskuk salgai jarri zuenean: «Nola egin daiteke Lada baten balioa bikoizteko? Depositua beteta».

8. Hortaz, Errusian ez da Mendebaldeko autogilerik geratuko. Tira, ba, horretan ez duzu asmatu. Stellantisek (Peugeot eta Fiat) furgonetak egiten ditu Errusian, eta haren buru Carlos Tavaresek esan du ez duela fabrika ixteko asmorik, argudiatuta ez liokeela kalterik egingo Vladimir Putini, baizik eta langileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.