Defentsarakoa, epaiketa justu bat izatekoa, errugabetasun presuntzioarena, delitu beragatik bi aldiz epaitua ez izatekoa... Askotariko eskubideak urratu dizkiete 13/13 auzian epaitzen ari diren sei euskal herritarrei, eta eskubide urraketa horietako batzuen oinarrian dauden frogak baliogabetzeko eskatu zuten atzo defentsaren abokatuek Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako argudiaketen hasieran. Izan ere, atzo Madrilen egindako auzi saioan abokatuek gogoratu zuten CNI Espainiako zerbitzu sekretuek egindako entzuketak izan zirela 13/13 auziari abiapuntua eman zion (H)alboka txostenaren oinarria, eta salatu zuten oraindik ez dagoela argituta ez nork ez zer babes legalekin egin zituzten.
Hala CNIk egindako entzuketetan nola Guardia Zibilak abokatuen bulegoetan egindako miaketetan abokatuen sekretu profesionala urratu izana ere salatu zuen defentsak. Izan ere, batetik, CNIk auzipeturiko abokatuen eta haien bezeroen arteko elkarrizketak entzun zituen; eta Guardia Zibilak, bertzetik, bulegoetako dokumentu juridikoak eraman zituen. Hala, miaketetan atzemandako frogei ere balioa kentzea galdegin zuten atzo Alfonso Zenon, Jone Goirizelaia eta Aiert Larrarte abokatuek —bertze bi abokatuek ez zuten mintzatzeko astirik izan, eta gaur hartuko dute hitza—. Defendatzen dituzten auzipetuentzat —hots, Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegirentzat— absoluzioa eskatu zuten hiru abokatuek, eta galdegin zuten, izatekotan, gehienez ere urte bat eta sei hilabeteko zigorra ezar diezaietela, kontuan hartuta epaiketan irregulartasunak eta «behar ez bezalako luzamenduak» izan direla.
Akusazioek froga gisa aurkezturiko dokumentuen, ezizenen eta auzipetuen arteko loturak «frogatu» gabe daudela salatu zuten abokatuek, halaber, baita ustez ETArekin egindako hainbat hitzordu gertatu zirela ere. Nabarmendu zuten, erraterako, ez dagoela «egiaztatzerik» auzipetuen eta egozten zaizkien ezizenen arteko loturarik, ezta ustez haiei atzemandako dokumentu eta objektuak haienak direnik ere. Zenonek aipatu zuen, adibidez, ustez Zuluetarenak ziren lehergaietan ez dagoela haren DNA aztarnarik. Berdin Enparantzaren kasuan: «Ez dago ez hatz markarik, ez DNArik... bulegoetan aurkituriko edozer haiei egotzi diete». Irregulartasun bete epaiketa, Larrartek ahoskaturiko galdera batean bildua: «Denak balio du?». Goirizelaiak aitzinetik erantzun zion: «Denak ez du balio epaiketa batean; zorrotza eta zehatza izan behar da».
CNI, «funtsezko»
CNIren parte hartzeaz luze jardun zuten atzoko auzi saioan. Abokatuek nabarmendu zuten, hain zuzen, 13/13 auzia (H)alboka txostenean oinarritua dagoela, eta hori idazteko CNIren lana «funtsezkoa» izan zela. Zenon: «Ez da egia 2008an ETAri atzemandako dokumentuekin hasi zela ikerketa; (H)alboka txostenak CNIk egindako entzuketetan du oinarria». CNIren laguntzarik gabe ezin izanen ziren egin auzipetuen atxiloketak eta horien aurkako ikerketak, Zenonen ustez. Gisa berean mintzatu zen Larrarte: «CNIk lotu zuen Ilazki Julen Zelarainekin eta Marxel Arantza Zuluetarekin. (H)alboka tesia CNIrena da».
Dokumentu zifratuen desenkriptazioan ere parte hartu zuen CNIk, Zenonek gogoratu zuenez, eta salatu zuen epaiketan deklaratu duten guardia zibilek «garrantzia kendu» nahi izan diotela horri, hala jardutea legez kanpokoa delako. Haatik, guardia zibilek ez dute ukatu CNIk ikerketan parte hartu zuela. Enparantzaren eta Zuluetaren abokatuak gogoratu zuen fiskalak berak ere eskatu zuela CNIren dokumentuak desklasifikatzeko, nahiz eta ez zen hala gertatu. Azkenean, gainera, zerbitzu sekretuetako agenteek ez dute testigu gisa deklaratu, eta ez dira identifikatu ikerketan parte hartu zuten pertsona jakinak. Larrarte kexu azaldu zen horregatik: «CNIk sekretuan jardutea normala da, baina zuzenbidean eragina badu, azalpenak eman behar ditu».
CNIren entzuketak, era berean, ez ziren «edozeini» egindakoak: «Abokatuen eta haien bezeroen arteko komunikazioak entzun zituzten, sekretu profesionala urratuta», salatu zuen Zenonek. Gogoratu zuen Estrasburgoko jurisprudentziak dioela horrek giza eskubideak urratzen dituela.
Guardia Zibilaren miaketei buruz, Larrarte abokatuak zehaztu zuen dekanoak adierazi zuela miaketa bera baino lehen jada jendea zegoela bulegoan, eta bazirudiela guardia zibilek bazekitela nora jo eta zeren bila joan. Miaketako akta soilik hiru guardia zibilek izenpetu zuten, halaber, nahiz eta gehiagok parte hartu zuten: «Zergatik ez zuten sinatu besteek?», galdegin zuen abokatuak. Guardia zibilei epaiketan zehar miaketei buruz galdetuta, bertsio ezberdinak eman zituzten, Larrartek ohartarazi zuenez: batzuek erran zuten atxilotuak elkarrekin zeudela; bertze batzuek, aparte.
Zuluetaz eta Enparantzaz, Zenonek nabarmendu zuen ez dagoela frogarik horiek ETAko «burutzat» jotzeko. Abokatuak zehaztu zuen informazioa ematea eta iraultza zerga kobratzea ez direla «zuzendaritzako» kide izatearen sinonimo.
Zuriarrainez, Goirizelaiak azpimarratu zuen ez dagoela «ezer» haren aurka: «Torturapean egindako deklarazioetan berretsi zituen akusazioak, eta giza eskubideak urratuz lortzen diren frogak ezin dira erabili». Gogoratu zuen perituek sinesgarritasuna eman ziotela haren tortura deklarazioari. Zuriarrainen ordenagailuaz dauden kontraerranak ere azaleratu zituen Goirizelaiak: ez dago argi atzeman zutenean piztua edo itzalia zegoen.
Larrartek ere azpimarratu zuen Sarriegiren aurkako froga falta: Gabai ezizenarekin lotzen dute txostenean, baina datak eta lekuak ez datoz bat. Erraterako, Gabai-ren jarduera 2006 eta 2009 artean kokatzen dute, eta Sarriegiri atzemandako agiri guztiak garai horretatik kanpo daude. Futbolari izatearekin ere lotzen dute, baina Larrartek atzo oroitarazi zuen futbolean jokatu duten abokatu gehiago daudela.
Kartzela ez da «etena»
Delitu beragatik bi aldiz zigortzeari buruz —11/13 auziagatik zigorra bete zuten auzipetuek—, defentsak adierazi zuen kartzelak ez dakarrela etenik delituan, izaera «iraunkorrekoa» baita; eta, beraz, ezin direla berriro horregatik epaitu, delitua bigarren aldiz egin balute bezala. Abokatuek fiskaltzaren kontraerranak azaleratu zituzten gai horretan. Goirizelaiak nabarmendu zuen auzipetuei horixe leporatzen dietela: euskal presoen eta ETAren arteko lotura egitea. Preso egoteak ez lekarke etenik erakunde armatuaren parte izatearen delituan, beraz. Zenonek azaldu zuen auzipetuek bertze presoekin harremanetan segitu zutela kartzelan zeudenean, abokatu gisa; eta, are, etakideak balira bezalako tratua eman zietela, Euskal Herritik urrunduta eta lehen gradua ezarrita, bertzeak bertze: «Kartzelan etakide gisa tratatu baldin badituzte, ezin da esan espetxean egoteagatik eten bat egon denik».
Egoera politikoaz ere jardun zen Goirizelaia, joan den ortziralean Jose Perals fiskalak errandakoei erantzunez. Izan ere, fiskalak adierazi zuen ETA ez dela oraino «desagertu». Horren aurka mintzatu zen Goirizelaia: «Hori errealitatea saihestea da».
Epaiketak gaur segituko du, Nerea Redondoren eta Saioa Agirreren abokatu Jose Mari Elosua eta Ibon Altunaren argudiaketekin; eta auzipetuek eurek ere hartzen ahalko dute hitza. Auzi saioak gaur bukatzea espero da.
Frogak baliogabetu eta auzipetuak errugabetzeko eskatu du defentsak
13/13 auziko abokatuek auzitan jarri dituzte CNIren jarduna eta Guardia Zibilaren miaketak, baita auzipetuei loturiko ezizen eta dokumentuak ere. Gaur bukatuko da epaiketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu