[EUS] Txalo zaparrada gaur egun guztian PCRak egiten aritu diren osasun langileei.#ordizia#koronabirusa#coronavirus#COVIDー19
[CAS] Aplauso masivo para las personas trabajadoras que hoy han estado realizando las pruebas de PCR durante todo el día. pic.twitter.com/UiMKH90nqC— Ordiziako Udala (@Ordiziako_Udala) July 6, 2020
Boluntarioki hala erabakitako herritarrak joan ziren atzo testak egitera; Etxezarreta kaleko tabernetan ekainaren 27tik hona ibili diren herritarrei zuzendua zen deia. Zehazki, Sarri, Haka, Miami eta Kebab ostatuen gaineko kezka plazaratu zuten osasun agintariek. Etxezarreta kaleko gainerako ostatukoak irekita egon ziren atzo, eta jendea ibili zen horietan. Herritik kanpo bizi eta ostatu horietan ibili diren pertsonentzat ere jarri dute kontakturako bide bat: 900-20 30 50 telefonora deitu behar dute. Espainiako osasun agintariek ere hizpide izan zituzten atzo Ordiziako kasuak; «inportatutako» kasu batetik eratorritakoak direla jakinarazi zuten.
Testak egiteko karpak ipini zituen Osakidetzak osasun zentroaren aldamenean, Barrena parkean, eta horietan naro-naro ibili zen atzo jendea egun osoan. Osasun agintarien arabera, atzo bertan 500-700 test egitea zen hasierako asmoa: minutuko ia proba bat egiteko gaitasuna zutela adierazi zuten. Karparako ordua eskatzeko ilaran, adibidez, Aitor eta Itziar Zabalegi neba-arrebak. Telefonoz osasun zentroarekin kontaktuan jartzea zeinen zaila izan den esan dute biek. «Goizean goizetik aritu gara: ezin iritsi dabiltza». Behin kontaktua eginda, informazioa nahiko argia izan zela onartu zuten. «Aholkua izan da, emaitza izan arte, bakartuta egoteko, eta negatibo izanda ere, egun batzuetan adi ibiltzeko». Izan ere, ezin da guztiz fidatu: izaten dira testetan negatibo eman ostean ere agertzen diren kasuak. Aurrez, asteburuan, informazioa nahi baino nahasiagoa izan zela kritikatu zuten neba-arrebek. «Iturri ezberdinetatik informazio berdina jaso dugu: baina ez osoa». Sare sozialen bidezko mezuak nagusitu zirela esan zuten, eta horien inguruan usu sortzen diren «mesfidantzen» harira, egokiagotzat luketela informazio iturri fidagarriagoen emaria osoagoa izatea.
Adur Ezenarro alkatearen arabera, osasun publikoko arduradunekin elkarlanean hartu dituzte hartu beharreko erabaki guztiak eta bide horrexetan jarraitu dute; larunbatean izan zuten lehenengo positiboen berri, eta kasuak taberna batekin lotuta zeudela eta, ostatu hori itxi zuten aurrena, beste hirurak ere ixtea ebatzi zuten ondoren. Etxezarreta kalea eta inguruko beste hainbat desinfektatu egin dituztela esan zuten, eta, akaso, hartu beharko direla neurri gehiago ere.
Jendea galdezka
Osakidetzaren izenean testak egiteko eremuan ziharduten teknikarien arabera, gaur ere jarraitu beharko dute lanean azterketak egiteko karpan: «Jende asko dago». Gaur testa egiteko ordua zutela zioten herritarrak ere bazebiltzan han inguruan. Kezkatuta mintzo ziren, batez ere, itxaronaldian zer egin behar duten argi ez zutelako: ez zietela behar bezalako argibiderik eman azaldu zuten hainbatek. «Fisioterapeuta naiz. Ezin naiz lanera joan? Gurekin afaltzen egon zen adiskide batek denda bat du. Ezin du denda zabaldu? Zer esan behar diot?», galdezka ari zen andre bat. Osasun teknikarien aholkua izan zen betiere emaitzak izan bitartean bakartuta egotea komeni dela.
Horiek horrela, badaezpadako hainbat neurri ere hartu zituzten atzo Ordizian. Hastekoak ziren haurrentzako udalekuak, esaterako, bertan behera utzi zituen udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, zer etorriko ere, izurriaren aurkako kontrol neurriak «indartzea» erabaki zuen, Ordizia, Beasain eta Lazkaoko eguneko zentroak itxi egin dituzte, eta eskualdeko zahar etxeetan, halaber, kalera irteteko aukerarik gabe utzi dituzte bertan bizi diren adinekoak. Beasaingo Arangoiti eta Lazkaoko Txindoki zahar etxeetan, gainera, bisitarik gabe ere utzi dituzte: zazpi egunez. Ordiziako San Jose zahar etxea birmoldatzen ari dira, eta itxita dago: inguruko egoitzetan daude herriko adinekoak. «Adi egon behar da», gogoratu zuen Gipuzkoako Diputazioko Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak. «Gaitza ikusezina da, transmisio azkarrekoa, eta oldarkorra, bereziki, pertsonarik hauskorrenekin».
EH Bilduk, halaber, adierazi zuen bertan behera utzi duela bihar herrian egitekoak ziren ekitaldia: «Osasun larrialdi honetan, argi dugu lehentasuna herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzeak duela; uste dugu ez dela unea bertan kanpaina ekitaldi bat egiteko». Ostiralean kanpaina Ordizian amaitzekoa zen Elkarrekin Podemos, eta Espainiako Gobernuko presidenteorde Pablo Iglesias, alderdiko idazkari nagusia, bertara joatekoa zen; ez da egingo ekitaldi hori ere.
Hamabi kasu guztira
Jaurlaritzako Osasun Sailak bederatzi koronabirus kasu berri jakinarazi zituen atzo eguerdian egin zuen datuen eguneraketan; Nafarroako Gobernuak, berriz, hiru. Hamabi kasu berri dira guztira. Jaurlaritzako iturrien arabera, atzo jakinarazitako kasu berrietako hiru zeuden Ordiziako ostatuetako positiboekin lotuta. Gipuzkoan beste kasu bat Irunen atzeman zuten. Beste hiru Bizkaian atzemandakoak izan ziren, eta gainerakoak, Araban.