BAKARRIZKETA

Orohartzaileari neurriak jartzeko zailtasuna

CLEMENS BILAN /EFE.
Irune Lasa.
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Hartu 1 zenbakia eta jarri ehun 0 atzetik. Horra hor googol bat; zenbaki izugarri handi bat.
1. Googol? Google; Google izango da. Ez eta bai. Googleren sortzaileek gaizki ahoskatutako googol bat hartu zuten oinarri izena emateko haien konpainia eratu berriari.
2. Irabazi behar zuten dirutza izugarriari zenbaki bat jarri nahi zioten? Berez haien bilatzaileak emango zuen informazio kopuru itzelezkoa adieraztea zen helburua.
3. Itzelezkoa googol-a eta itzelezkoa Google. Hala da. Urte gutxitan sekulako neurria hartu du konpainiak. Konglomeratua 2015ean birrantolatu zuten, eta Alphabet da orain konpainia ama. Haren filiala da Google, Interneteko zerbitzu andana eskaintzen dituena. Eta barnean ditu izen oso ezagunak, erabiltzaileentzako oso hurbileko bihurtu direnak. Google Search, Google Mail, Google Maps, Google Shopping, Google Classroom... Zerrenda izugarri luzea da. Youtube ere Googlerena da, baita milioika sakelako eta tabletetan dagoen Android sistema eragilea ere.
4. Mundua kontrolatzeko moduan. Mundua kontrolatu, auskalo; merkatua bai, kontrolpean du hainbat arlotan, hainbat herrialdetan. Hain zuzen, monopolio jokaerak egotzita Googleri auzibidea zabaldu diote aste honetan AEBetako Justizia Departamentuak eta 11 estatuk.
5. Eta zer leporatu diote zehazki? Lehiakideei kalte egiteko legez kanpoko akordio esklusiboen sare bat osatu izana. Sare horren helburua Interneterako sarbide nagusi izaten jarraitzea izango luke Googlek. Horretarako, adibidez, milioika dolar ordaindu dio Appleri, haren Iphone-etako oinarrizko bilatzailea Googlerena izateko. Baldintza hori jarri die beste hainbat smartphone ekoizleri, haien gailuek Android sistema erabili ahal izatearen truke.
6. Eta horrek kalte egiten dio...? Batez ere Bing bilatzaileari, zeina Microsoftena den. DuckDuckGo eta Yahoo ere lehiakideak ditu Googleren bilatzaileak, nahiz eta bi horiek ez duten sare osoa indexatzen.
7. Egia esan, batzuetan badirudi dena hartuta daukala Googlek.Google.com munduan bisita gehien jasotzen duen webgunea izango da. Sarerako bide nagusia da Mendebaldean. Haren bidez egiten dira ordenagailuetatik egiten diren bilaketen %80, eta sakelakoetatik egiten diren %90.
8. Orohartzaileari neurria jarri beharko, agian? Arazoa da nola egin hori. Europako Batasuna saiatu da. Oraindik auziak ditu zabalik Googleren kontra, 8.000 milioi eurotik gorako isunekin; bat Google Shoppingengatik, bestea Chrome nabigatzailearengatik. Baina isunek eta Europako Batzordeak eskatutako erremedioek ez dute murriztu Googleren nagusitasuna. AEBetako auzibideak lor dezake? Batek daki. Hala ere, bizkor ibiltzen ez badira, ez da babestu beharreko lehia handirik geratuko.
9. Beste handiak ere hor daude, ezta? Monopolio, oligopolio, alde gutxi. Adibidez, sareko publizitatearen zati handiena Googlek eta Facebooken artean banatzen dute. Azken hori ere Amazonekin eta Applerekin batera, azken hilabeteetanikerketapean dago AEBetan, praktika monopolistengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.