U-30 greba orokorra

SUSPERRALDIAREN IFRENTZUARI PLANTO

Zazpi urteren ostean, gehiengo sindikalak greba orokorrera deitu du Hego Euskal Herrian, lan, pentsio eta bizitza duinaren alde. Langileak, pentsiodunak eta feministak elkartuko ditu ostegunean, mobilizazio handi batean. Eusko Jaurlaritzak eta Confebask patronalak gogor salatu dute deialdia.

SUSPERRALDIAREN IFRENTZUARI PLANTO.
xabier martin
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Litekeena da langile askok ez jakitea azaltzen teknikoki zer den debaluazioa, baina gehienek badakite zer den, azalean tatuaturik baitaramate azken hamarkadan. Moneta baten edo beste gauza baten balioa murriztea da debaluatzea, eta adituek diote, adostasun handiz, Atzeraldi Handia (2008-2013) izendatu duten krisitik ateratzeko baliatu zutela Europako hainbat gobernuk, besteak beste, Hego Euskal Herriaren martxa kudeatzen dutenek.

2010ean hasita, langileei eta pentsiodunei soldatak, pentsioak eta erosteko ahalmena apaldu zizkieten lan eta pentsio erreformekin zizelkatutako jokaleku jakin batean. Aberastasunaren banaketan esku hartu zuten gobernu horiek, bankuek aktibo toxikoen uholdearekin eragindako hondamendiak dena aurrean eramango ez bazuen. Propio egindako arauen bidez, erdiko klasearen zati handi bat pobretu zuten, eta gizarte arrakala handitu lege berrien onuradun gutxiengoaren eta kaltetu gehiengoaren artean.

Azken urteetan liberalismoan eta alor publikoaren austeritatean oinarritutako politiken gobernuek aditzera eman dute hazkundeari berriro heltzeko ordaindu beharreko prezioa izan dela, denen hobe beharrez egin beharrekoa. Eta makroekonomiaren itxura txukundu duten kopuruak heltzean, paparra atera dute han eta hemen ortodoxiaren defendatzaileek, susperraldiaren letra txikiari jaramonik egin gabe.

Kontua da krisi larri baterako prestatu ziren arau gehienek bere hartan jarraitzen dutela, 2014tik 2019ra hazkunde sendo bat egon izan ez balitz bezala, eta horren emaitza da lan merkatuaren eta, oro har, bizitzaren prekarizazioa hedatu egin dela, kronifikatu egin direlako kaleratze merkeak, behin-behinekotasuna, partzialtasuna, eta, finean, lan eskubideen galera, batez ere zerbitzuekin lotutako jardueretan. Horregatik deitu dute greba orokorrera ELAk eta LABek urtarrilaren 30ean, ostegunez, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko beste sindikatu eta eragile sozialekin batera.

Susperraldiaren ifrentzua aldatzeko kolpe bat eman nahi du euskal gehiengo sindikalak, debaluazioak ekarritako galera berreskuratu, eta mugarri horretatik aurrera urrats berriak egiteko. Duintasuna deitu diote krisia pagatu dutenek galdutako koska hori berreskuratzeari, lan merkatuaren uberizazioari muga jartzeari, eta pentsio publikoak bermatu eta hobetzeari: lan, pentsio eta bizitza duina.

Greba, zazpi urteren ostean

Ia zazpi urte joan dira sindikatuek azken greba orokorra antolatu zutenetik Hego Euskal Herrian. 2013ko maiatzaren 30ean izan zen, Atzeraldi Handiaren amaieran; amaieraren hasiera horretan %16ko langabezia tasa zegoen Hegoaldean, eta %30ekoa gazteen artean; egun %10etik behera dago langabezia tasa, baina gazteen artean %20tik gora dago oraindik ere. Edonola ere, azken hamarkadan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko adina indar ez du ukan azken sei urteetako hazkundeak. 2008ko ekainetik 2019ko ekainera %13,5 inguru hazi da inflazioa, eta %10,5 inguru soldatak (INE). Oraindik hiru puntuko galera dute langileek, batez beste. Eta garrantzitsua da esatea batez beste dela, sektore batzuetan —zerbitzuak, batik bat— besteetan baino galera askoz ere handiagoa izan baitute. Hala ere, batez besteko soldatak berak argi islatzen du hamarkada galdu bat izan dela behargin askorentzat: 2008an, 2.406 eurokoa zen EAEn, eta 2019an, 2.256 eurokoa.

Horiek horrela, 2013ko maiatzak gordin erakusten zuen krisiaren bigarren oldarraldiaren zartada; zenbaki orokorrei begiratzea baino ez zegoen drama zehatzak irudikatzeko. Garai zailak izan ziren sindikatuentzat: zortzi greba orokor antolatu zituzten lau urtean, 2009ko maiatzetik, 2013ko maiatzera. Hil horretan izan zen azkena, hein handi batean mobilizazio orokorraren nekearen ondorioz lanuztearen esparruan.

Zer aldatu den azken hilabeteetan gehiengo sindikalak berriro greba orokor baten urratsa egiteko? Eraldaketa soziala eskatzeko mobilizazioak nabarmen areagotu direla, pentsiodunen eta feministen eskutik; feminismoak bi greba orokor egin ditu jarraian, 2018an eta 2019an, soilik emakumeak deituz lanuztera. Pentsiodunek bi urte bete dituzte kalean, agenda jakin batekin: pentsioak KPIra lotzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea, eta pentsioa atzeratzen eta apaltzen ari den erreforma erretiratzea. Era berean, lan gatazkek ez dute etenik izan lan erreformak 2012an negoziazio kolektiboan eragindako blokeoaz geroztik, eta gatazka horien ondotik hainbat akordio garrantzitsu iritsi dira sektore handietan, esaterako Bizkaiko metalgintzan.

Gizarte multzoak elkartzeko abagunea eta beharra ikusi dute ELAk eta LABek testuinguru horretan, «borroka desberdinak izan arren borroka beraren adar» gisa jo baitituzte, eta diagnosi horren bidetik iritsi da greba orokorraren deialdia. «Lan, bizitza eta pentsio duinak» darama grebaren kartak alde batean, eta «munduko prekarioak, elkartu zaitezte» bestean, idatzirik eduki gabe ere; ekonomia berriro ahultzeko zantzuak islatzen ari den honetan ez baitu ematen prekaritatearen multzoan eroritako langile, pentsiodun eta emakume kopurua murriztera doanik, alderantziz baizik.

Ados dira: greba politikoa

Hazkunde ekonomikoa alde duela eta gehiengo parlamentarioak lortzeko arazo handirik izan ez duen legegintzaldi amaieran iritsi zaio greba orokorra Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari. Bi mezu nagusi helarazi ditu lanuzteari erreparatu dionean: «greba politikoa» dela, eta eskaerak Espainiako Gobernuari egin behar zaizkiola. Ados daude sindikatuak lehen zatian: «Inolako konplexurik gabe esaten dugu: greba politikoa da, politika publikoak aldatu nahi dituelako». LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk bezala, ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak lanuztearen izaera politikoa nabarmendu du; gogor salatu dute batak zein besteak Urkulluren ezetza greba deitzaileekin elkartzeko eskaerari.

Izan ere, Eskubide Sozialen Gutuneko kideak Nafarroako presidente Maria Txibiterekin elkartuko dira lanuztearen bezperan, baina ez Urkullurekin; harentzat, «egiazki, grebak ekonomiaren eta herritarren bizitzaren bilakaera normalari kaltea baino ez dio eragingo». EAEko lehendakariaren ukoak bete du grebaren atariko agenda. «Prekaritatea bultzatzen ari den patronalarekin gauza askotan dator bat; patronalari alfonbra gorria jartzen dio, baina ez du bildu nahi prekaritatea eta pobrezia amaitzeko proposamenak egiten dituen gehiengo sindikalarekin eta sozialarekin», esan du egunotan Mitxel Lakuntzak. Halaber, ELAk eta LABek gogoratu dute pentsioak osatzea eta DSBE diru sarrera bermatzeko errenta hobetzea Jaurlaritzaren esku daudela, eta Gasteizko gobernua dela EAEko enplegatzailerik handiena, gainera.

Confebask patronala, berriz, eskuz esku doa Jaurlaritzarekin greba orokorrari dagokionez ere, eta Eduardo Zubiaurre presidenteak garbi esan du lanuztera deitzea «arduragabea eta ulertezina» dela. «Euskadin daude soldata hoberenak, pentsio hoberenak eta langabezia tasa apalenak. Grebak kalte egingo dio herrialdeari».

Grebaren aurka azaldu diren beste sindikatu eta alderdi batzuek arazo gehiago izan dituzte oreka topatzeko ezkerrerago kokaturik egon beharraren eta lanuzteari arnasa kendu nahiaren artean. Haien argumentu nagusia da Espainiako Gobernu berriak ekin diola langileria itolarrira eraman duen araudia aldatzeari, Pedro Sanchezek pentsioak KPIaren arabera gaurkotu dituela, eta gutxieneko soldata 950 eurora igo duela jada.

Babes zabala dauka grebak

Elkarrekin Podemosek «denbora» eskatu du PSOErekin batera duen koalizio gobernuarentzat, eta Lander Martinez Euskadiko idazkari nagusiak argitu du ez dela grebarako «garai egokia». Era berean, CCOOk eta UGTk Madrilen gobernu berria dagoela baliatu dute, baina haiek sutsuki egin dute gehiengo sindikalaren deialdiaren aurka, «grebaren helburu bakarra zatiketa delako, eta lurraldetasuna markatzea», UGTren arabera, eta «ELArentzat eta LABentzat nortasun nazionala baita garrantzitsuena», CCOOren ustez: «muga fisikoak eta banderak».

Greba orokorraren alde dago, ordea, euskal langileek behin eta berriro beren botoekin finkatzen duten ordezkaritzaren gehiengoa: ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru. CNT eta CGT gehitu zaizkie, baita Euskal Herriko Mugimendu Feminista, Ikasleen Sindikatua, Ikasle Ekintza, Ernai, Etxalde eta Eragin ere. Halaber, deialdiari «atxikimendu osoa» erakutsi dio Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere, nahiz eta pentsiodun batzuk aurka jarri diren maila partikularrean; Harro LGTBi plataforma, Etxeko Langileen Elkartea, PAH Bizkaia-Kaleratzerik ez, Argitan, Berri Otxoak bazterketa sozialaren aurkako elkartea... Babes sozial eta sindikal zabala dauka grebak.

Alderdi politikoen artean, EH Bilduk erabat babestu du greba orokorra, «asko geratzen delako benetako bizitza baldintza duinak lortzeko». Ezkerretik kanpo, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ordezkaritza parlamentarioa duten gainontzeko alderdiak aurka daude, eta Elkarrekin Podemosek askatasuna eman die alderdikideei greba egin dezaten horrela nahi badute

Bestalde, 1.200dik gora enpresa atxiki dira grebara, eta 200 bat greba batzorde sortu dituzte. Lanuzteak isla handia izango du hainbat enpresa handitan eta alor publikoan, oro har, osasunean, irakaskuntzan eta garraioan. Grebaren jarraipenaz gain, manifestazio handiak espero dira Hegoaldeko lau hiriburuetan, langileen, emakumeen, gazteen eta pentsiodunen indar erakustaldi handia, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.