Artoa: lan bukaeran, jai giro bizia

Nafarroako Arano eta Goizueta herrietan artoa erruz landatzen zuten garai batean. Auzokoak artoa zuritzeko biltzen ziren, festa giroan. Ohitura hori oroitarazteko saio bat sortu dute Maria Jesus Zugarramurdik eta haren hiru alabek: 'Artantxuriketan'. Datorren asteazkenean, Iruñeko Herrikoan arituko dira kontu kantari.

Leontxonborda baserria. Maria Jesus Zugarramurdi eta Xanti Zabala. JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
urtzi urkizu
Arano
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Markes baten alaba interesatua / marineruarekin enamoratua / deskubritu gaberik bere sekretua / amodioa zeukan barrena sartua..». Maria Jesus Zugarramurdiren amona Frantziska Zabaletak Markesaren alaba abestiaren bertso guztiak kantatzen zituen duela 50 urte, auzokoak baserrian biltzen zirenean artoa zuritzeko. «Eta haurrak beren artean haserretzen baziren, baretzeko edo bakean izateko, arrosarioarekin hasten zen», oroitu du Zugarramurdik; nerabea zela, haur txikiagoak zaintzen ibiltzen zen. «Kafea igotzen nuen helduak artoa zuritzen aritzen ziren tokira, eta, hango juerga ikusita, inbidiatan egoten nintzen». Gogoan du baserrian artoarekin lotutako zer ohitura zituzten duela hamarkada batzuk. Artantxuriketan saioarekin, tradizioa bere modura transmititzen ari da jendaurrean, herriz herri, Arantxa, Ainhoa eta Maider Ansa alabekin batera: kontu kontari eta kantuan aritzen dira ama-alabak. «Amonari eta amari ikasitako kantak eta bertsoak abesten ditugu», azaldu du Maider Ansak. Saioa Iruñeko Herrikoan ikusi ahalko da, asteazkenean, 20:00etan. Duela bi urte egin zuten aurreneko aldiz, Oiartzunen (Gipuzkoa).

Zugarramurdi Goizuetakoa da (Nafarroa). Herri horretan artoa ereiten dute oraindik Eskudero, Loiarta eta Ontxari baserrietan, baina ez askoz toki gehiagotan. XX. mendeko lehen hamarkadetan, artasoro zabalak zeuden inguruko herrietan. Aranon (Nafarroa), esate baterako, egun Ezkerrenborda baserrian soilik ereiten dute; garai batean baino askoz eremu txikiago batean, ordea. Bertako Ana Mari Ansak ondo gogoan ditu artoa zuritzeko ohituraren pasadizoak. «Artoa gorria ateratzen baldin bazen, aldamenekoari muxu bat eman behar zitzaion. Horrekin, komeriak, kar-kar. Orain ez da izango, baina orduan lotsa galanta halakoekin». Pedro Mari Ansa neba baserri berekoa da, eta hark ez ditu kantuak oroitzen: «Arrosarioa entzuten genuen askoz gehiago. Aldameneko baserrietan emakumeak biltzen ziren jai giroan artoa zuritzeko, baina gure baserrian ez». Arrebak zuzendu egin du, isil-misilka: «Behin bai, behin egin genuen hemen, kanpokoak etorrita. Ni askotan joaten nintzen beste baserrietara artoa zuritzera. Giro ikaragarria egoten zen».


Ezkerrenborda baserria. Ana Mari eta Pedro Mari Ansa. Juan Carlos Ruiz / Foku.

Jatekoa berezia izaten zen halakoetan: oilo zopa, oilo gisatua eta arroz esnea. «Hori ez zen egunero egoten», gogoratu dute Ezkerrenborda baserrikoek. Pedro Marik, dena den, nabarmendu du gazteek «errespetuarekin» ibili behar izaten zutela festa giroko bilkura hartan: «Gaur egun, jendea agerian egoten da lepotik helduta, musuka, denen aurrean. Garai hartan, lotsa, errespetua eta beldurra, denak ziren». Zugarramurdik gogoratu du artoa zuritzean hostoak —«zurikinak»— atzera botatzen zituztela. «Pila bat egiten zen. Eta, zenbaitetan, mutil batek, txantxetan, neska bat hartu, eta zurikinetara botatzen zuen. Algarak eta garrasiak iristen ziren orduan».

Arto guztia zuritzeko lanak ez bazituzten aurreneko egunean bukatzen, beste egun batean biltzen ziren. «Baina askoz jende gutxiago biltzen zen, eta jaia ere dezente txikiagoa zen orduan», oroitu dute Ansa anai-arrebek. «Bigarren egunean, lana lehenbailehen bukatzea zen kontua».

Aranoko Leontxonborda baserrian ere biltzen ziren auzokoak, duela 50 urte artoa zuritzeko, jai giro berezian. Izan ere, artoa ereiteko soro handienetako bat zuten garai hartan. Xanti Zabala baserrian bertan jaio zen, eta han bizi da orain ere. Joan den mendeko makina bat tresna ditu, txukun gordeak. Zabalak gogoan ditu artoa zuritzen ibiltzen zireneko pasadizoak: «Kontatzeko istorioak zituzten emakumeak kontu kontari aritzen ziren. Hainbat adinetakoak biltzen ziren». Arto gorriaren eta musuaren ohiturarekin gogoratu denean, barrezka hasi da. «Albokoari musu eman behar, eta beste horrek hurrengoari. Artoa zuritzeko unea juerga sano bat zen. Gainera, auzoak senideak bezalakoak ziren: denen artean hartu-eman handia izaten genuen».


Leontxoborda baserria. Maria Jesus Zugarramurdi eta Xanti Zabala. Juan Carlos Ruiz / Foku.

Artoa zuritzeko lanekin baserrietan sortzen zen giroa ez zen soilik Aranon eta Goizuetan sortzen. Euskal Herriko beste herri batzuetan ere bai. Zugarramurdik sumatu du Artantxuriketan saioa egin duten herri batzuetan haren adinekoek baiezko keinua egiten dutela ohituren kontakizuna egiten duenean.

Auzolana, gorotza botatzen

Baina bildu eta zuritzeko sasoia iritsi arte, lan asko ematen du artoak. Hainbat hilabetetako lana. Zabalak ondo gogoan du prozesu osoa: «Lehenbizi, apirilean hasten ginen lurrak maneatzen: lurrei buelta eman behar zitzaien, lurrak preparatu, artoa ereiteko. Hemen ondoko malda batzuetan ezin izaten zen goldearekin, eta makoarekin aritzen ginen, lauzpabost lagunen artean». Lurrak eguzkitan «samurtzen» uzten zirela gogoratu du Leontxonbordako baserritarrak. «Lurra txikitu behar da gero, irina bezala utzi arte. Baina giro lehorra bazegoen, lurra koskorra gelditzen zen». Maiatza izaten da ereiteko sasoia. «San Isidron ereiten bazen [maiatzak 15], are hobeto. Hala esaten ziguten gurasoek». Ezkerrenbordako baserritarrek zehaztu dutenez: lehenago ereinez gero, lehenago jaso. Zabalak gogoratu du hiru lagun aritzen zirela artoa ereiten: batek zulatu egiten zuen aitzurrarekin; besteak, hazia bota zuloan; eta atzekoak, tapatu. «Hirurak jarraian, gelditu gabe, orduak eta orduak». Ekainean, berriz, lehen jorra emateko ordua iristen zen. «Eta, gero, gorotza botatzeko unea. Auzolanean aritzen ginen: gorotza botatzeko biltzen ziren lagunei gorozketariak deitzen genien; zortzi bat mutil etortzen ziren beste baserri batzuetatik. Bazen bitxikeria bat: gorotza arina bazen, azkenekoak burutik zabaltzen zuen. Eskuoihal moduko bat jartzen zuen buruan, eta buruari bira emanda: 'Dziu!'. Elegante...». Zugarramurdik oroitzapen polita du hartaz: «Hura zen artea».

Pedro Mari Ansaren arabera, orduan jende asko zegoen baserri guztietan: «Jendea bazegoen denetarako. Gaur egun, berriz, nahita ere, ez dago inor. Larrialdietarako ere ez dago jenderik».

Gorotza zabaldu eta egun batzuetara, babarrunak ereiten ziren, Zabalak gogoratu duenez. «Zulo guztietan ez, ordea: bi arto ilara babarrunik gabe utzi, eta hirugarrenean erein. Babarrunari ere lurra botatzen genion, jorra eman». Zabalaren arabera, duela hamarkada batzuk elkartasun handia zegoen, eta inguruko baserriko gazteek asko laguntzen zioten elkarri. «Azkeneko jorrak, berriz, uztailaren hasieran izaten ziren, San Fermin egunaren bueltan. Hazia nahasi deitzen genion bigarren jorrari». Abuztu aldean, arto buruak moztu, eta lehortzen jartzen zituzten. «Gandorra eta hostoak kendu, eta behiei ematen zitzaizkien jateko. Dena aprobetxatzen zen».

Giroaren arabera, artoa urriaren amaieran edo azaroan biltzen da. Toki batzuetan, abenduan ere bai. «Eta gorozketariak zeuden moduan, artoa bildu eta gero, arto zuritzaileak ere baziren».

Taloak egunero jateko

Duela 50 urte, artasoro zabalak zituzten Arano eta Goizueta inguruan, eta bildutako artoarekin taloa egiten zuten. Zabalak ondo gogoan du: «Taloa 'punta-pala' jaten genuen. Errota baserritik gertu genuen, gainera. Eta animaliei ere arto asko ematen genien». Baserriko guztiek taloa esnetan jaten zuten dezentetan; bai gosaltzeko, bai afaltzeko. Ezkerrenborda baserriko Ansa anai-arrebek ere ondo oroitzen dituzte garai haiek. «Etxean egindako taloak jaten genituen egunero», dio Pedro Mari Ansak. «Animalia guztiei ematen genien artoa, eta ale onenak guretzat gordetzen genituen. Inguruko baserri guztietan, artoarekin egindako taloak jaten ziren». Baserritarrak esan duenez, artoa ez zuten kalerako ereiten: «Etxerako egitea ere kostatzen zitzaigun ederki. Baserrian 10-11 inguru ginen, eta denentzako taloa behar genuen». Ana Mari Ansaren arabera, Arano inguruan sekulako arto soroak egoten ziren. « Kostatzen zen lurrak ondo prestatzea».

Azken udazkenean, «artoaldi ederra» bildu zuten Ezkerrenbordan. «Aurten ere ereiten ahaleginduko gara», esan du Pedro Mari Ansak, itxaropentsu. Zugarramurdik eta haren hiru alabek ale batzuk eskatuko dizkiete, Artantxuriketan saioan erabiltzeko. Non zurituko dituzten, ezin jakin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.