Joan den astean hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean 13/13 sumarioko epaiketa, euskal presoen abokatu lanetan aritutako zortzi herritarren aurka. Hori ikusita, ELDH Demokraziaren eta Giza Eskubideen Aldeko Abokatuen Europako Elkarteak «kezka larria» azaldu du auziaren zenbait inguruabarri buruz, eta Espainiari eskatu dio epaiketa bertan behera uzteko eta auzipetuak kargutik kentzeko.
Akusatuen aulkian eseri dituzte Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Iker Sarriegi, Julen Zelarain eta Nerea Redondo —auzipetuta zegoen Juan Mari Jauregi ere, baina auzitik kanpo utzi dute, haren osasun egoeragatik—. 77 urteko zigorrak eskatu ditu fiskalak,ETAko kideak izatea egotzita.
Besteak beste, elkarteak nabarmendu du abokatuak beren bezeroak ordezkatzeagatik auzipetu dituztela, «Turkian bezala», eta 2010eko apirilaren 14ko polizia operazioa ekarri du gogora, nabarmenduta abokatuen bulegoak arakatu zituztela eta abokatuak bost egunez eduki zituztela inkomunikatuta. Areago, gogorarazi du abokatuen telefonoak zelatatu zituztela CNI Espainiako zerbitzu sekretuek, gutxienez 2008tik, eta, beraz, euskal presoen defentsa estrategien berri izan zutela.
Era berean, elkarteak azaldu du torturaren erabilera frogatuta dagoela kasu honetan, Naia Zuriarrainen testigantza jasota dagoelako Eusko Jaurlaritzak torturari buruz eginiko 2017ko txostenean, eta gogorarazi du Fernando Grande-Marlaska Espainiako egungo Barne ministroa zela instrukzio epailea; baita Estrasburgoko auzitegiak Grande-Marlaskari sarri kargu hartu diola ere, tortura salaketak behar bezainbeste ez ikertzeagatik.
ELDHren arabera, 2010eko apirileko miaketak «irregulartasunez beteak» egon ziren, eta «sekretu profesionala» urratu zen; besteak beste, abokatuen eta euren bezeroen arteko gutun trukea konfiskatuta. Gainera, ohartarazi du 13/13 auzian epaitzen ari direnetatik lau jada zigortu zituztela 11/13 sumarioan.
Hori horrela, ELDHk adierazi du Espainiak «sistematikoki» urratzen dituela Habanako Printzipioak. Horien arabera, gobernuek bermatu behar dute «abokatuak beren lanbide funtzio guztiak betetzeko gai izango direla beldurrik, eragozpenik, jazarpenik edo interferentzia desegokirik gabe». Halaber, «abokatuen segurtasuna mehatxatuta dagoenean, autoritateek ziurtatu» egin behar dute segurtasun hori. Kasu honetan, ordea, Espainiako Gobernua bera da abokatuen segurtasuna mehatxatzen ari dena, ELDHk azaldu duenez.
Horiek horrela, elkarteak «kezka larria» agertu du lege prozeduraren inguruan, uste baitu urratzen ari direla defentsarako, epaiketa bidezko bat izateko, benetako babes judizialerako eta egitate berarengatik bi aldiz epaitua ez izateko eskubidea.
13/13 auzia bertan behera uzteko eskatu du ELDH abokatuen elkarteak
Europako Elkarteak «kezka larria» azaldu du euskal presoen abokatuen aurkako sumarioan antzemandako «irregulartasunen» inguruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu