Dena ez da laino beltza

Ezkerreko hankarekin hasi zuten kanpinek urtea, baina erritmo onarekin udako denboraldia. Hurbileko turismoak zeresan handia eskuratu du, denentzat egoera berdina ez bada izan ere.

Talai Mendiko bi kanpinzale, Zarauzko hondartzara begira. JON URBE / FOKU.
Julen Otaegi Leonet - Olatz Silva
Zarautz-Arbizu-Gorliz
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Sekula ez bezalakoa izan da udaberria, eta halakoxea da aurtengo uda ere. Kolpe latza jaso du turismoak itxialdiko hilabeteetan; ordea, alarma egoera amaitzearekin batera, badira hobera egingo duen zantzuak. Inoiz ez bezala, hurbileko turismoak xarma eta garrantzia bereganatu ditu urruneko helmugen ordez

Gertutasun hartan ibili nahian, lau hormetatik ihes egiteko alternatiba gisa aurkeztu dira euskal kanpinak. Hainbat hilabete etxean konfinatuta igaro ostean, itxialdiak efektu argia izan du gizartearengan, eta jendeari hainbeste falta izan zaion askatasuna eskaintzen diote. Gainera, badirudi segurtasuna eta lasaitasuna nahitaezkoak direla aurten oporretako helmuga hautatzean; uda honetan leku ireki eta espazio pertsonal seguruak erakargarriak izateaz gain, lehentasuna dira bisitarientzat.

ZARAUTZ
Talai Mendi kanpina


Uztailean ireki zuten Talai Mendi kanpina, Zarautzen (Gipuzkoa), eta erritmo onarekin hasi zirela adierazi du arduradunetako batek, Haimar Arozenak: «Atzerritik jende gutxiago zetorren, baina tokikoekin bertakoekin konpentsatzen zen. Ikusita nondik gentozen, ondo hasi genuen uda». Hil hasieran ireki eta bi astera, baina, denen begiradapean zegoen Talai Mendi: bi kanpinzale ohik positibo eman zuten. Bezero eta langile guztien artean 250 PCR probetatik gora egin zituzten. Bi positibo agertu ziren, baina fokurik egon ez zela baieztatuta, normaltasunera itzuli ziren hurrengo egunean.

Halere, Arozenak azaldu duenez, egoera ez zen inolaz ere berbera: «Lanean normal jarrai genezakeela esan ziguten. Normal bai, baina kanpina husturik. Jende nahikotxo geneukan, baina jende oso gutxirekin geratu ginen. Ordu gutxian kaltea handia izan zen guretzat; oraindik ere deitzen digute galdetzeko ea konfinaturik gauden». Gertakariaren ondoren, 250 bezero ingurutik herena geratu ziren kanpinean. Gehienak, atzerritarrak; ingurutik etorri ziren kanpinzaleek ospa egin zuten.

«Desastre hutsa» izan da negozio ikuspuntutik, baina jazotakoa guztiz «logikoa» deritzo arduradunak. Kanpin batean horrelakorik gertatzen den lehen aldia izan da, eta denen arreta bereganatu du Talai Mendik: «Zentzu guztietan puztu da gertatutakoa. Hori izan da diskurtsoa, jendeak irentsi duena. Jendea lasai etortzera dator, eta ulergarria da emaitza».

Zailtasun guztien gainetik, atzerritarren etorrera ohi bezala ari da mantentzen Talai Mendin. Datorkiena, aldiz, «ezjakintasunez» ikusten du Arozenak: «Oraintxe bertan, ez dakigu zer esan. Ez da konparagarria izango beste udekin, baina ona izan daiteke. Joan zirenen parte bat itzuliko balitz, gaitz erdi!». Uztailean, behintzat, eguraldiak lagundu die Talai Mendikoei, baita Zarauzko hondartzak ere.

Izan ere, surf egiteko leku gisa «gero eta ezagunagoa» da Zarautz, eta asko dira kanpinera doazenak surf oholarekin. Zaletasun berbera dute bezero askok, eta, Arozenaren ustetan, leku gutxitan lortu daiteke kanpinetan ohikoa dena: «Kanpinzaleen artean harremanak sortzen dira. Estilo berdineko jendea etortzen da, eta segituan nabaritzen da haien arteko kontaktua. Nire ustez, hemen sortzen diren harremanak ez lirateke sortuko beste inon».

Talai Mendiko kanpinzale errioxar batek uztailaren 10etik darama Zarautzen, eta kanpina leku «segurua» dela adierazi du. Urtero bezala igaroko du hilabete bat euskal kostaldean. «Lasaitasun» osoz gogoratzen du uztail erdialdean gertatutakoa: «Hogeita lau orduko kontua izan zen, eta ez zen izan inongo arriskurik. Guztia zuzen egin zuten, eta segituan baretu zen kanpineko egoera».

ARBIZU
Eko kanpina


Hondartzak Talai Mendira bezala, mendiak erakartzen ditu bezeroak Eko kanpinera, Arbizun (Nafarroa). Ezohiko uda izanda, «nabarmen sumatu» dute atzerriko jendearen falta, eta tokikoak bertakoak izan dira nagusi. Orain, hirietara joan baino gehiago, mendi bueltak eta txangoak egiten dituzte kanpinzaleek. Izan ere, Aralar, Urbasa eta Andia mendien artean dago kanpina.

Urte osoan irekitzen dute kanpina, abendutik urtarrilera bitartean izan ezik. Tamalez, aurten martxoaren 15ean berriro itxi behar izan zuten, eta ondorioen inguruan aritu da arduradunetako bat, Jesus Mari Reparaz: «Kalte ekonomikoa nabarmena izan zen, noski. Ez zen diru sarrerarik izan, eta gastuek bere hartan jarraitu zuten ». Gainera, itxialdian zehar, aukera paregabeak galdu zituzten: San Joseko zubia, Aste Santua, Ehunmiliak eta Tritoiena lasterketak... Abuztuaren 30ean egitekoa dute hori.

Itxialdiko bigarren fasera sartu ostean ireki zuten kanpina, maiatzaren 29an. Ekain amaiera aldera arte «lan oso gutxi» izan zuten —nafarrak soilik joan zitezkeen fase guztiak amaitu arte; erkidegoen arteko mugak itxirik zeuden—. Beraz, normaltasun berrira iristearekin batera, goia hartu zuen kanpinak: «Beste urteetan sanferminak amaitu arte ez da mugitzen jendea, eta, aurten, uztail hasieratik ongi ari gara. Kontentu gaude».

Ez zaizkie falta gustura jarraitzeko arrazoiak. Abuzturako aurreikuspenak onak dituzte Arbizuko kanpinean, alokairu dituzten etxetxoak beterik baitaude, eta asteburuero «mukuru» betetzen baitira lursailak.

Kanpinzale asko itzuli ohi dira berriro, baina lehenengo aldiz kanpinera joatea erabaki dutenak ere badirela azaldu du Reparazek. Hurrengo urteetara begira, kanpineko arduradunaren ustez egonkortu daiteke tokiko bertako jende gero eta gehiago etortzearen joera: «Hedabideen eraginez dei efektua egon dela garbi dago, eta esperientzia ona izanda, jendeak hurrengo urteetan errepikatu egiten du».

Kanpineko bezeroek ere izan dute zer esan aurtengo turismoari buruz. Itziar Gimbert gasteiztarrak Arbizura joatea erabaki du aurten, beste urte dezentetan egin duen bezala. Mendi inguruak eta Sakanako parajeak asko gustatzen zaizkio, eta ontzat jo du inguruko bisitariak aurkitzea: «Euskara gehiago entzuten da aurreko urteetan baino. Bertakoekin topo egitea aukera aproposa da lagun berriak egin ahal izateko».

GORLIZ
Arrien kanpina


Bizkaiko kostaldean, Gorlizko hondartzatik oso hurbil, zuhaitzek kanpin bat ezkutatzen dute, Arrien izenekoa. Eguzkiak ez du gogor jotzen, eta lasai dago kanpina; hostoen artetik sartzen diren eguzki izpiek argia ematen diote tokiari. 280 lagun daude orain. «Ez dago gaizki», dio Javier Fernandez kanpineko kudeatzaileak, «baina joan den urtean data hauetan 480 pertsona zeuden». Asteburuetan, Euskal Herriko jende asko egoten da, baina kanpotar gutxi: «90 frantses egon beharko lirateke oraintxe bertan, eta bederatzi daude. 164 euskal herritar daude orain, baina ez dago kanpoko turismorik». Eguraldi onarekin kanpinak beteta egon beharko lirateke, baina pandemiak dena suntsitu duela azaldu du Fernandezek. Abuzturako hainbat erreserba bertan behera geratu diren arren, bungalowak beteta daude. «Etxean egotea bezala da. Ez dira beste pertsonekin batzen».

Charo Gonzalez getxoztarra bere lursaileko landareak ureztatzen ari da. Hamar urte daramatza kanpinera etortzen: «Uda arraroa izaten ari da. Javierrek kartela jarri ohi du data hauetan beteta dagoela esanez; aurten ez dut ikusi». Gonzalezek gorroto du maskara, eta, horregatik, eroso dago bere lursailean, bertan ez duelako jantzita eraman behar. «Nire tokitik kanpineko jendea ikusten dut, eta denek erabiltzen dute maskara».

Gerizpea aprobetxatuz, Christoph Reichelt ere bere lursailean dago, irakurtzen. Alemaniatik etorri da emaztearekin eta bi semeekin. Hemengo neurriak, Alemaniakoekin konparatuz, zorrotzak iruditzen zaizkio Reichelti: «Maskara beti erabiltzea ez da beharrezkoa. Toki itxietan edo distantzia errespetatu ezin denean erabiltzea nahiko». Kanpinean jendea maskara gabe ikusi duela onartu du.

Naia Hernando Bilboko gaztea lagun batekin etorri da, eta kanpin denda prestatzen ari da: «Kanpin honetara etorri gara autorik ez geneukalako, eta hondartza hurbil dagoelako». Uste du kanpinean lasaiago egongo direla, nahiz eta guztion lekuetan maskara erabili behar duten.

Kanpineko kafetegian Izaskun Alkortak egiten du lan. Konfinamendua amaitu zenean, kanpina bizkaitarrez bete zela dio Alkortak; gero, arabarrez eta gipuzkoarrez ere bai. Mugak ireki zituztenean, baina, jendea Kantabriara joan zen, eta kanpina hustu egin zen. «San Ignazio izango da orain, ez luke tokirik egon behar», azaldu du Alkortak, «kanpinak jende gehien izango zituzten guneak izango zirela espero zen, baina Zarauzko kanpineko kasuak min handia egin duela uste dut». Langileen zein turisten ustez, kanpinak lasaitasun guneak dira. Hala ere, nahiz eta uztailean jendea egon den, mesfidantzaz begiratzen diote abuztuari. Alkorta: «Beldurra ari zaizkigu sartzen gorputzean; eta jendeak nahiago du etxean geratu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.