Teilaturik ere gabe

Atxuriko saskibaloi zelaia hesiz ixten ari da Bilboko Udala, bertan lo egiten duten migratzaile gazteak botatzeko. Auzoko harrera sareak salatu du gero eta oztopo gehiago jartzen zaizkiela kalean bizi direnei, eta leku gehiago eskatu ditu aterpetxeetan. Elkartasunez erantzutera ere deitu du.

Hiru gazte, aste honetan, lotarako gauzak biltegira eramaten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Biltegiaren atea zabaltzerako, mutil gazte bat dute zain jada; irribarretsu, bostekoa emanez agurtu ditu Atxuriko Harrera Sareko bi boluntarioak. Izkina batean utziak ditu pare bat zorro, lotarako trasteekin eta arropa pixka batekin; bere poltsa handia bilatu du kontsignan, eta han gorde ditu, iluntzean berriz jasotzeko. Hurrengo minutuetan iritsiko dira gazte migratzaile gehiago, hogeitik gora. Metro batzuetara dagoen saskibaloi zelaitik datoz, han lo egitetik, baina 08:30erako udaltzainak joaten zaizkie «esnatzera». Bertan igarotzen dituzte gauak etxerik gabeko hainbat etorkinek, baina ezusterik ezean, beste leku bat bilatu beharko dute, eremua hesiz ixten ari baita Bilboko Udala.

2018ko udan baliatu zuten migratzaile heldu berriek lehen aldiz saskibaloi zelaia, eta azken zortzi hilabeteetan gutxienez 150 lagunek erabili dute lo leku gisa; toki estalia da, eta aterpe bat eskaini izan die kalean bizi diren gazteei. Haien soslaia aldatuz joan dela azaldu du Jokin Alberdik, Atxuri Gorri auzo elkarteko eta harrera sareko kideak: «Orain, gizon gazteak dira, duela gutxi iritsitakoak, batzuk adingabe izanda, magrebtarrak gehienak. Duela hiru urte heltzen zirenak iragaitzaz zeuden, Saharaz hegoaldekoak ziren batez ere, eta Europarantz zihoazen; oraingo hauek ez dute helmuga finkorik». Ez dute beti migrazio ibilbidea aurrez definituta: «Asko noraezean daude: Bilbora etortzen dira probatzera».

Hain justu, iragaitzaz egotearen ideia berraztertu beharra nabarmendu du Alberdik, horren araberakoak baitira gizarte zerbitzuak: «Ikuspegi horretatik, hiruzpalau egunetarako aterpetxea ematen diete, baina gehienentzat iragaitza askoz luzeagoa da: hilabeteak egin ditzakete hemen, ea ikastaroren batean sartzen diren, ea ogibideren bat aurkitzen duten, ea etxeren bat uzten dieten; eta horrek markatzen du mugitzen jarraitzea ala ez».

Egoera horretan dago biltegitik pasatu den gazteetako bat. 21 urte dauzka, eta orain bi hilabete iritsi zen Bilbora. Ez da ondo moldatzen ez gaztelaniaz ez euskaraz, baina argi dio: «Ikastaro bat egin nahi nuke, aluminioa erabiltzeko». Duela gutxi lortu du bizitoki bat, baina asteak egin ditu saskibaloi pistan lotan: «Ez zaigu ondo iruditzen kantxa ixtea». Alboan du kide bat: «Kantxa hauek ez dira etxebizitza bat, baina euritik eta hotzetik babesten gaituzte. Anaia askok lurrean egiten dute lo; nora joango dira orain?».

Baliabide nahikorik ez

Gau euritsua izan da, eta hezetasuna hezurretaraino sartu zaie gazteei. «Ez dut ia lorik egin», kexatu da haietako bat. Hotzerako arropa eta zapatak eskatu dizkiete harrera sarekoei, baina biltegian ez dago ia halakorik: bota pare bat, jertseren bat, baina berokirik eta euritakorik ez. Tenperatura epelagoetarako arroparekin agertu dira bi gizon berri; Atxurin hilabete batzuk daramatzan gazte bati eskatu diote itzultzaile lanak egiteko: «Esaiezu zapatuan arropa biltegira joan daitezkela, Santutxura, hemen ez baitugu besterik».

Funtsean, oinarrizko laguntza eskaintzen du harrera sarearen kontsigna horrek. Batetik, gauean lotarako erabiltzen dituzten zakuak, kanpin dendak, koltxoiak eta tapakiak gordetzen dizkiete egunean zehar: boluntarioek 08:30ean irekitzen dute biltegia gauzak uzteko, eta 21:30ean berriro jasotzeko. Azaroko egun euritsuak latzak izan zirela gogoratu du haietako batek: «Dena bustita ekartzen zuten, eta poltsetan gordeta ezin zen lehortu, beraz, tapaki hezeetan egiten zuten lo». Bestalde, kontu arruntekin laguntzen diete: sakelako telefonoak kargatzen, maskarak eta xaboia lortzen... «Alboko parrokiak ere arropa garbitzen die, eta hemen uzten du». Gazte bat gerturatu da, eskuan duen zaurirako lotailu eske. «Hori desinfektatu egin behar zaio. Badugu zauriak garbitzeko materiala, baina ez gara medikuak».

Gizarte zerbitzuen berri ere ematen diete. SMUS siglak dituzte ahotan etengabe, Bilboko larrialdi sozialetarako udal zerbitzuarenak. Bertan ematen dizkiete hiru otordu, gainerako etxegabeei bezala, baina aterperik ez. «Paradoxikoa da: iragaitzazkoak direnentzako baliabide bereziak abiatu dira azken urteetan, baina Bilbokoak ez dira ia erabili; aldiz, gero eta jende gehiago dago kalean, baina udalak esaten digu etxegabeentzako aterpetxeetan ez dagoela lekurik», deitoratu du Alberdik. Hain justu, horixe izan zen astearteko mobilizazioaren leloa: Aterpetxe gehiago, hesi gutxiago. Bizitokirik izan ezean, saskibaloi zelaiaren espazioa defendatu beharrean dira bizilagunak: «Gazte hauek auzoan egonda, bi aukera ditugu: edo hemendik botatzen ditugu, edo harrera egiten diegu. Guk beti uztartu dugu harrera salaketarekin, eta beti eskatu ditugu baliabide gehiago: gurako genuke gazteak aterpetxe batean egotea, baina kalean dauden bitartean, eduki dezatela teilatu bat, eta izan dezatela gure sarea hurbil».

Gizarteratze prozesuan

Ia ordubetez ibili dira gazteak biltegira sartu-irtenak egiten, boluntarioei zalantzak galdetzen, txantxak eta kexak tartekatzen; eta, amaitutakoan, apurka hasi dira martxan jartzen, oraindik logura aurpegieratik egotzi gabe ere. «Orain SMUSera joango dira gosaltzera, eta gero... kalean egoten dira, lanik edo ikastarorik ez badute», esan du Alberdik. Erantsi du harrera sarean saiatzen direla gazteok gizarteratzen: «Xake espazioan edo 7katu gaztetxean egoten dira batzuetan, eta hor antolatzen dituzte meriendak, mahai jolasak... Igande batzuetan egin ditugu txangoak, jaiak, eta gonbidatu izan ditugu Euskararen Egunera eta halakoetara».

Hori dela eta, ulergaitza zaio auzoko bizilagun batzuk kexatu izana: «Gutxi dira, eta mobilizazioak egin dituztenean ere oso txikiak izan dira; askoz auzokide gehiago etorri dira harrera sarean parte hartzera, egoera honi elkartasunetik erantzutera. Baina zaratarekin eta segurtasun faltarekin lotu dute gaia, hedabide batzuek oihartzuna eman diete, eta udalean presio egitea lortu dute». Astelehenean, Bilbon etxerik gabeko emakume bat hil eta biharamunean, langile batzuk agertu ziren saskibaloi zelaira, eta hesiak jartzen hasi ziren. «Aurkako argudioak emateko aukerarik ere ez digute eman. Administrazioak ez du gurekin lan egin gura».

Hesiari argazkiak atera dizkio Alberdik. «Egun hauetan beheko partea jarri dute, eta orain hasi dira goikoarekin. Baina hau ez da kendu-ipini erabiltzeko egitura bat: soldatzen ari dira». Beharginei galdetu die ea noiz amaituko duten, baina ez du erantzun zehatzik jaso. «Uste dugu datorren astean bukatuko dutela atea jartzen». Orduan, alde egin beharko dute gazteek. «Beste lekuren batera joan beharko dute. Baina gero eta toki gutxiago daude: Errekaldeko frontoia ere itxi zuten, zubien azpian gero eta oztopo gehiago jartzen diete...».

Ildo horretan, etorkinekin lan egiten duten elkarteek azken egunotan gogora ekarri dute Migraziorako Euskal Itunaren leloetako bat: Jaso nahiko genukeena eskaini. Erakunde publikoek abendu erdialdera onartu zuten itun hori, eta dagoenekokontraesan ugari ikusi dizkie Alberdik: «Ez dago baliabide gehiago jartzeko borondaterik. Azken batean, udalen arteko borroka da ea nork ordainduko dituen: berez, herri handi guztiek eduki behar lituzkete aterpetxeak, baina ez dituzte irekitzen. Jaurlaritza ere eskumen eske ari da migrazioaren alorrean, baina ez da gai oinarrizko gizarte zerbitzuak emateko orain dauzkan betekizunen barruan». Eta praktikan, gazte etorkinak geratu dira babesgabe: «Bilboko Udalak ituna sinatu eta bi astera itxi ditu kantxak. Non dago haren konpromisoa?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.