Baztertuta daudenekin lan egitera ohitua dago Gara Gonzalez Santana iruindarra. Adsis-Santa Lucia fundazioko boluntarioa da, eta Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataformako bozeramailea.
Ikusi gehiago: Iruñean hildako etxegabearen kasua salatu dute gizarte eragileek
Etxegabe bat hil da Iruñean. Politika publiko eraginkorragoak behar dira?
Tragedia izugarria da, eta normala da orain fokua kasu horretan jartzea, baina gogorarazi behar dugu hil den gizon horren baldintza bertsuetan bizi direla beste asko ere Iruñean, Tuteran eta Nafarroa osoan, oro har. Horretan egin beharko genuke azpimarra: zenbat pertsona bizi dira muturreko pobrezian? Zenbat bazterketa egoeran? Gure borroka ezin da mugatu kasu bakar batera: egoera zailenean direnak babestu behar ditugu, eta haien aldeko politika publikoak sustatu, honakoa bezalako kasuak berriro gerta ez daitezen.
Konpromisoa eskatu diezue talde politikoei. Faltan sumatu izan duzue hori legealdi honetan?
Funtsean, eskatzen diegu pertsonak erdigunean jar ditzatela. Guztion erantzukizuna da pertsonen ongizatearen alde egitea, eta horregatik esan diegu politika aktiboak behar ditugula pertsona guztien eskubideak bermatzeko. Horrek esan nahi du politika horiek isla izan beharko luketela aurrekontuetan ere.
Nolakoa izan da erakunde publikoen eta gizarte eragileen arteko elkarlana azken legealdian?
Guretzat, azken bi legealdiak biziki garrantzitsuak izan dira, aldaketa bat sumatu delako politika sozialetan. Hartu-eman joria izan dugu bai alderdi politikoekin bai gobernuko agintariekin. Hala ere, ez dugu uste dena egina dagoenik, eta ez gara konformatzen egindakoarekin. Harago joan nahi dugu. Azken urteetan, adibidez, pandemiaren eragina izugarri nabaritu dugu inguruan, eta jende askoren bizi baldintzak okertu dira. Gehiago eskatu behar diegu erakundeei, gizarte desorekak bere horretan irauten duen bitartean, gure aldarrikapenek zentzua izanen dutelako.
Gara Gonzalez Santana. GEPeko bozeramailea
«Hil den gizon horren baldintza bertsuetan bizi dira beste asko ere Nafarroan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu