Hiru edo lau urteko kontratuak. Unibertsitatearekin, edo gobernuekin. Soldaten arteko aldeak. Ikerketa ordu anitz, eta ordaintzen ez diren irakaskuntza orduak. Baina soldatapeko bertze lanik egiteko debekua. Eta, oro har, prekaritatea. Horrelakoa da Euskal Herriko doktoregaien egoera, EHUko doktoregaien asanbladak azken urteotan egindako protestetan salatu duenez —ortziralean berriz bilduko dira, Bilbon—. «Kontratu ezberdinak dauzkagunez, soldata ezberdinak dauzkagu, baina batezbestekoa 900-1.000 euroan egongo da», azaldu du Eneko Romero Amantes doktoregai eta EHUko doktoregaien asanbladako kideak. «Eta, gainera, matrikula ordaindu behar dugu». Aldeak ere badituzte elkarren artean: «Nire laborategian, adibidez, 200 euroko soldata arrakala dugu gure artean, lan bera egiteagatik». Eta bakardade handia: «Bakoitza bere laborategian dago, bere ikerketa taldean, eta ez ditugu besteak ezagutzen».
Euskal Herriko unibertsitate publikoetan, doktoretza egiten ari diren 4.400 gazte inguru daude, EHUk eta NUPek emandako datuen arabera —Baionako Unibertsitatearekin ere mintzatu da BERRIA, baina ez dio xehetasunik eman—. Horietatik ia 800ek dute kontratu bat unibertsitateren batekin edo gobernuekin: 650 inguruk EHUn, eta 122k NUPen. Guztietan dituzte baldintza antzekoak, halere.
Egoera hori duindu eta doktoregaiak saretzeko asmoz sortu zuten EHUko doktoregaien asanblada, 2017. urtearen bueltan. Espainiako legedian aldaketa bat egin nahi izan zuten orduan doktoregaien kontratu taldeari zegokionez, eta horren aurka hasi ziren biltzen. «Konturatu ginen ikerlari gisa unibertsitatearena mundu oso feudala zela». Soldatak hobe zitezela eskatzeko elkartu ziren hasieran, eta doktoregaiek ematen dituzten irakaskuntza orduak kontrolatzeko protokolo bat eskatzeko gero, ohartu baitziren ez zegoela horren gaineko kontrolik. Baina, orain, nolabait «pauso bat atzera» eman dutela aitortu du Romerok: «Eskatzen dugun minimoa da EPIPFa bete dadila».
2019ko martxoan onartu zuen Espainiako Gobernuak doktoregaien soldata minimoak eta baldintzak zehazten dituen EPIPF estatutua, prestakuntzan dauden ikertzaile doktoregaiena, baina asanbladako kideek hainbat aldiz salatu dute EHUk ez diela aplikatzen estatutu horrek dakarren soldata igoera. Unibertsitatearen gain jarri dute ardura: «EHU da gure kontratuak sinatzen dituena eta soldata ordaintzen diguna; beraz, soldata minimoa betetzeko ardura harena da». Gainera,atzerako eraginez aplikatu beharko litzateke igoera, Romeroren ustez: estatutua onartu zen lehen egunetik aitzina. Hau da, 2019ko martxoaren 15etik. Eta ez da hala gertatzen.
Ez du iritzi bera Jose Luis Martin EHUko Ikerkuntza arloko errektoreordeak: horretarako dirurik ez dagoela dio. «Estatutuan zehaztu zuten gastu publikoa ezin genuela handitu; beraz, arazo juridiko baten aurrean gaude. Ezin ditugu soldatak igo gastu publikoa emendatu gabe, bestela jendea kaleratu beharko baikenuke». Martinek zehaztu du kontratuak berritzen dituztenean—urtero berritzen dira— aplikatzen dietela aldaketa, eta kontratu berriei ere ezarri dietela jada. Beraz, gutiengoa lirateke soldata igoera jaso ez dutenak: «Gelditzen direnak Espainiako ministerioak ematen dituen kontratuak dira: FPI eta FPU delakoak. Eta ministerioak ez digu dirurik eman horientzat».
Romeroren iritziz, aldiz, dirurik ez jasota ere guziei igo beharko lieke soldata EHUk: «Haien esku dago soldata igotzea ala ez, eta, gainera, estatutu berria Espainiako Estatuko aldizkari ofizialean agertu zenetik igo behar dute, atzerako eraginez; ez kontratuak berritzerakoan».
Ikasle edo langile?
Romerok argi du: «Lan gatazka batez ari gara». EHUko errektoreordearentzat, berriz, ez dago hain argi hori. «Doktoregaien kondizio bikoitzagatik sortzen da lehendabiziko arazoa: ikasle eta kontratatu dira aldi berean. Eta, egiaz, lehenik ikasleak dira, eta ondoren kontratatuak». EHUko doktoregaien asanbladako kideak, aldiz, ez du uste kontraerranik dagoenik horretan: «Guk matrikula ordaintzen dugu, alde batetik, ikasleak izateko, eta, bestetik, lan kontratu bat dugu unibertsitatearekin, irakasle-ikertzaileen errektoreordeak sinatua. Beraz, langileak gara». Lanaren aitortza eta horren araberako baldintzak exijitzen dituzte.
EHUk azken urteotan aplikatu dien bertze neurri bat ere salatu du Romerok: «Kontratua bukatzen zaigunean, ez digute kalte-ordainik ematen». Lehenago ordaintzen zietela azaldu du Romerok, baina azken urteotan aldatu egin dela hori.
Lege propioaren eske
Baldintza txarrak edukitzeak ondorio zuzena du oro har Euskal Herriko ikerkuntzaren arloan, Romeroren ustez: jakintza galdu egiten dela. «Ez dago ikerkuntza lerro bati jarraitzeko aukerarik, eta jende askok, lau urtez tesia egin ondoren, gero irakasle masterra egiten du, eta ikastetxeetako irakasle aritzen da azkenean; edo atzerrira joaten da, baldintzak hobeak direlako». Baldintza kaskarrengatik da hori, haren ustez: «30 urterekin 1.000 euro kobratuz, zer bizi proiektu eramango duzu aurrera?». Garun ihesa salatu du. «Herri gisa egiten den inbertsioa galdu egiten da. Unibertsitatean geratzea mirari bat da»
Baldintza minimoez harago, ikerketarako baldintza duinak nahi dituzte asanbladako kideek: «Orain dela bi urte, dezente gehiago eskatzen genuen». Euskal Unibertsitate lege bat galdegin dute horretarako, zeinak zehaztuko lituzkeen lan baldintzak. Politikariek ez diete kasurik egin, ordea. «Eusko Legebiltzarrean egon gara bitan, eta bietan jaso ditugu hitz politak alderdi guztien partetik, baina Jaurlaritzak ez du ezer garatu».
Eskaera zehatzak dituzte: doktore ez diren irakasleen artean gutxieneko ordainsaria duen taldearekin parekatzea haien soldata—urtean 25.447,50 euro—, murrizketarik gabe; edota, murriztapenak aplikatzekotan, soldata oinarria handiagoa izatea: doktore ikertzaileena. Martinek ere nahiagoko luke hala balitz: «Nahiko nuke diru gehiago bagenu ikerketarako; soldatek hobetu beharko lukete, ikertzaile guztienek». Horretarako gakoa bera da, bien ustez: borondate politikoa.
Ikerketa lanerako duintasun eske
Euskal Herrian ia 800 doktoregai ari dira kontratupean tesia egiten unibertsitate publikoetan. Askotariko egoerak dituzte, baina anitzek hilean 1.000 euro inguru jasotzen dituzte, edo gutxiago. EHUko doktoregaiak protestan ari dira ikerketa baldintza duinak eskatzeko: gutxienez Espainiako EPIPF estatutua bete dadila eskatzen dute, baina Euskal Unibertsitatearentzako lege bat dute zerumuga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu