Koronabirusa. Kutsadura

Arnasaldi bat krisiaren erdian

Hirietan amildu egin da autoek eragindako kutsadura. Berotegi gasen isurketak ere behera joan dira, gobernuek koronabirusari aurre egiteko indarrean jarritako neurriengatik. Ekologistak beldur dira krisia pasatutakoan atzera egingo ote den klima aldaketaren aurkako borrokan.

Bilboko kale bat, hutsik, konfinamendua ezarri eta gutxira. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
inaki petxarroman
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Bilboko kaleek munduko beste edozein hiri handitakoen itxura daukate egunotan. Trafikoaren emaria aspaldiko txikiena da, Espainiako Gobernuak ezarritako konfinamenduaren ondorioz. Ekologistak Martxan-ek Hego Euskal Herriko hiriburuetako iazko eta aurtengo martxoko datuak erkatu ditu: aurten %46 karbono dioxido (NO2) gutxiago isuri dute bertan. Gas hori autoek eragiten dute nagusiki hirietan.

Kutsadura etena egun batetik besterakoa izan zen, gainera. Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Teknologia Fisikoen Zentroak egindako ikerketa baten arabera, %66 jaitsi zen Bilbon derrigorrezko etxeratzea ezartzearekin batera. Metro koadroko85 mikrogramo NO2 (mg/m2) zeuden alarma egoera aurreko astean, batez beste; eta 29 mikrogramo, berriz, ondorengoan.

Antzera gertatu da Euskal Herriko gainerako hirietan ere. Iruñean, esate baterako, %85 gutxitu zen NO2 kutsadura martxoaren 11tik 19ra —alarma egoera 15ean ezarri zuten—. 58 mg/m2 neurtu zituen Nafarroako Gobernuaren sareak martxoaren 11n Iruñeko Lehen Zabalguneko neurgailuan, eta 10 mg/m2 handik astebetera.

Greenpeacek interesgarritzat jo ditu egoera horretatik egin daitezkeen analisi batzuk. Adrian Fernandez Carrasco Espainiako Greenpeaceko Mugikortasun Kanpainako arduradunak dioenez, ondorio garbia da: «Pertsonen osasuna kolokan dagoenean, arriskuak murrizteko erabakiak hartu behar dira. Beraz, murrizketa hauekin kutsadura gutxitzea lortu bada, gogoratu behar da poluzioa dela, Osasunerako Mundu Erakundearen [OME] arabera, munduan heriotza gehientsuen eragiten duen arrazoietako bat».

OMEren arabera, munduan 4,5 milioi pertsona hiltzen dira urteroaire kutsatua arnasteagatik. Hain zuzen ere, Europako Batzordeak behin baino gehiagotan ohartarazi du Espainia, hirietan izaten den gehiegizko kutsaduragatik. Ohartarazpen horiei muzin egin dionez, iaz salaketa bat jarri zuen Bruselak Espainiaren aurka Europako Justizia Auzitegian. «Kutsadura araudia bete egin behar da, eta espero dugu normaltasunera itzultzen garenean atzera ere kutsadura gora ez etortzea, baizik eta osasun publikoa bermatzeko oinarrizko baldintzak mantentzea», adierazi du.

Marisa Castro Ekologistak Martxan-eko Energia Batzordeko kideak ere sumatu du Bilbon kutsadura apaldu dela. Alabaina, gogoratu du energia elektrikoaren kontsumoa %15 inguru bakarrik gutxitu dela. «Planetaren mugak errespetatu ahal izateko, hori ez da nahikoa. Beraz, uste dugu kontsumoa askoz ere gehiago murriztu behar dela. Aitortu behar dugu kezkatuta gaudela pobrezia energetikoarekin. Lehen bazen jendea argindar faktura ordaindu ezinik; hemendik aurrera, askoz ere gehiago izan litezke». Europako Batzordeak egindako azterketa baten arabera, Italian eta Espainian %10 inguru gutxitu da kontsumo elektrikoa osasun larrialdia ezarri zutenetik.

Errebote efektuaren beldur

Txinan hasi zen olatua, eta Europara eta Ipar Amerikara zabaldu da gero. Oraindik goiz da jakiteko zenbat gutxituko diren berotegi gasen isuriak. Koronabirusaren aurkako borrokak irauten duen denboraren araberakoa izango da, batetik; eta gobernuek hartzen dituzten neurrien araberakoa, bestetik. Orain arteko datuek, baina, erakusten dute isurketa murrizketa handiak gerta litezkeela. Carbon Prief ikerketa gunearen arabera, otsailaren 3tik martxoaren 1era 200 milioi tona CO2 gutxiago isuri zituen Txinak atmosferara, iazko epe berean baino. Munduko isuri guztien laurdenak Txinak egiten ditu. Zenbait iturriren arabera, %25 gutxitu ziren berotegi gasen isurketak otsailean Txinan, baina BC3 erakundeak eskatu duzuhurtziaz hartzeko datu horiek, datu zientifikoekin bermatu arte.

Ekologistak beldur dira osasun krisia pasatzen denean gobernuek ekonomia berrindartzeko hartuko dituzten neurriengatik. Hau da, 2008an gertatu zen moduan, errebote efektua gertatuko ote den. Izan ere, 2008ko krisiaren ondorioz, %1 gutxitu ziren berotegi gasen isurketak, baina hurrengo bi urteotan asko igo ziren berriro. «Gainera, krisi hura aitzakia gisa erabili zuten gobernuek eredu aldaketa atzeratu eta energia berriztagarrietara bideratu nahi zen inbertsio pila bat eteteko», gogoratu du Fernandezek.

Greenpeaceko kidearen esanetan, «2020a urte baliogabea izango da estatistikari dagokionez. Eta kaltegarria izango da, gainera, isurketak murrizteko egin behar diren ahaleginak bertan behera geratzen badira. Aitzitik, aukera bat izan behar da eredua aldatzen hasteko». Ez baitu ahaztu, lehendik ere, gobernu asko trabak jartzen ari direla klima larrialdiari aurre egiteko. «Orain arriskua dago egoera ekonomiko zail bat aitzakia gisa erabiltzeko, arlo honetako neurriak blokeatzeko».

Ez dira funts gabeko kezkak. Hainbat herrialdetako agintariek norabide horretan eman dituzte mezuak azken egunotan. Esaterako, Andrej Babis Txekiako lehen ministroak esan du Europako Batasunak bertan behera utzi beharko lituzkeela klima krisiari aurre egiteko konpromisoak. Polonia ere antzera mintzatu da. Hilabete gutxiko jaitsiera batek ez luke ondorio handirik izango, gainera, berotegi gasen pilaketa eteteko. Epe luzeagoko joerek eragiten dute horretan.

Beraz, hilabete gutxi barru eman dakioke buelta egoerari. Adibidez, Txinak, ekonomia berpizteko, ikatzaren erabilera handitu du azken asteotan, eta horrek kalte handia eragin dezake isurketak gutxitzeko, munduko ikatzaren erdia Asiako herrialde handiak erretzen duelako. Bestalde, bai Txinak eta bai AEBek kontrol neurriak laxatu dizkiete kutsatzen duten sektoreei.

Oraingoz, gainera, COP26 ere atzeratu dute gobernuek, eta horren ondorioak ikusteko daude oraindik, Parisko Hitzarmena goi bilera horren ostean jarri behar baita indarrean.

Errebote efektu horrek kezkatzen du Castro ere. «Klimarekin gertatzen ari denaren eragileak gu gara. Beraz, planetaren biogaitasunaren barruan egoteko, asko jaitsi behar dugu gure kontsumoa. Abeltzaintza estentsiboa bultzatu behar da, bioaniztasuna gordetzeko neurriak indartu. Zeren eta bioaniztasunak babesten gaitu, besteak beste, halako pandemien aurrean». Eredua aldatzeko aukerari heldu beharko litzaiokeela uste du, sistema «kolektibo, solidario eta benetan iraunkor batera» iristeko.

Osasun eta klima krisiak

Ekologistek garbi daukate orain lehentasuna dela osasun krisiari aurre egitea. Haien ustez, egoerak agerian utzi du borondatea izanez gero indarrean jar litezkeela kutsadurari aurre egiteko neurriak. «Uste nuen halako egoera bat klimarengatik gertatuko zela, eta, bat-batean, hau etorri zaigu. Eta nahiko nuke gizarte gisa indartsuago irtetea, eta ikustea ea nola antolatzen garen Lurrarekin, eta ez bakarrik gure nagusiarekin, soldata igoeraz hitz egiteko», adierazi du Marisa Castrok. Gogoratu du, gainera, «marketin hutsekoak» izan direla Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde batzuek egindako klima-larrialdi adierazpenak. «Deklarazio hori egin eta gero, zer aldatu da? Supersurrekin jarraitu dute, eta Zubietako erraustegiarekin. Espero dut honen ondoren gauzak benetan aldatzen hastea».

Greenpeacek ere uste du deklarazio horiek «asmo oneko adierazpenak» izan direla, besterik gabe.«Ezin da diruz laguntzen jarraitu industria eta azpiegitura kutsatzaileak, isurketak handitzen jarraitzea eragingo dutenak. Parisko Hitzarmena juridikoki loteslea da, eta, hainbat herrialdetan —Herbehereetan, adibidez—, auzitara jo dute konpromisoak bete ez direlako». Greenpeaceko arduradunaren esanetan, «Euskadiren kasuan, agerian geratu da, nahiz eta klima larrialdia ezarri zuen lehen erkidegoetako bat izan, ondoren ez dituela egin horrekin bat datozen politikak».

«Bizitzak erdigunean»

Nazio Batuen Erakundeak berak ere gogorarazi die herrialdeei ez ahazteko klima aldaketarekin pandemiaren ondorioz. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak adierazi du koronabirusak epe mugatu batean izango dituela ondorioak, eta klima aldaketak, berriz, hamarkada asko iraungo duela. Zientzialarien arabera, gainera, pandemia eta epidemia askoren eragile izango da. Hori jakinda, «sistema aldatu eta bizitzak erdigunean» jartzeko eskatu du Castrok. «Sistema honek hazkunde mugagabea bakarrik dauka buruan, norbanakoen etekinak kontuan hartuta, eta ez irabazi kolektiboak».

Gainera, ohartarazi du gehienetan andreek egiten dituzten zaintza lanei esker gertatzen dela hori. «Orain osasun sistema dardarka daukagu, eta guk garbi dugu: sistema aldatu behar dugu, klima babesteko eta bioaniztasuna eta jendearen bizitza suntsitzen ari delako». Hau da, Castrok eskatu du «bizitza, ongizatea eta zaintza» jartzeko politiken erdigunean, eta ez dirua.

Bat dator Greenpeaceko kidea ere. «Sistemak desberdintasun itzelak eragiten ditu, eta ekonomikoki, gainera, ez da merkea. Energia berriztagarrien aldeko apustu egiteak, adibidez, hornidura merkatuko luke, eta herritar guztiengana eramango luke epe labur batean». Baina badira sistemari kosta ahala kosta eutsi nahi diotenak. Orain, baina, «ahulezia handiak» erakutsi ditu, Fernandezek azaldu duenez. «Nahikoa izan dira aste batzuk sistema ekonomikoa hondoratzeko. Eta ez dugu ahaztu behar bera dela muturreko fenomeno eta pandemiak ugaritzearen erantzule nagusia». Australian izan diren sute handiak eta gero eta maizago gertatzen diren ekaitz suntsitzaileak ekarri ditu gogora.

Hirietako kutsadura nabarmen jaisteaz gain, jarduera ekonomikoaren etenaldiak eragina izan du naturaren beste hainbat arlotan ere. Biral egin dira Veneziako ubideetako uraren gardena erakusten duten bideoak, esate baterako. «Egungo jarduera ekonomikoa horren bortitza da, ezen nahikoa baita segundo gutxi batzuetan geratzea, lehengoratze bat gertatzeko. Horrek ez du esan nahi herritarren osasun arloan eragingo duenik kutsadura jaitsierak, epe luzeagoa beharko baita horretarako», azaldu du Fernandezek.

Alabaina, haren esanetan, «egoera aldatu egin da», eta gauzak beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera eman du, beste analisi batzuk egiten hasteko. «Uste genuen mundua mugiezina zela, eta ikusi dugu hilabete bakar batean egoera errotik alda daitekeela», nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.