Baikara-k eskatu du haurrentzako plazen erdiak publikoan izatea

Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Baikara Gipuzkoako eskola publikoetako gurasoen elkarteen federazioak eta hamar eskolen ordezkariek Gipuzkoan egiten den eskola plazen eskaintza salatu dute. Donostian egindako agerraldian Usoa Urbieta Baikara-ko koordinatzaileak eta Idurre Lizarralde Orioko Zaragueta eskolako guraso elkarteko idazkariak azaldu dutenez, orain dagokio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari datozen sei urteetarako itunpeko ikastetxeen eskaintza zehaztea. Honatx eskaerak: 3 urteko haurrentzat herri bakoitzean eskaintzen diren plazen %50 behintzat sare publikoetan eskaintzea eta ikaspostu publikoen eskaintzari buruzko negoziazioa zabaltzea.

Gaur egungo egoera bestelakoa dela salatu du Urbietak. Esanak berresteko, 2022-2023rako 3 urteko haurrentzat herri batzuetan egindako eskaintzaren datuak eman ditu: Andoainen, itunpekoek eskaini dituzte plazen %85; Tolosan, %79; Arrasaten, Bergaran, Legazpin, Oñatin, Orion, Urretxun, Zumarragan eta Villabonan, %68; Zarautzen, %66; eta Elgoibarren, %62. Banaketa horrek «alarma guztiak piztu» dizkietela esan du Urbietak: «Jaiotze tasa nabarmen jaitsi den arren, itunpeko ikastetxeetan aurreko etapako ikaspostuen eskaintza ia aldaketarik gabe mantendu da». Urbietaren esanetan, Hezkuntza sailburuak badaki «desoreka eta segregazio maila» zenbatekoa den. Horregatik eskaera: «Eskola komunitateek dagokien autonomiaz adostu duten eskariari erantzutea, eta ikaspostu publikoei buruzko negoziazioa zabaltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.