SOSLAIA. Iñaki Subijana

Lau guardia zibil torturagatik zigortu zituena

Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea, 2013ko argazki batean. JON URBE / FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun

Epaileen artean bereizketa bat egin ohi da: batzuk progresistak dira, eta besteak, kontserbadoreak. Ibilbide profesionala aintzat hartuta, Iñaki Subijana (Donostia, 1963) EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente berria magistratu progresista bat dela ondoriozta daiteke.

Hamar urte egin ditu Gipuzkoako Probintzia Auzitegian presidente, eta, 2010eko irailean kargura iritsi berritan, haren jokatzeko moduaren berri ematen duen auzi baten instrukzioa egitea eta epaitzea tokatu zitzaion. Etakideak izatea leporatuta, Guardia Zibilak Mattin Sarasola eta Igor Portu atxilotu zituen 2008ko urtarrilean. Atxilotuek torturak salatu zituzten, eta, behin epaiketa eginda, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak lau guardia zibil zigortu zituen. Subijana izan zen epaimahaiburua, eta frogatutzat eman zuen Portuk eta Sarasolak «tortura larriak» jasan zituztela; ebatzi zuen, besteak beste, guardia zibilak «mendeku gosez» aritu zirela. Auzitegi Gorenak absolbitu egin zituen urtebete geroago, eta epaian belarrietatik tira egin zion Subijanari, probintzia auzitegiko forentseei emateagatik defentsako perituei baino sinesgarritasun handiagoa.

Behin zuzenbide ikasketak amaituta, epaile izateko prestatu zen. «Besteek nahiago zuten abokatu izan, enpresa mundua... Oso gutxi ginen epaile edo fiskal izan nahi genuenak», esan zion BERRIAri, 2013ko ekainean kaleratutako elkarrizketa batean. Azpeitiko (Gipuzkoa) epaitegietan hasi zuen ibilbide profesionala, eta, 1992 eta 1995 bitartean, Cadizko Auzitegian aritu zen (Espainia). 2001ean hasi zen lanean Gipuzkoako Auzitegian.

Subijanak defendatzen du Euskal Herriko epaileek Euskal Herrian egin dezaketen ekarpena. «Errealitate sozialari buruzko ezagutza eskain dezakegu. Egunerokotasunari oso lotuak gaude, eta oso integratuak gaude gizartean. Ikuspuntu hori oso elementu garrantzitsua izan daiteke une honetan». Unea 2013 da. Ia bi urte igaroak ziren ETAk jardun armatua amaitua zuela. Subijanarentzat, horrek bazuen garrantzia parte hartze edo kolaborazio delituak zigortzeko orduan. «Aukera badago zigorra jaisteko gradu bat edo bi, aldagai batzuen arabera, eta, nire iritziz, ETAren jardunaren amaiera izan daiteke aldagai horietako bat». Orduan adierazi zuen «terrorismoarekin loturiko auziei» Auzitegi Nazionalak ematen ziola «tratamendu berezia, ez salbuespenekoa». Ez zuen ukatu, ordea, «jarduera zehatz batzuetan botere abusua» egon zela. Iruditzen zitzaion, halere, zuzenbide estatua ezin zela «eten» ETAren jardun armatua amaitu zelako.

Badauka Subijanak, berak esan bezala, errealitate sozialari buruzko kezka bat. Marko juridikoa emakumeen aurkako indarkerian ikasgaia ematen du, 2007tik, Deustuko Unibertsitatean. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea ere izan da —doktorea da zigor zuzenbidean—, eta eman izan dituen ikastaroetan hizpide izan ditu biktimarik zaurgarrienen babesa, justizia errestauratiboa, eta adingabeek zein nerabeek jasaten duten genero indarkeria, adibidez.

2016ko azaroan BERRIAri eman zion beste elkarrizketa batean adierazi zuenez, zinpeko epaimahaien aldekoa da. «Funtsean, herritarren parte hartzea sustatzen duten erakundeak dira». Euskara ulertzen du, baina ez da elkarrizketa bat euskaraz edukitzeko gai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.