Ugari erabiltzen dira lagundutako ernalkuntza tratamenduak. Haurdunaldiak lortzeko bide bat dira maiz haurrak izateko zailtasunak dituzten bikote heterosexualentzat, ama bakarrik izateko hautua egiten duten andreentzat eta bi emakumez osaturiko bikoteentzat. Hainbat kalkuluren arabera, tratamendu horien herena-edo donazio bidez lortutako gametoen bidez egiten dira; alegia, emaileek emandako hazia edota obuluak —biak ere izan daitezke— erabilita. Hamarraldiak dira ate hori legez irekita dagoela, eta ezaugarri jakin bat nagusitu da: emaileen anonimotasuna bermatu da. Oro har, gero eta usuago aipatzen da, ordea, behin 18 urte betetzean era horretan jaiotakoei era eman behar zaiela, legez, jatorri biologikoaren berri izateko eta horren inguruan zer jakin nahi duten ebazteko.
Egun, Espainian eta Frantzian indarrean dauden legeen arabera, ezinezkoa da; emailearen anonimotasuna urratzeko motibo bakar bat onartzen da: donazioaren bidez jaiotako pertsonaren «osasuna» auzitan egotea. Gainerakoan, konfidentzialtasuna erabatekoa da. Badira bestelako era batean funtzionatzen duten herrialdeak, ordea; tartean badira anonimotasunean jardun ostean, jarreraz aldatu duten hainbat herrialde ere: esaterako, Erresuma Batua eta Herbehereak. Eta joera hori EB Europako Batasun osora zabal dezakeen gomendio bat zirriborratuta dago: izan ere, Europako Kontseiluaren Biltzar Parlamentarioak esanda dauka agiri batean egokia litzatekeela, hemendik aurrera egiten diren tratamenduetan, anonimotasun hori bertan behera lagatzea. Ingurumari horretan,badira mugimendu gehiago ere. Frantzian, esaterako, auzia eztabaidagai dute bioetika gaiak arautzeko lege berrian. Espainian, gaiari buruzko bi agiri kalean dira. Bioetika Batzordeak auzia aztertzeko atera duen txostenean egin du anonimotasuna kentzearen alde; Espainiako Ugalkortasun Elkarteak—arloko profesionalena da—, berriz, agiri batean azaldu du ez dagoela anonimotasuna bertan behera uzteko motiborik.
Itziar Alkorta Zuzenbide Zibileko irakaslea da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta aditua ernalkuntza lagunduarekin lotutako gaietan. Ulertzen du zerk ekarri duen eztabaida lehen lerrora: «Orain hasi dira anonimoak izan diren emaileen bidez jaiotako umeak heldutasunera iristen, eta hitz egiten», azaldu du: «Gero eta gehiago dira esaten dutenak beraiei kaltea egin diela familia barruko sekretuak». EHUko irakasleak auzia behar bezala ulertzeko hitz garrantzitsu bat aipatu du: «Sekretua». Izan ere, ez da ezohikoa ahopean esandako hitzen oihartzuna donazio bidez seme-alabak izan dituzten sendietan. Ezinezkoa da ama bakarrik izatea erabaki duten emakumeentzat, baita bi emakumez osaturiko bikoteentzat ere, baina bikote heterosexual askok erabakitzen dute ez deus esatea seme-alabei beren jatorri biologikoari buruz. Alkortaren arabera, %85 inguru dira. Espainiako Ugalkortasun Elkarteak gaiaz atera duen agirian bertan argi onartu dute hori: «Ikerketa guztiek agerian uzten dute guraso gehienek ez dietela seme-alabei beren sorburuaren berri ematen». Are gehiago, dokumentu horretan adierazi dute programak sortu behar liratekeela ernaltzeko era horren atzean oraindik dagoen «estigma» arintzeko: gurasoei horren gainean mintzatzea errazteko.
Baina esan nahi ez duten gurasoek, edo zama hori gainditu ezin dutenek, anonimotasuna bermatzen duten legeen babes konplizea sentitzen dute sekretuan betikotzeko: egun, inolako agiri ofizialetan ez da jarri behar deus era horretan jaiotako pertsonen ernalkuntzak izan zuen berezitasunaz. «Legeak esaten du erregistro zibilean ezin dela inolako aipamenik egin ume horien jatorriari buruz», gogoratu du Alkortak.
Jakin nahia
Eta sekretuaren aldeko hautu hori —edo jatorriaren berri izanda ere haren identitatea ezagutu ezina—«ezinegon» motibo da tratamendu horien bidez sortutako zenbait pertsonarentzat: «Hain zuzen, beraiek esaten dute hori: pertsona helduek. Horri aurre egitea zaila da. Heldu moduan, aritu gaitezke esaten adingabeek zer behar duten, zer ez duten behar, baina hauek ez dira adingabeak. Beraiek esaten badute, kasu egin beharko zaie». Europako Kontseiluaren Asanblea Parlamentarioak gaiari buruz zirriborratu duen agirian bertan jartzen du, hainbat ikerketari erreferentzia eginda, donazio bidez jaiotako pertsonen erdiek-edo «gutxienez» badutela beren jatorri genetikoari buruzko informazio motaren bat izateko nahia, eta hori aintzakotzat hartu behar dela.
Pentsatzekoa da igaro urteotan genetikaren arloan egin diren aurkikuntzek, eta horien hedatzeak halaber, motiboak ekarri dituztela gaiari buruzko gardentasuna sustatzeko ere: izan ere, egun banku genetikoak badira Interneten, edonoren esku; horietan DNA laginak partekatu eta jatorri biologikoen bila ibiltzeko era dakarte. Legearen babesik izan gabe ere, hor daude horiek erabiltzeko tentazioa eta aukera, eta pentsatzekoa da jendeak erabiliko dituela; izan ere, anonimotasuna bertan behera uztea erabakitzen bada ere, erabaki hori izango da hemendik aurrera tratamendu horien bidez jaiotakoentzat; sorburu biologikoen berri izan ezinik jarraituko dute askok.
Tratamenduen porrota
Gorka Barrenetxea medikua da; ernalketa lagunduaren arloan dihardu, eta Espainiako Ugalkortasun Elkarteko zuzendaritzako kidea izana da. Uste du anonimotasuna bertan behera uzteak arazoak ekarriko dituela. Argi du, esaterako, Erresuma Batuan aldaketa egitea kalterako izan zela. «Ekarri zuen emaileen desagertzea. Izan ere, emaile gehienek ez dute anonimotasuna galdu nahi. Orain, Erresuma Batuko emakumeek sarri joan behar dute beste toki batzuetara haurdunaldi bat lortzeko». Gogora ekarri du, gainera, tratamendu askoren arrakastaren zioa donazioan emandako gametoak direla. Andre askok, esaterako, adinean gora, emakume gazteagoen obuluak behar izaten dituzte, eta ataka zailean geratuko direla uste du. «Ez dute etsiko, jarraituko dute tratamenduak egiten. Baina tratamendurik eraginkorrenak galduko dira; benetan galduko dutenak izango dira haurra izan nahi duten emakume horiek».
Hainbat iturrik klinikei leporatzen diete beren jarrerak zera duela atzean: egun lagundutako ernalkuntzaren tratamenduen atzeko «negozio» oparoa apaltzeko beldurra. Barrenetxeak ukatu egin du, ordea, kritika horren funtsa: «Guk jarraituko dugu tratamenduak egiten, baina eraginkortasuna galduko dugu. Gure tratamendu kopurua ez da jaitsiko, baina emaitzak eskasagoak izango dira, urriagoak. Eta ekarriko du, baita ere, ugalketa turismoa delakoa; nik ugalketa erbesteratzea esaten diot. Kontsultan azaldu beharko diogu jendeari: 'Zoaz estatu batetik bestera; hori da zuk familia bat izateko aukera bakarra'».
Zenbaitetan, osasun motiboak ere aipatzen dira anonimotasuna bertan behera uzteko; jatorri genetikoa ezagutzea garrantzitsua izan daitekeela donazio bidez jaiotakoentzat. Baina Barrenetxeak uste du argudio ere hori ahula dela. «Egun, askoz ere seguruagoa da emaile baten haziarekin edo emaile baten obuluekin jaiotzea», defendatu du. Informazioa, gainera, ematen dela esan du: «Identitatea ez beste edozer jakin daiteke».
«Identitatea». Alkortak esan du muga hori apurtzeak ez lukeela beldurrik eman behar. «Aldaketa egiten bada, emakume eta gizon helduagoak izango dira emaileak, normalean familia dutenak». Emaile horiek anonimotasunaren babesik gabe ere eroso senti daitezkeela uste du: «Eta prest egongo dira etorkizunean beren gametoetatik jaiotako ume horiek ezagutzeko». Aldaketak gogoeta bat egitera behartuko lituzke, hori bai, era horretan haur bat izatera doazen sendiak. «Ezkutatu ezineko zerbait izango denez, gurasoek prestatu egin beharko dute horren berri emateko. Ernalkuntza tratamendu batean sartzen bazara, behartuta egongo zara, psikologikoki ere, ongi ulertzera hori zer den; ez da bakarrik, zera: 'Gu bion artean ume bat izan nahi dugu; bagoaz'. Familiek ongi ulertu beharko dute, eta formakuntza jaso beharko dute, haur horrek etorkizunean jakiten duenerako, edo nola esan behar zaion jakiteko. Ekintza eskuzabal hori nola azaldu jakin beharko dute familiek. Erresuma Batuan badira horretarako programak: gurasoentzako, eta eskoletarako».
Paradigma berri bat
Beharrezkoa deritzo: «Izan ere, urteotan paradigma bihurtu da zera: 'Hau tratamendu mediko huts bat da. Zuk ezin baduzu, jarriko dizugu ordezko zerbait... Baina ehun huts bat da; ez da inportantea. Inportantea da zuk duzun guraso izateko borondatea'». Uste du, ordea, ezin dela familia horien eraikuntza ongi oinarritu jaioko diren pertsona horien jatorri biologikoa ukatuta. Barrenetxeak ere onartzen du gurasoen azalpenen garrantzia; uste du, hala ere, gehiegi erreparatzen zaiela gametoen donazioen bidez umeak izan dituzten familien betebeharrei. Esan du «ugalketa naturalaren» bidez jaiotako pertsonen artean ere badirela sorburu biologikoak zein diren ez dakitenak, eta ez direla nabarmentzen halako kasuetan gurasoek dituzten obligazioak.
Badaki, hala ere, zenbait pertsonarentzat «psikologikoki» garrantzitsua izan daitekeela, identitatea eraikitzeko bidean, jatorri biologikoa ezagutzea. Gogoeta hori bera ikusi izan du, adibidez, emaileen gametoak erabiliz familia sortzeko bidean kontsultan izan dituen hainbat pazienteetan ere. «Nik izan ditut paziente batzuk hemen, Euskal Herrian, adierazi didatenak: 'Nik nahi dut emaile bat, baina ezagutu nahi dut nor izango den emailea'». Atzerrira bideratu behar izan ditu; esaterako, Danimarkara. Izan ere, hango ereduan anonimotasuna hautazkoa dute bai pazienteek eta bai emaileek. «Beraz, lau aukera daude». Anonimotasuna bertan behera uzteko eskeak ozentzen hasi direla ikusita, agian eredu horren aldeko hautua egin daitekeela onartu du. Garbi utzita, hala ere, sektorean ez dutela horretarako aparteko beharrik ikusten: «Gure ustetan, onena litzateke orain arteko moduan jarraitzea».
Alkortakargi du, ordea, egungo ereduak hobetu beharrak badituela. Adierazi du anonimotasunaren auzia argitzeaz gain, egun kliniketan dauden hainbat «kontrol falta» zuzentzera ere egin behar dela. Espainiako legeriaren kasuan, adibidez, urraketak agerikoak direla dio, eta aspaldikoak. «Esaterako, oso nabarmena da emaileen erregistro ofizialik ez egotea; gauza bat da anonimotasuna mantendu nahi izatea; beste bat, berriz, legea ez betetzea. Erregistro horrek eginda egon behar zuen, eta orain dela 35 urte egon behar zuen. Orain, Espainiako Ugalkortasun Elkarteak egindako erregistro bat dago, borondatezkoa, zeinean nahi duenak ematen baitu izena; baina kostata egin dahori ere». Nabarmendu du aldaketak badatoz arazo horiei ere adi erreparatu beharko zaiela.
Anonimotasuna ezbaian dago
Espainiako eta Frantziako legerien arabera, ernalketa lagunduan erabiltzen diren gametoen emaileek anonimoak izan behar dute; ondorioz, tratamendu horien bidez jaiotakoek ezin dute ezagutu beren sorburu biologikoa. Badira jarduteko beste era batzuk; aldatzeko eskeak ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu