BAKARRIZKETA

Barbieren erretiroa, Bermudetan

ALI HAIDER / EFE.
jokin sagarzazu
2023ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Barbie filmak eragindako marea arrosa arropara eta beste produktu ugaritara zabaldu da. Eta ohi denez, era askotako ondorioak izaten ari da. Baita protagonistarentzat ere.

1 Aurten 64 urte bete ditu Barbiek, eta, segur aski, erretiroan pentsatzen hasia da. Zer finantza kontseilu emango zenioke? Zaila da, ez baitakigu ezer haren bizitzaren alderdi horri buruz. Kotizatu duen ala ez, non eta zenbat. Intentsitate handiko bizitza izan du. Astronauta izan da, zientzialaria eta pop izarra. Diru sarrera handiak izan ditu. Baina gaizki ordaindutakoak eta ordaindu gabeak ere bai: zerbitzari, etxekoandre. Haren jabetzei buruz, berdin: etxetzarrak ikusi dizkiogu, sekulako autoak; baina, jakin, ezer gutxi dakigu.

2 Zergak ordaintzen ote dituen ere ez? Barbiek AEBetako Mattel taldearentzat egiten du lan. Eta hark mundu osoan egitura bat du zergen ordainketa saihesteko. Iaz, zazpi sozietate zituen Delawaren. Estatu hori ezaguna da AEBetan biztanle baino enpresa gehiago dituelako, eta ia zergarik ez delako ordaintzen han. Baina haren sarea harago doa. Hiru sozietate ditu Bermudetako paradisu fiskalean. Beste bi Asian: Hong Kongen eta Singapurren. Eta Europan ere neurriko herrialde bat aukeratu du: Herbehereetan dute egoitza enpresaren bost sozietatek. Gainerako biak, Zipren eta Erresuma Batuan.

3 Entzun dut Barbiek diru asko zor diola enpresari. Egia al da hori? Zorrak eduki baino gehiago, gertatzen dena da ez duela sortzen lehen sortzen zuena. 1997an jo zuen goia: Barbiek bakarrik 1.800 milioi euro fakturatu zituen, eta Barbie Mattelen diru sarrera guztien bi heren ziren. 2015ean bere salmentak erdira murriztu zituen, eta enpresak hamar urte darama urtez urte fakturazioa gutxitzen.

4 Zer egoeratan dago gaur egun? Galerak ditu. Pandemia ostean, Mattelek, beste jostailu fabrikatzaile batzuek bezala, askoz ere salmenta eta irabazi gutxiago ditu. Stock handiak pilatu zituen, eta jostailuen prezioak asko jaitsi ditu. Aurtengo lehen seihilekoan 71 milioi euroren galerak izan ditu.

5 Barbiek bere azken zerbitzua egin duela esan daiteke? Filmaren ondorioz, Mattelek akordioak egin ditu enpresa handi askorekin: Microsoft, Airbnb... Eta, batez ere, arropa sektorekoekin: Zara, Primark, Gap. Baina arrosa modako kolorea bihurtu den arren, Mattelek produktu horien salmenten zati oso txiki bat baino ez du lortzen, 13 milioi euro inguru aurten. Horregatik, gaur egun eta luze gabe behintzat, enpresak bere jostailuen salmenten mende jarraitzen du. Beraz, Barbiek lanean jarraitu beharko du.

6 Panpina moduan? Ziurrenik ez. Luze gabeko estrategia baten lehen urratsa da filma. Enpresaren kontseilari delegatu Ynon Kreizen apustu pertsonala da. Marvel estiloko unibertso zinematografiko bat garatu nahi du. Komiki zigilu horrek ere arazo larriak zituen, eta, gaur egun, diru sarrerarik gehienak paperetik kanpo lortzen ditu: filmak, bideojokoak... Barbieren debutarekin, Kreizek antzeko zerbait lortu nahi du Mattelen beste produktu batzuekin. Funtsean, panpinak panpina izateari uztea. Gaur egun haur gehienen jostailua pantaila baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.