1. Ezagutzen al duzu pezetatan kalkulatzen duenik oraindik? Bai, gure amona oraindik pezetatan kalkulatzen ibiltzen da zenbat balio duen etxe batek, adibidez.
2. Amonak... ja... Bueno... ni ere hala ibiltzen naiz batzuetan. Baina zertarako jakin nahi duzu hori, lotsagabe hori?
3. Pezeta historia izango delako behin betiko aurki. A zer nobedadea, gazte! 2002ko urtarrilaren 1ean hasi ginen denok euroekin, eta pezeta historia dela orain?
4. Bai horixe. Aurtengo abenduaren 31n bukatuko baita pezetak euroen truke aldatzeko epea. Ba al dakizu zenbat pezeta dauden oraindik aldatu gabe? Aurrekoan irakurri nuen 1.600 milioi eurotik gora daudela, 266.500 milioi pezeta, eta harrituta gelditu nintzen, alferra izan behar delako gero diru freskoa nahi ez izateko.
5. Hara! Zerbait badakizu orduan... Zer uste zenuen, ba, sasijakintsu hori? Badakit euroa indarrean sartu zenean ere 48.750 milioi euro adina pezeta zeudela jirabiraka. Ordutik, kopuru horren %97 aldatu da, baina beste %3 falta da aldatzeko oraindik. Eta, honezkero, bakarrik Espainiako Bankuan egin dezakete aldaketa. Hori ere badakit.
6. Ba, jaka zaharren patriketan begiratu beharko dugu, ezta? 25 pezetako txanpona topatzeko itxaropenez edo? Begira, 1939tik jaulkitako pezeta guztiak alda ditzakezu Espainiako Bankuan, txanponak eta billeteak, betiere haien azaleraren erdiari baino gehiagori eusten badiote, eta, txanponen kasuan, ez badaude zapaldurik edota zulaturik. Are, 1939koak baino zaharragoak ere alda ditzakezu, betiere bankuko adituek diru hori aztertu ondoren. Bilduma berezietako txanponei ere balio bera emango diete, ordea. Hobe da horiek ez aldatzea.
7. Eta nolatan geratzen da oraindik hainbeste pezeta aldatu gabe? Esaten dute bildumak egiteko nahi dituztela askok, atzerritarrek oroigarri gisa eraman zituztela bere garaian, edo ahaztuta daudela diru zorro zaharretan, edota orain arte ezin izan dituztela atera, ez zelako diru garbia izango; batek daki. Baina kontua da oraindik badutela etekina ateratzea iraganeko diru horri.
8. Baina argi al daukazu, orduan, zenbat pezeta diren euro bat? Zuk baino hobeto dakit: euro bat 166,386 pezeta dira. Hori da teoria, baina praktikak esaten dit euroko txanponarekin ehun pezetakoarekin erosten nuena baino ezin dudala erosi. Eta horregatik daukat inozoek duten azkura deseroso hori.
9. Euroarekin hasi ginenean, ba, oso zoriontsu geunden denak... Ez dakit, ba, inkesta ederra egingo zen galdetuta galtzen edo irabazten atera ote garen euroarekin. Dakidana da 2002an hiru hilabetez aritu ginela bi dibisekin, eta epe hura bukatu zenean askok benetan txarto pasatu zutela euroarekin ohitzeko. Izan ere, 1869tik daude pezetak Hego Euskal Herrian, 130 urte baino gehiago 2002ra arte.
BAKARRIZKETA
Bi pezetaren trapua baino gehiago gordetzen duena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu