Lan eremuan sexu jazarpena pairatu duten emakumeei «ahotsa eta aitortza» emango die ELAk bihar, indarkeria matxistaren aurkako egunaren harira Agurainen (Araba) egingo duen ekitaldian. Sexu jazarpena lantokietan, sekretu kolektiboa lelopean, arreta berezia jarri nahi dio sindikatuak gaiari, besteak beste datu kezkagarriak iritsi zaizkiolako esku artera: prekaritatearen inguruko kanpainaren barruan egindako galdetegi batean, 183 jazarpen kasuren berri eman dute emakumezko langileek eurek. Enpresei eta erakunde publikoei neurriak eskatu zizkien sindikatuak, atzo Bilbon eginiko agerraldi batean, eta halakoak negoziazio kolektiboan txertatzea galdegin zuen: «Ezinbesteko aldarria izan behar du».
Ikusi gehiago:«Kasuak banaka ikusi beharrean batera ikusten dituzunean, beste kontu bat da»
Izan ere, enpresetan ia ez dago bortizkeria molde hori atzemateko eta jorratzeko neurririk: «Ez dira martxan jartzen sexu jazarpenaren aurkako prebentzio eta aktuazio protokoloak, ezta horiek eskatzen dituzten baliabideak ere». Jone Bengoetxea ELAko kideak zehaztu du enpresak ez daudela behartuta protokoloak erregistratzera, eta lan ikuskaritzak ez duela jardun hori kontrolatzen: «Ez diete isunik jartzen protokolorik ez daukaten edo betetzen ez duten enpresei».
Ondorioz, erasoetako asko «ezkutuan» geratzen dira. Deustuko Unibertsitateak egindako ikerketa bat ekarri du gogora: «Lantokiko sexu jazarpen kasuen %92 salatu gabe geratzen dira». Erantsi du indarkeria horrek sarri eragiten duela emakumeek lana uztea: «Arrisku psikosozialengatik hartutako bajen edo lan baimenen atzean halako erasoak daude maiz».
Eremu soziosanitarioan
Datu fidagarririk ez dagoen arren, ELAk eskuratu dituen zenbakiek «icebergaren punta» adierazten dute, Leire Gallego Genero eta Gizarte Ekintzako arduradunaren hitzetan. 402 enpresatako langileei eginiko galdetegian 183 kasu azaleratu dira; gehienak, eremu soziosanitarioan, hau da, zahar etxeetan eta etxez etxeko laguntza zerbitzuan. Datua ezin da orokortu, justu sektore horretan egin dituztelako inkesta gehienak, baina Gallegok uste du «arazoaren neurria» eman dezakeela: «Lan arlo guztietan gertatzen da sexu jazarpena». Eta erantsi du bereziki zaurgarriak direla zaintzaileak: «Eremu feminizatua da, eta prekarioa: langile ratioak oso txikiak dira; beraz, sarri bakarrik egon behar dute espazio itxietan». Erasoak fisikoak, ahozkoak edo psikologikoak izan dira. «Denak dira larriak, eta denak dira ikusezinak».
Ikusi gehiago:Bortxa matxistaren aurkako tresnak exijituko ditu LABek
Ikusezintasun horrek, era berean, zaildu egiten du jazarpenari aurre egitea. Nahia Fernandezek azaldu duenez, andre batek sindikatura jotzen duenean laguntza eske, «kasuz kasu» aztertzen dute nola jardun: «Batzuetan lantokian kolektiboki antolatzean datza; beste batzuetan, auzitara jotzean». Salatu du erantzun instituzionalak «berandu» heltzen direla, eta enpresek ez dutela beti zuzen jarduten: «Izen ona zikintzeko beldur izaten dira. Baina, gutxienez, kautelazko neurriak hartu behar lituzkete, hala nola urruntzea; noski, emakumeen lan baldintzak okertu gabe».
Edonola ere, berretsi du biktimentzat oso zaila dela salaketa egitea, bai juridikoki, bai sozialki. «Indarkeria matxista nahasten da lan arlokoarekin: enplegua galtzeko beldurra, lan baldintzak arriskuan jartzekoa... Guretzat halako kasu bat bada greba egiteko arrazoia, baina erasoa jasan dutenentzat ez da erraza izaten, eta guk haien nahiak eta erabakiak errespetatu behar ditugu».
Oztopoon aurrean, hainbat neurri ere eskatu dituzte ELAko ordezkariek: enpresei, «protokolo eraginkorrak» lantzeko eta lanpostuen balorazioan arrisku psikosozialak jasotzeko; eta erakundeei, protokolorik ez duten enpresak zigortzeko. Jazarpena jasan duten langileei laguntza integrala eskaintzea ere galdegin dio Emakunderi.
ELAk salatu du enpresa askok ez dutela sexu jazarpenaren aurkako protokolorik
Prekaritateari buruzko kanpainan egindako inkesta batean, 183 jazarpen kasu antzeman ditu sindikatuak. Negoziazio kolektiboan «ezinbesteko aldarri» gisa txertatu nahi du gaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu