Esparrurik intimoenean, etxean eragin nahi du Euskaraldiak egunotan: hizkuntza ohiturak errotuen dauden tokian, hizkuntza politikak eragin mugatuena duen eremuan, euskararen transmisioak eta erabilerak zimendua duten lekuan. Itxialdia baliatuta, gogoeta eragin nahi dute hizkuntza ohiturei buruz, eta horiek astintzeko ariketa batzuk proposatuko dituzte. Izatez, etxean ageri da argien erabileran aurrera egin ezina: 25 urtean ez du aurrerapausorik eman, nahiz eta herritar gehiagok dakiten euskaraz. Badago zer landua, baina agerikoa da egoera soziolinguistikoak egiturazko trabak eragiten dituela, bereziki etxean.
Martxan da Etxealditik Euskaraldira egitasmoa. Atzo hasi zen lehen urratsa:etxeko hizkuntza ohiturei buruz gogoeta egitea. Ostiraletik aurrera, egunero ariketa bat proposatuko dute antolatzaileek, euskaraz jarduteko ohitura errotzeko. Bi aste barru bukatuko da egitasmoa, maiatzaren 3an. Ez bidea, ordea: azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da bigarren Euskaraldia, ariketa kolektiboa. Egunotakoa «entrenamendua» izatea nahi dute: hizkuntza ohiturei buruz gogoeta egitea, eta aldatzeko urratsak egiten hastea.
Hamar euskal herritarretik bat aritzen da etxean gehienetan euskaraz (%12), eta beste %4k diote erdaraz adina egiten dutela euskaraz. Finean, biak batuta, sei herritarretik bat aritu ohi da euskaraz etxean. 2016ko Inkesta Soziolinguistikoko datuak dira horiek. Etxeko erabilerari buruzko datu xeheak aztertu ditu BERRIAk, esparru hori izango baitu ardatz Euskaraldiak egunotan. Geldialdi zantzuak oso argiak dira datuetan.
Inkesta Soziolinguistikoa 1991n egin zuten lehen aldiz, eta ordutik ez da areagotu etxeko erabilera. Berdin-berdinak dira datuak 25 urteren ostean: %12 eskas aritzen dira gehienetan euskaraz, eta %4 erdaraz adina. Aldaketatxo bat, bai, nabari da datuetan: herritarren %7k tarteka euskaraz egiten dute etxean, eta lehen %3 ziren. Bostetik lauk erdara dute ohikoa.
Etxeko erabileran ez, baina euskararen ezagutzan aurrerapauso nabarmena izan da urteotan —ez leku guztietan berdin—: herritarren %28k diote gai direla euskaraz jarduteko. 1991n, %22k. Kopurutan, hau da aldea: euskara 223.000 herritar gehiagok dakite —1991n 529.000 ziren, eta 2016an, 752.000—, eta etxean 43.000 gehiagok erabili ohi dute —1991n, 369.000, eta 2016an, 412.000—. Euskal Herriko biztanleria areagotu egin da urteotan, eta horrek dakar etxeko erabilera kopurutan igo izana ehuneko bera izanik ere. Ezagutzaren igoera eta erabilerarena alderatuta, hara ondorioa: 1991n, zekitenen %70ek egin ohi zuten euskaraz etxean, erdaraz beste edo gehiago; 2016an, %55ek.
Euskaldunen soslaia
Bi argazki dira horiek, 1991ko eta 2016ko zenbaki orokorrak. Baina ezagutzatik erabilerarako salto handiago hori ulertzeko, komeni da bilakaerari xeheago begiratzea. Urteotan, izan ere, asko aldatu da euskaldunen soslaia, eta aldatu egingo da datozen urteetan ere. Etxeko erabileraren geldialdiarekin lotura dauka horrek.
1991ko erabilera zertan zegoen, hiru erpin dira nabarmenak. Bat: adina. Zenbat eta zaharrago, erabilera handiagoa: 65 urtez gora, %23k egin ohi zuten euskaraz etxean, eta 16-24 urterekin, %13k —haiena zen erabilera txikiena—. Bi: jatorrizko hizkuntza. Euskara etxean jaso zuten gehienek hala egin ohi zuten etxean, %74k. Eta hiru: etxea erabileraren indargunea zen; beste eremuetan baino gehiago egiten zen han euskaraz.
Zer aldatu da 2016an? Bat: adina. Gazteen erabilera da handiena: 16-24 urterekin, %18koa —ez da, beraz, 1991n edadekoek zuten erabileraren heinera iristen—. Eta bi: etxean baino gehiago egiten da euskaraz beste eremu batzuetan, batik bat eremu formaletan. Ez da aldaketarik izan lehen hizkuntzari dagokionez: euskara etxean jasoa dutenak mintzo dira gehien. Euskaraz dakitenak hartuta, hara aldea: euskara etxean jaso zutenen %81ek erabiltzen dute; euskara eta erdara jaso zituztenen %42k; eta etxetik at ikasi dutenen %18k.
Kontua da tipologia horretako euskaldunak ugaritu direla azken urteetan batez ere: euskara etxetik kanpo jaso dutenak, batik bat eskolan. Euskaldun berrien ehunekoa hirukoiztu egin da 1991tik: euskaldunen herenak dira jada, eta gazteenen artean, gehiengoa. Oztopoak dituzte euskaraz egiteko: batetik, gaitasun aldetik, aiseago moldatzen dira erdaraz; eta, bestetik, inguruari dagokionez, erdarazko eremuetan bizi dira gehienak, etxetik bertatik hasita. Alegia, bai, herritar gehiagok dakite euskaraz, baina beste ezaugarri eta egoera batzuk dauzkate.
Bikotekidea eta umeak
Etxeko egoera nolakoa den ikusteko, interesgarria da etxe barruko harremanei zehatzago begiratzea. Inkesta Soziolinguistikoak ematen du horretarako aukera. Seme-alabekin egiten da euskara gehien: euskal herritarren %19k egiten die euskaraz. Bikoteko erabilera apalagoa da, ordea: etxeko erabilerarik txikiena, gurasoekin eta neba-arrebekin baino apalagoa. %12k egiten dute bikotean euskaraz, eta, gainera, erabilera jaitsi egin da 25 urteotan. Hara: seme-alabekin euskaraz aritzen direnen herenek erdarara jotzen dute bikotekidearekin jardutean. Kaleko erabileraren neurketak ere aldiz aldi sumatzen du hori: umeei euskaraz egiteko joera hedatua dagoela; helduei, gutxiago. Etxeko erronkaren neurria ematen dute bi datuk: lagunekin baino gutxiago egiten da etxean euskaraz, eta seme-alabekin gutxiago erabiltzen da lantokian baino.
Testuinguru horretan dator Euskaraldiaren egitasmoa. Etxean bereziki eragiten dute hizkuntza ohiturek: erabiltzeko aukerari —etxekideek ba ote dakiten— eta egokierari —hiztunak zer hizkuntzatan hitz egiten duen errazago— erantsi behar zaie eguneroko jokaerak oso errotua egoten direla. 2018ko Euskaraldiaren ikerketan agerian geratu zen hori: partaideek azaldu zuten etxeko harremanak izan zirela aldatzen nekezenak, eguneroko erlazioak direlako, sustraituak —esate baterako, errazagoa izan zitzaien ezezagunei lehen hitza euskaraz egitea—.
Sustraitze horretan zuzeneko zerikusia du norberaren hizkuntza biografiak. Siadeco elkarteak iaz ikerketa bat egin zuen Tolosan (Gipuzkoa), guraso euskaldunen hizkuntza ohiturei buruz, eta sumatu zuen erraztasuna faktore erabakigarria dela etxeko erabileran, batik bat bikotean: harreman intimoetan, giltzarria da erosotasuna. Kontua da euskaldunen %45ek aiseago egiten dutela erdaraz, eta laurdenek, aiseago euskaraz. Gazteetan, gehienek erdaraz hobeto egiten dute. Eta erabilera dago hor jokoan: erraztasunik ezak ez erabiltzea dakar, eta ez erabiltzeak, aldi berean, erraztasunik eza. Sorgin gurpila sortzen da.
Euskaraldiak kate hori apurtu nahi du, eta gertuko harremanei helduko die egunotan, itxialdi garaian ugaritu direnei: etxeari, familiari eta lagunarteari. Ohitura trinkoenen horma eraitsi nahi du horma arteko garaia baliatuta.
Bihar: Hizkuntza ohiturei buruzko elkarrizketa Gemma Sanginesekin