Azken urtean, hamarkadako biztanleria hazkunderik handiena izan du Euskal Herriak. 2019ko urtarrilaren 1ean 3.170.891 biztanle zituen; hau da, urtebete lehenago baino 18.673 gehiago. Duela aste batzuk Eustat Euskal Estatistika Erakundeak, INE Espainiako Estatistika Institutuak eta INSEE Frantziako Estatistika Institutuak plazaratutako datuak aztertuta Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiak egindako ikerketaren arabera, 2018tik 2019ra %0,59ko hazkundea izan zen populazioan. Zuberoan izan ezik, herrialde guztietan egin du gora biztanle kopuruak. Eta bada beste datu esanguratsu bat hori azaldu ahal duena. Izan ere, populazioaren %82,6k hiriguneetan eta bitarteko hiriguneetan dute bizilekua.
Hazkunde demografikoa indartzen ari da Euskal Herrian. Horren erakusgarri, Ipar Euskal Herriak 310.000 biztanleen langa gaindituko du 2020an. INSEEko datuen arabera (2020), 309.673 biztanle daude Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Azkeneko bi urteotan nabarmen hazi da biztanleria, baina aspaldikoa du hazkunde erritmo bizia.
Hego Euskal Herriak 2018an baino 15.346 biztanle gehiago zituen iaz. 2012-2015eko epealdian, biztanleriaren galera murritza izan zuen, nahiz eta jaiotza tasa apala duen eta, zahartzearen ondorioz, heriotza tasa handia izan. Halere, laugarren urtez jarraian egin du gora herritarren bolumenak. Eta hori gertatu da Espainiako Estatutik kanpo jaiotako etorkinen fluxuengatik. Gaindegiak joan den ekainean argitaratutako ikerketa bat aintzat hartuta, euskal herritarren %28,5 (898.500 pertsona) Euskal Herritik kanpo jaiotakoak dira.
Gaindegiaren iritziz, joera nagusiak alde batera utzita, «lurralde mailako» joerei erreparatzea «lagungarria» izan daiteke etorkizuneko Euskal Herria egituratu dezaketen zenbait fenomeno ulertzeko.
EB Europako Batasuneko Degurba urbanizazio indizeak hirutan banatzen ditu lurraldeak: hiriguneak, bitarteko hiriguneak eta landa eremuak. Indize hori kontuan hartuta, euskal herritarren %55,3 hiriguneetan bizi dira (1.753.314 biztanle); %27,3, bitarteko hiriguneetan (866.424); eta gainontzeko %17,4, landa eremuan(551.153). Hiru eremuek herritarrak bereganatu zituzten iaz, bai, baina azkeneko bi urteotan hiriguneetako hazkunde demografikoa indartu da. EBko beste lurralde batzuekin konparazio bat egite aldera, Euskal Herriak Herbehereen antzeko lurralde egitura dauka, hiriguneek eta bitarteko hiriguneek biztanleak hartzeko duten pisuari erreparatuta. Bi kasuetan, biztanleriaren %17-18k besterik ez dute landa eremua bizileku.
Pirinioetan, behera
Euskal Herria 47 eskualde nagusitan banatzen da, eta azkeneko urtean horietako hamarretan egin du behera biztanle kopuruak. Bereziki nabaritu da Pirinioetan (-%2,3), Arabako Mendialdean (-%0,4) eta, besteak beste, Zuberoan oro har (-%0,3). Landa eremuak dira horiek. Nafarroako Pirinioetako datuek egoera larri bat erakusten dute, 2009tik 2019ra biztanleen %14 galdu zuelako —Pirinioaurrean, ordea, handitu egin da biztanleria—. Pirinioetan 6.558 biztanle bizi ziren 2000. urtean, 5.841 2009an, eta 5.010 iaz. Dena den, ez da Nafarroan biztanleak galdu dituen leku bakarra. Apalki izan bada ere, Lizarraldeko Erriberak, Izarbeibarrek, Sakanak, Bidasoak, Goi Erriberak eta Larraun-Leitzaranek ere biztanleak galdu dituzte. Bien bitartean, Arga eskualdeak (Iruñerria eta Haranak) herritarrak metatzen jarraitzen du.
Ipar Euskal Herrian, berriz, beste fenomeno bat ari da gertatzen: kostaldean bere horretan segitzen du populazioaren hazkundeak, baina hedadurak kostaldetik gero eta barnealderago jotzen du. Horregatik, Errobi-Aturri, Bidaxune-Hazparne, Errobi eta Hego Lapurdiko populazioa Kostaldekoa eta Aturrikoa baino gehiago hazi da azkeneko hamarkadan. Zuberoa biztanleak galtzen ari da I. Mundu Gerraz geroztik, eta 2009tik 2019ra biztanleriaren %4,6 galdu zuen. Salbaterraldeak eta Oloroealdeak ere biztanleak galdu zituzten denbora epe horretan.
Araba hegoaldeko eskualdeetan ere populazioari eutsi ezinik dabiltza. Bada horren berri ematen duen datu esanguratsu bat: Mendialdeak populazioaren %9 galdu du 2009-2019 epealdian. Trebiñun gertatutakoa ere adierazgarria da, biztanleria galera handia izan baitu: %5,8koa. Kontrara, Arabako lautadak eta Gorbeialdeak eduki dute herrialde horretako hazkunde demografikorik handiena: %6,9koa eta %4,9koa, hurrenez hurren.
Bizkaiari dagokionez, nabarmentzeko modukoa da Lea-Artibai eskualdean herritarren galera egonkorra izaten ari dela aspalditik: 2009-2019 epealdian %2,3koa izan zen, hain zuzen ere. Bilbo Handiak ere biztanleak galdu ditu azken hamarkadan (-%1,2), nahiz eta azken biurtekoan joera horri buelta ematen hasi den. Kontrakoa gertatu da Plentzia-Mungian, esaterako, non biztanleria %11 hazi baita. Arratian (%3,6), Durangaldean (%3,2) eta Enkarterrin (%2,8) ere gora egin du populazioak.
Gipuzkoan, eskualde guztietan egin du gora biztanle kopuruak. Azken hamar urteotan Urola Kostan gertatu da igoerarik nabarmenena (%5,5). 2009an 72.121 biztanle bizi ziren han —2000 urtean 65.818 ziren—, eta 2019an, 76.098.