Euskararen aldeko aldarriei bide emateko egitasmo berri bat aurkeztu zuten atzo Nafarroan: Hordago! izena eman diote ekinbideari, eta herrialde osoan eragin nahi dute, hegoaldetik iparraldera eta mendebaldetik ekialdera, hizkuntza eskubideak ardatz gisa hartuta. Hain zuzen, hegoaldekoen den herria aukeratu zuten aurkezpena egiteko: Cortes.
«Foru komunitateko leku, herri, kontzeju, hiribildu eta hiri guztiak» zeharkatuko dituen erronka bota nahi du egitasmoak, «edozein nafarrek, edonon dagoela eta edonon bizi dela, lurralde osoan euskara ezagutu eta erabiltzeko duen eskubidea praktikan jartzea eragozten duten oztopo guztiak kentzeko». Cortesko adierazpena izena eman zioten atzo irakurri zuten elkartearen sortze agiriari.
Hizkuntza eskubideak bermatze aldera, Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioa «oztopo handia» dela uste dute sustatzaileek: «Zonifikazio hori bidegabea zen duela lau hamarkada, eta orain, gainera, anakronikoa ere bada». Banaketa administratibo hori «diskriminazio, desberdinkeria eta desadostasun iturri» dela adierazi zuten.
Horri aurre egiteko, «hordago handira» jo nahi dute Cortesko adierazpenaren sinatzaileek: «Justizia nahi dugu, Nafarroan inongo bereizkeriarik egon ez dadin, ezta arrazoi linguistikoengatik ere. Denok berdinak izanen garen lurralde batean bizi nahi dugu: berdinak betebeharretan, berdinak eskubideetan, Nafarroako zein eremutan gauden kontuan hartu gabe».
Erakunde sortu berriaren arduradunen esanetan, errealitate soziolinguistikoa ezin da aitzakia izan hizkuntza eskubideak murrizteko: «Euskara dakiten pertsonen kopurua txikia izateak ez du zilegitasunik ematen beren eskubideak urratzeko. Eskubideak pertsona guztiei dagozkie leku guztietan». Horrenbestez, «justizia» eskatu dute, eta «euskaraz bizi nahi duten pertsonak» ez ditzatela «bigarren mailako herritar gisara» tratatu.
«Parez pareko» tratua
Nafarroan, euskarak eta gaztelaniak «parez pare» egon beharko luketela aldarrikatu zuten, eta halaxe izan beharko luketela tratatuak, «ez bata goian eta bertzea behean, baizik eta parean». Egitasmoaren bultzatzaileen esanetan, euskara «Nafarroako nortasunaren berezko parte» da: «Ezin baita bata bertzea gabe ulertu, euskararik gabe Nafarroa, Nafarroarik gabe euskara».
Euskaraz bizitzeko eskubidea lortzeko asmoz, zonifikazioari «hordagoa jo» nahi diote sinatzaileek: «Bereizkeriarik, segregaziorik edo eskubideen urraketarik gabeko etorkizuna irabazi nahi dugu. Euskaraz bizi, euskaraz lan egin, euskaraz jokatu eta euskaraz maitatu nahi duten nafarrek halaxe egitea posible izanen duten etorkizuna. Lurraldea eta gizartea zatikatuta izanen ez diren etorkizun bat».
Azkenik, dei egin zieten Nafarroako udalerri guztietako biztanle eta alor guztietako eragileei, Cortesko adierazpenarekin bat egin dezaten: «Animatzen ditugu eskaera hau beren esparruetan zabal dezaten, eta osa dezaten beren ikuspegitik eta beren eskaerekin». Datozen hilabeteetan, gainera, «ekintza eta mobilizazio gehiago» izanen direla iragarri zuten, eta horietan parte hartzera dei egin zieten herritarrei.
Hordago egitasmoa abiarazi dute Nafarroan, zonifikazioaren kontra
Zatiketa «anakronikotzat» jo, eta hizkuntza eskubideak bermatzeko eskatu dute sustatzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu