Hirietako haur eskolak, gainezka

Haurreskolak partzuergoko zentroetan leku gabe geratu dira 300 bat familia. Sindikatuek konponbideak eskatu dituzte, eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri du 2024rako 400 toki gehiago jarri nahi dituela.

Batez ere Bilbon eta Donostian daude arazoak tokiekin; irudian, Bilboko Miribilla auzoko haur eskola. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Gontzal Mendibe Miguel
2023ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Gurasoei buruhauste dezente eragiten ari zaie Haurreskolak partzuergoa azken egunotan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hirurehun familia inguru geratu dira lekurik gabe haurtzaindegi publikoetan, eta horrek dirua galtzea eta senideen laguntza behar izatea ekarri die. «Bidegabekeria» bat dela diote kaltetuek, eta egoera konpontzeko eskatu dute, haur eskola publikoak «beharrezkoak» direlakoan. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko iturrien arabera, behin betiko eta behin-behineko zerrendak alderatuz gero, kaltetutako familiak «askoz gutxiago» dira: «235 haurtzaindegietatik, gutxi gorabehera, hogei bat eskolatan dugu arazoa».

Kaltetutako familia gehienak hiriguneetan eta herri handietan bizi dira, haur eskola pribatu gehien dauden tokietan, hain justu ere. Hezkuntza Sailak argitu du arazoa «batez ere» Bilbon eta Donostian dagoela. Datorren ikasturtean doakoak izango dira Haurreskolak partzuergoko zentroak, lehen aldiz, eta horrek ekarri du matrikulazioak nabarmen igotzea: iaz baino 1.500 ume gehiagok eman dute izena, eta eskainitako 8.600 tokietatik «5.200 inguru» bete dira.

Hala, Steilas eta LAB sindikatuek gogor kritikatu dituzte Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azkenaldian hartutako erabakiak. Sindikatu biak «oso pozik» agertu dira doakotasuna lortzeagatik, baina ohartarazi dute «unibertsaltasuna bermatu gabe» dagoela: hezkuntza zerbitzu publikoa baliatzeko eskubidea «denentzat» izateko exijitu dute.

Sindikatuon ustez, arazoa da jende asko bizi den tokietan eskaria eskaintza baino handiagoa dela; landa eremu batzuetan, ordea, toki asko geratu dira hutsik. «Eskaintza ez dator bat errealitatearekin, eskari handia dagoen tokietan eskaintza urria baita», salatu du Ariane Alberdi Steilaseko kideak. Hain zuzen, salatu du eskari handiko guneak lehenagotik «identifikatuta» zituztela, eta Jaurlaritzak hori jakinda ez duela «ezer egin».

LABeko kide Lorea Igartuak aurreratu duenez, Hezkuntza Sailak esan die «beharra» dagoen tokietan konponbideak ematen saiatuko dela. Hala ere, denbora beharko dela uste du, besteak beste, eraikinak egin beharko direlako: «Ezinezkoa izango da irailerako arazoa konpontzea».

Hezkuntza Sailak, ordea, badauka arazoari aurre egiteko plan bat. «Udalekin elkarlanean ari gara haur eskolen arazoa amaitzeko. 2024rako beste laurehun toki izatea da gure asmoa. Horretarako, eskola berriak eraiki edota jadanik zabalik ditugunetan gela berriak sortuko ditugu», adierazi diote bertako iturriek BERRIAri.

Erantzun eske

Kaltetuek, ordea, berehala behar dituzte irtenbideak. Sara Sarria da horietako bat: «Bidegabekeria bat da hau». Donostian bizi da bikotekidearekin; Sarriak lanaldi osoko kontratua dauka, baina senarrak %56ko elbarritasuna du, eta lanean aritzeko «desgaitasun osoa». Hori dela eta, gizonak ezin du ume txikia zaindu, eta andrea lanean denean, etxean ez dago inor haurraz arduratzeko.

Partzuergoan toki bat eskatu zuten, baina ezezkoa jaso zuten. Haur eskoletan lekuak banatzeko, gurasoei puntuak ematen zaizkie, errentaren edota lanorduen arabera, besteak beste. «Nire senarrari zero puntu eman dizkiote, haren egoerari kasurik egin gabe. Errekurtsoa jarri genuen, eta, Hezkuntza Sailak haren egoera aztertuko zuela esan ostean, berriz ere zero puntu eman zizkiguten». Familiaren egoera «larria» da: «Itxaropen gutxi dugu, baina, mesedez, egoera honi buelta eman behar zaio».

Asun Panduroren kasua antzekoa da. Senarra bazkide kooperatibista da, eta, azaldu duenez, hasieran esan zieten ez zituztela haren datu guztiak aurkeztu behar, baina, halere, horiek azter zitzaten baimen bat sinatu zuen. «Izugarrizko ezustekoa hartu genuen lehen zerrendak argitaratzean: haur eskola publikoan tokirik gabe geratu ginen. Errekurtsoa jarri genuen, eta azaldu ziguten erregimen berezikoa zenez ez zituztela berrikusi gure datuak».

Uneotan bigarrenak dira itxaron zerrendan, baina «oso zail» ikusten dute bi umek tokia uztea. Familiak ez du «akatsa ulertzen», baina Hezkuntza Sailaren deiaren zain daude: uztailean jakinaraziko diete beste eskolaren batean tokirik lor dezaketen.

Baldintzekin desados

Halako egoerak ikusita, sindikatuak gogor mintzatu dira Jaurlaritzaren jarreraz. Steilasek uste du gobernuak haur eskolen doakotasuna «etekin politikoa ateratzeko» ezarri duela, beste hainbat erabaki «kontrako noranzkoan» doazelakoan, hala nola irakasle gehiago ez kontratatzea edota zerbitzuaren ordutegiak murriztea. Ildo horretan, Alberdik gogoratu du Jaurlaritzak uko egin ziola haur eskolak bultzatzeko 11 miloi euroko laguntza bati, Europako funtsekin lotuta, «0-1 urteko haurrentzat ikaspostu publiko nahikoa» zeudela argudiatuta.

Baina, gainera, partzuergoan izena emateko baldintzekin ere ez daude ados Steilas eta LAB. Gaitzetsi dute 2023an jaiotako ume gehienek ezingo dutela zentrootara joan; izan ere, guraso baimenarekin dauden aita-amek ezin dute izena eman, baina baimen hori bukatzean ere ez dute toki librerik izango, kasu askotan. «Partzuergoak martxoan eman zigun baldintza horien berri; guk hainbat proposamen egin genituen, baina ez zituzten onartu», adierazi du Alberdik.

Igartuak erantsi du ez datozela bat partzuergoak gelak elkartzeko hartu duen erabakiarekin. Haur eskoletan bi maila daude: 0-1 urtekoen maila, eta 1-2 urtekoena. Horietako batean gutxieneko toki kopuru bat betetzen ez bada, bi taldeak batzen dituzte, eta «taldekatze gelak» sortzen dituzte. «Hori egiten bada, irailean izena ematen duten umeek ez dute tokirik izango, lekuak okupatuta egongo direlako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.