Boto gutxi batzuek batera edo bestera mugi dezakete balantza

Pedro Castillok 55.000 botoren aldea ateratzen dio Keiko Fujimoriri, boto guztien %93,4 zenbatuta. Peruko hirigune handietan eskuina nagusitu da; landa eremuetan, ordea, ezkerrak aise irabazi du

Pedro Castillo, atzo, jarraitzailez inguratuta. PAOLO AGUILAR / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
«Hauteslekuetan eginiko lehen zundaketek aldaketak nahi dituzten herritarrez osatutako bi bloke handi erakusten dituzte, baina herrialdearen gaineko ikuspegi oso ezberdinekin». Arrazoirik ez zuen falta Herriaren Indarra alderdiko hautagai Keiko Fujimorik, azken emaitzen esperoan eginiko adierazpenetan. Bi hautagaitzen arteko lehia oso estua izan da, baina, hirugarrenez jarraian, fujimorismoaren kalterako izan daitekeela dirudi. Baliteke eskuineko gainerako alderdien babesa nahikoa ez izatea Peru Libre alderdi ezkertiarreko Pedro Castillori aurre egiteko. Hauteskunde batzordearen arabera, botoen %93,4 zenbatuta, horien %50,16 bereganatu ditu Castillok, Fujimorik baino 0,3 puntu gehiago. Parte hartzea, berriz, %76koa izan da.

Gauzak estu espero ziren, eta zenbaketak ez du kontrakorik adierazi. Hala, bi hautagaiek isilik geratzearen aldeko hautua egin dute, «lasaitasuna» eta «zuhurtzia» eskatuz emaitza ofizialak iritsi bitartean. «Herri esperantzadun bat gara, eta herrian fedea izan behar dugu», adierazi zuen Castillok.

Hauteslekuak itxi berritan argitaratutako lehen inkesta eta zundaketek berdinketa tekniko bat adierazten zuten. Orduek aurrera egin ahala, baina, Fujimoriren garaipena irudikatzen hasi ziren lehen emaitzak: Lima hiriburuan —han bizi dira Peruko herritarren laurdenak— botoen %65 inguru eskuratu ditu, eta hirigune gehienetan ere hark irabazi du. Castillok argi zuen, baina, une batetik bestera egoera irauli zitekeela: «Gure botoak zenbatzea falta da». Eta hala izan da, botoen %94 inguru zenbatuta zegoela aurreratu baitzuen lehen aldiz Fujimori. Izan ere, kontaketa motelagoa izan da landa eremuetan, eta horietan, oso bestelakoa da panorama. Barrualdeko hainbat departamendutan botoen %80ren langa ere gainditu du Peru Libreko hautagaiak.

Politikagintzara iritsi berri, Castillo ez zen bigarren itzulira igarotzeko faborito nagusien artean ageri, baina, botoen %18,9 eskuratuta, bost puntu baino gehiago atera zizkion bigarren geratu zen Fujimoriri. Gauzak hala, mutur bat edo bestea hautatu behar zuten igandean hautesleek: ezkerra edo eskuin autoritarioa.

«Peru sakonean» hazia da Castillo; lehen hezkuntzako irakaslea eta SUTEP sindikatuko kidea da, eta 2017ko hezkuntza grebako liderretako bat izateagatik egin zen ezagun. Hezkuntza arloan eginiko proposamenak izan dira, gainera, haren kanpainako ardatzetako bat; sisteman «iraultza bat» egiteko asmoa adierazi du. Hori soilik ez: biltzar konstituziogile bat deitzeko asmoa ere azaldu du, gobernuak ekonomian parte hartze handiagoa izatea bultzatzeko. Halere, bere alderdiko buruzagitzatik aldentzearen alde egin zuen azken egunetan, besteak beste, presidentetzara iritsiz gero merkatu ekonomia errespetatuko lukeela esanez.

Fujimorismoak irauten du

Oso bestelakoak dira Fujimoriren nahiak. 2016ko bozetan bere aita Alberto Fujimori presidente ohiarekin hausteko nahia adierazi ostean —preso dago, besteak beste gizateriaren aurkako krimenengatik—, fujimorismoaren aldarria berreskuratzea erabaki zuen kanpaina honetarako. Bigarren itzulirako, gainera, eskuineko gainerako alderdien babesa ere eskuratu zuen. Haiek Castillori aurre egiteko antidoto gisa aurkeztu zuten Herriaren Indarra alderdiko burua.

Kontra izan du, ordea, haren aurka irekita dagoen ikerketa judiziala; fiskaltzak dirua zuritu izanaz akusatu du, Odebrecht kasuarekin lotuta. Gauzak hala, azken bi bozetan gertatutako bera gertatu dakioke berriz ere; 2011n, 2,9 punturen aldeagatik galdu zuen bigarren itzulian, Ollanta Humalaren aurka; 2016an, berriz, 0,2 puntugatik, Pedro Pablo Kuczynskiren kontra.

Peruko presidente kargua eskuratzen duenak uztailaren 28an egingo du karguaren zina, herrialdearen independentziaren bigarren mendeurrenean. Hortik aurrera, ez du egoera samurra topatuko. COVID-19ak biztanleko heriotza gehien eragin dituen herrialdea da, eta azken urteetan agerikoa izan da ezegonkortasun politikoa. Egun, hamar zatitan banatuta dago parlamentua. Hurrenez hurren, Peru Libre (37 diputatu) eta Herriaren Indarra (24) alderdiek dituzte eserleku gehien, baina gehiengo osotik urrun (66).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.