Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroa behin-behinean ixtea. Horra Atzerritarren Defentsarako Abokatuen Kolektiboaren galdea. Eskakizuna egin zioten iragan astean Paueko (Biarno) Auzitegi Administratiboari, eta atzo arratsaldean egin zuten auzi saioa. Gaur jakinaraziko du emaitza auzitegiak.
Abokatuen kolektiboak dioenez, Lapurdiko atxikitze zentroak ez ditu betetzen segurtasun neurriak. Salatu dute suteak kontrolatzeko neurriak eta, oro har, higiene neurriak ez dituela betetzen egoitzak. Norma horiek betetzeko obrak «etengabe» atzeratuak izan dira, abokatuen arabera.
Hala, Hendaiako atxikitze zentroa hesteko eskatu diote Paueko Auzitegi Administratiboari; gutxienez, obrak egiteko denboran. Bertan dauden presoentzako «berehalako» arrisku bat dagoela argudiatu dute, aditu baten arabera suteak eragindako keak airean daudelako oraino, eta toxikoak direlako bertako langile eta atxilotuentzat.
Bestalde, abokatuek oroitarazi dute zentroak hogeita lau leku dituela, baina «maiz gainezka» egiten duela, jende gehiegi atxikitzen dutenez. Gainera, Hendaiako atxikitze zentroan gertatutako sutearen ondotik, presoak Polizia Etxeko atxilotze zeldetan «metatu» izana gaitzetsi dute, eta horrek atxikiengan «traumak» sortu dituela erran dute.
Hendaiako atxikitze zentroa hesteko galdea aztertu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu