Maiatzaren Lehena

GREBA HOTSAREKIN DATOR

Maiatzaren Leheneko gaurko manifestazioen ardatza soldata igoera izango da. Inflazio handiaren mehatxupean, mobilizatzera deituko dute, langileek erosteko ahalmena nabarmen gal ez dezaten. Sindikatu abertzale bakoitzak nork bere aldetik egingo ditu martxak; CCOOk eta UGTk, elkarrekin.

GREBA HOTSAREKIN DATOR.
xabier martin
2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun

Rajoyren lan erreformaren ondoren gertatu zen antzera, 2013an, talka handi baten atarian daude lan harremanak, eta giro gaiztotu horren usainean iritsi da aurtengo Maiatzaren Lehena, lan gatazken hazkundea gero eta nabarmenagoa baita. Inflazio eroa da lan harremanen sukaldean aurrera-atzera dabilen elefantea, eta sindikatuek ez dute nahi plater hautsiak langileek ordaindu behar izatea. Gogorarazi dutenez, azken hamarkadan, erosteko ahalmenean %10eko galera izan dute batez beste , eta ez daude prest berriro beste koska bat behera egiteko. Behargin asko debaluazio posible baten beldur dira, bene-benetakoa baita soldata apalagoen arriskua, bizitzaren garestitzeari neurriz erantzuteko gai ez diren horiena, eta, gaur, sindikatuek mugarri gisa baliatu nahi dute Maiatzaren Lehena, horrelako egoera kaltegarri bat saihesteko mobilizazio estrategiaren barruan.

Patronalak, ordea, ez du asmorik iazko %6,4ko KPI osoa aintzat hartutako igoera orokorrak adosteko; aitzitik, «sektorez sektore eta enpresaz enpresa» aztertu nahi du lansarien gaurkotzea. 600.000 behargin inguru daude Hegoaldean negoziazioen emaitzen zain, itunik gabe daudelako edo itunak berritu behar dituztelako. Bada, Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek «malgutasuna» azpimarratu du gako gisa, egungo inflazio handiak negoziazio kolektiboan zer eragin izango duen galdetuta. «Badakigu enpresa guztiak ez daudela egoera berean, eta, inflazio horren ezustearen aurrean, malguak izatea baino ez zaigu geratzen», esan dio BERRIAri.

Ez da falta enpresaburuen eta agintari politikoen proposamenik, soldatak 2021eko inflazio osoa ez baina zati bat baizik aintzat hartuta igotzeko. Tartean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuk helarazi du azpiko KPIa erreferentzia gisa hartu beharko litzatekeela, energia eta janari freskoa kanpoan utzita ateratzen den inflazioaren arabera, alegia; %4,4 izan da erreferentzia hori, apirilean. Azpiazu beldur da soldata igoera handi batek ez ote duen are gehiago hauspotuko inflazioa, gurpil ero bat martxan jarrita.

Grebaren eraginkortasuna

Baina ematen du berandu dela pandemiaren irteera zalapartatsuak eragindako inflazioaren aparteko hazkunde bat kudeatzeko formulentzat; izan ere, bizitzaren garestitzea ez da hain koiunturala jadanik. Ia bi digituko KPIaren zamaz ari dira bizitzaren kostua kudeatzen Hego Euskal Herriko langileak azken hilabeteetan; Espainian, apirileko datu aurreratua %8,4ra jaitsi da, eta horrek esan nahi du %8tik gora kokatuko dela Hegoaldean; Iparraldean, %4,5 ingurukoa izan da martxoko KPIa. Ukrainako gerrak energiaren alorrean eragin dituen ondorio ekonomikoek jokalekua aldatu dute mundu zabalean, datozen hilabeteetarako, eta inor ez da ausartzen erantzun zehatzik ematen denen buruan dabilen galderari: noiz bukatuko da inflazio handiko zikloa?

Ziurgabetasunaren zeru goibelaren azpian, sindikatuek entzungor egiten diote KPIa bezainbesteko soldata igoerei uko egingo dioten santu izateko eskaerei, mingarriak baitzaizkie oraindik 2008ko Atzeraldi Handiaren ajeak eta zauriak. Eta greba handiak gero eta hurbilago daude: «Patronalek zailtasunak ipini dituzte beti hitzarmenak eguneratzeko. Orain, inoizko irabazirik handienak banatzen ari diren honetan, hitzarmen kolektiboen negoziazioa blokeatzen ari dira, bereziki sektore feminizatuetan», esplikatu du ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradun Pello Igeregik.

«Azken 20 urteetako itun estaldurarik handiena 2020an lortu genuen, 2019an azken bi hamarkadetako greba kopururik handiena izan genuelako. Hau da, greben ondorioz. Horregatik, argi dugu pobretzea saihestu nahi bada borrokara jo beharko dugula». Argia da ELAko arduradunaren mezua: greba da erosahalmean ez galtzeko bidea. «Bizkaiko autoeskoletan ituna berritu dugu, soldatak %36 igota, baina, horretarako, 40 greba egun behar izan ditugu. Langileen pobretzeari aurre egingo diogu gai baldin bagara greba kopurua handitzeko eta bizitzaren garestitzea inposatzen duten lapurrei, Iberdrolari kasurako, kalean ere aurre egiten badiegu. Prekaritatearen aurka, langileen pobretzearen kontra eta soldaten defentsan bete nahi ditugu kaleak Maiatzaren Lehenean».

Grebaren erabilera beste modu batean ikusten dute CCOO sindikatuan. «Borroka, negoziazioa eta akordioa», dio CCOO-Euskadiko idazkari nagusi Loli Garciak, baina, aldi berean, ohar argi bat egin dio patronalari, ahaztu gabe Arabako metalean datorren asterako lanuzteen deitzaileen artean CCOO ere badagoela: «Ez dugu onartuko herritarrak izatea berriro krisiaren pagaburuak, 2008an egin nahi izan zuten bezala. Pandemiaren krisian gizarteari zutik eutsi dioten langileek ez dute ordaindu behar krisi hau. Ez da bide erraza izango, baina borrokarako prest gaude».

Ukraina baino gehiago da

Dena den, Garciak uste du elkarrizketa dela biderik eraginkorrena inflazioak aurrez aurre ipini duen murrua botatzeko. Cebeki, Adegiri, SEAri eta Confebaski esan die arduraz jokatzeko. «Urrutira begirako ikuspuntu bat eskatzen diegu enpresariei, eta horrek esan nahi du soldatak handitu behar direla erosahalmenari eusteko. Itunetan soldaten eguneratze klausula aktibatu behar da. Inflazioa ez da soldata igoeren ondorio bat, iazko bigarren zatian abiatu zen dinamika baten eragina baizik; orain, Ukrainako gerrak areagotu egin du dinamika hori: energiaren prezio garestiak, lehengaien eta oinarrizko produktuen garestitzea eta hornidura kate batzuen blokeoa».

Edonola ere, sindikatuek argi dute erosahalmenaren galera etenarazi behar dutela orain, ez diotelako atea zabalik utzi nahi beste pobretze ziklo luze bati. «Pobretze fasea Hego Euskal Herrian lehenagotik ere bizitzen ari garen zerbait da», azaldu du LAB sindikatuko analisien arduradun Oihana Lopetegik. «Kontuan izan behar dugu 2008tik aurrera soldatak batez beste KPIaren azpitik eguneratu direla, eta galerarik nabarmenena soldatarik apalenak dituzten langileentzat izan dela. Orain, prezioen igoera izugarria dela-eta, langileak desjabetze eta pobretze bat ari dira bizitzen berriro».

Nola galarazi, ordea, jadanik abiatua den erosteko ahalmenaren galera? «Hori da benetako afera. Guri dagokigunez, KPIaren araberako soldata igoerak exijituko ditugu, eta baita aberastasuna modu orekatuagoan banatzeko beste hainbat neurri ere: gutxieneko soldata 1.400 eurora igotzea eta soldata arrakalen aurkako neurriak hartzea, adibidez».

Nafarroako UGTko Politika sindikaleko buru Marisol Vicentek, berriz, «aitzakiak» alde batera uzteko eskatu dio patronalari, formulak badituelako soldatak igotzeko. «Badakigu egoera honek enpresak ere jotzen dituela, baina lan itunetan klausulak sartu behar ditugu soldatak eguneratzeko, KPI handiak jan ez dezan erosteko ahalmena. Ez baditu klausula horiek onartzen, patronalak jakin behar du lan gatazkak hasiko direla».

Errenta paktuaren itzala

Soldata igoera handi batek —demagun %14 inguru bi urtean, iazko KPIari eta aurtengo aurreikuspenari jarraikiz— inflazio are handiagoa ekarriko duelako teoria ekonomikoa hartzen dute oinarri igoera mugatu behar dela defendatzen dutenek. Errenta paktu bat egiteko ahaleginean ere hasi zen Espainiako presidente Pedro Sanchez, beste neurri batzuen artean, soldata igoera orokorra KPItik behera egiteko, CCOO eta UGT sindikatuen oniritziarekin. Ekinbide hori gelditurik dago, ordea, sindikatuek erosahalmena hiru urteren buruan berreskuratzeko klausula bat exijitzen dutelako, eta CEOE patronala ez dagoelako prest hura onartzeko.

Euskal Herrian, ordea, gehiengo sindikalak ez ditu entzun ere egin nahi langileen soldatak inflaziotik banantzeko formulen asmakizunak. «Irudimenak langileen pobretzea legitimatu nahi badu, ez dugu irudimenik nahi», dio modu argian ELAko ordezkari Pello Igeregik. «Barne produktu gordina hazten ari da, hau da, KPItik gorako aberastasuna sortzen ari da. Horregatik, KPIaren erreferentzia mantentzeak esan nahi du langileek aberastasun horren zati berari eustea. Ez gehiago». Gainera, ELAk ukatu egiten du inflazioa handitu egin dela langileen erosahalmena handitu delako. «Pandemia ondorengo berregokitzeak, hornidura faltak, lehengaien eskasiak, energiaren garestitzeak eta azkenaldiko gerrak eragin dute inflazioa, ez soldata handiek». Horregatik, uste du enpresen bideragarritasuna ez dagoela soldaten mende, gaur egun. «Soldatak murriztea mozkinak handitzeko aukera bat baino ez da». Eta azken gogoeta bat ere egin du Igeregik: «Benetako inflazioaren araberako igoerak egotea justizia kontu bat da».

Euskadiko CCOOko buru Loli Garcia, berriz, aukera guztiak aztertzearen aldekoa da. Haren sindikatua prest dago sektoreko negoziazio kolektiboan dena emateko, «baina ez da egongo formula orokorrik itun guztientzat, sektore bakoitza aztertu behar delako, eta kasu bakoitzean dagokion soldata igoera proposatu». Negoziagarria ez den aldagai bakarra ikusten du: «Soldaten gaurkotze klausulek jasota egon beharko dute beti, erosteko ahalmena berma dadin langileentzat»; epemuga bat betetzerako bermatua, esan nahi baita.

CCOOk UGTrekin batera Madrilen duen estrategiaren barruan ulertu behar da Garciaren proposamena: sektorez sektore eta enpresaz enpresa aztertzea egoera, eta haren araberako soldata igoerak adostea, betiere bizpahiru urteren buruan erosahalmen guztia berreskuratuko duen klausula jasota itunetan. «Ezin dugu onartu erosteko ahalmenaren galera, eztanda sozial baterako lehergaia delako. Gaurkotze klausulak ukatzea da milioika langileren soldatak babesik gabe uztea, eta ziurgabetasuna erabatekoa da prezioen eboluzioari dagokionez».

Azpiko KPIaren arabera?

LAB sindikatua beste estrategia batean da, inflazioak ekarri duen arazoa gainditzeko. «Irudimenarekin» jokatzen hasi aurretik ere «errealitatea da langileen pobretze bat» gertatzen ari dela, Oihana Lopetegiren arabera. «Orain, prezioen igoera azken urteetako handiena den honetan, irudimenarekin jokatu daiteke?», galdetzen du LABeko kideak. Erantzuna ere harena da: «Horrek esan nahi badu langileak pobretzea, ez dugu uste irudimenarekin jokatu behar denik».

Jaurlaritzako Ekonomia sailburu Azpiazuren proposamenak (azpiko KPIa aplikatzea) ez die erantzuten «langileen beharrei», Lopetegiren usterako. «Haren irudimena izan da soldatak prezioen igoera errealaren oso azpitik igotzea». CCOOren eta UGTren proposamenak ere, egungo jokalekuan, «ez dira eraginkorrak», LABeko kidearentzat. «Soldata igoera apalagoekin langileok nekez egingo diegu aurre egun ditugun gastuei. Beraz, horrelako proposamenek de facto dakarte langileon pobretzea». Inflazioaren traba gainditzeko «espekulazioari aurre egiteko politika publikoak» garatu behar dira sindikatu abertzalearen arabera.

Bada, Nafarroan, «elkarrizketaren eta negoziazioaren aldekoa» izan da beti UGT, «aurrera egiteko biderik onena» delakoan, baina soldata igoerak exijituko ditu, orain, UGTko kide Marisol Vicentek dioenez. «Ezin dugu hiru urterako epealdi baten mende utzi erosteko ahalmena berreskuratzea, unea iristen denean enpresek ezingo diotelako igoera erraldoi bati aurre egin». Horregatik, «urtez urte» aplikatu nahiko luke erosahalmena berreskuratzeko klausula. «Horretarako, aterkirik onena da Enplegu eta Negoziazio Kolektiborako Akordioa egitea, erreferentzia bat egon dadin».

Madrilekin ez dira fio

Sindikatu subiranistek, ordea, marra gorri handi bat marraztu dute errenten itun posible bati dagokionez. ELAko kide Igerabidek aho bilorik gabe esplikatu du zer den harentzat errenta paktu horren saioa: «Onartezina da, horren atzean enpresen mozkinen defentsa baitago». KPI osoa igotzea ez beste formulak «mozkin horiek bermatzeko moduak» baizik ez dira, ELAko ordezkariaren ustez, «langileen soldaten eta erosahalmenaren galeraren kontura».

Azken hamarkadan, hazkunde garaiak egon arren, langileek erosahalmena galdu dutela dio ELAk: %10 inguru, kalkulatu duenez. Enplegu publikoan, galera hori %17 litzateke. «Larria da: langileen %40 ez dira heltzen 18.000 euroko urteko soldatara. Horregatik, KPItik gorako soldata igoerak ezinbestekoak dira prekarioenak diren herritarrentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.