Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia

Itzuliaren DNA dauka

Markel Irizarrek Zumarragako erlojupekoa aztertu du: «Muturreko froga da, irabazteko hautagaientzat zein materialentzat». «Galbahea» egingo duela uste du. Ondo dabiltzanak Itzuli osoan aurrean egongo direla dio.

Irizar, ziztu bizian, Antion behera. bihurgune txar pare bat daude, baina ez da arriskutsua. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Zumarraga
2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Antioko gainetik (494 metro) bista ederra dago. Urretxu eta Zumarraga ikusten dira behean, eta Irimo, Udalaitz eta Aizkorriko mendikatea parez pare. Eguzki egunetan pasieran irteteko toki ederra da, bazkari edo hamaiketako legea egiteko toki egokia. Munduan, baina, ez dago toki perfekturik, eta Antiok ere gordetzen du alde ilunik: atzeko aldapa, porlanezkoa. «Igoera oso gogorra da, azken zatia bereziki. Euria egiten badu, ezingo da zutik igo. Bizikletak pisua behar du atzean trakzioa egiteko, eta euriarekin labaindu egingo da zoru horretan». Markel Irizarrena (Oñati, Gipuzkoa, 1980) da azalpena. Igoera, berriz, 2,3 kilometrokoa da, batez beste %9,7ko pendiza du, eta %21eko ehun metroko tartea amaieran. Trekekoak eta Euskal Herriko Itzuliko beste ziklistek bihar igoko dute, banaka.

42 urte geroago, Euskal Herriko Itzulia erlojupeko batekin hasiko da. 1977ko hasiera hura Hondarribian (Gipuzkoa) hasi eta bukatu zen, eta Javier Elorriagak irabazi zuen. Eta bihar nork irabaziko du? «Itzulia, normalean, ondo moldatzen diren txirrindularientzako egokia da: Kwiatkowski, Ion Izagirre, Adam Yates... Oso berea du Itzuliak erlojupekoa. Hor ondo moldatzen dena ondo ibiliko da aste osoan. Horrelako erlojupeko gutxi daude urtean zehar». Erlojupekoak Itzuliaren DNA du: igoerak, jaitsierak, porlan bideak... Baina harekin hastea berritasun handia da, eta oñatiarra irrikan dago zer gertatuko. «Berria da, eta ikusi arte ezin da jakin ona edo txarra den. Lider sendo batek 25 segundoren aldea atera, eta, talde ona badu, lasterketa osoa blokea dezake. Aldiz, alde txikiak badaude, erlojupeko txarra egin dutenek sekulako egurra eman dezakete gero».

Igarle lanetan ausartu da Irizar, baino askoz zehatzagoa da analista lanetan: «Bizikleta etxeentzat ere proba gogorra da». Zergatik? «Lehen zatia, Eizagako joan etorria oso bizkorra da. Zortzi kilometro dira, eta hor abiadura hartzeko 58 hortzeko plater handia behar duzu. Jendeak 58-11ko garapena emango duela uste dut. Igoera, berriz, oso gogorra da, eta ezinezkoa da 44ko platerarekin igotzea. 38-29ko garapena agian. Muturreko platerak behar dituzu. Hemeretzi hortzeko aldea jauzi handia da. Jaistean, katea irteteko arriskua dago, eta igotzean, ez aldatzearena. Materialen aukeraketa funtsezkoa izango da».

Eta bizikleta aldatzearen aukera? Zalantzak ditu. «Erlojupeko motza da, eta denbora gal dezakezu. Erlojupekoko bizikleta errepidekoa baino kilo bat astunagoa da; bada aldea. Guk, esaterako, taldean, errepideko bizikleta aerodinamikoa dugu, eta hura erlojupeko egokitzapenekin aukera ona izan daiteke. Zientzia handia dago aukeraketaren atzean».

11 kilometroko erlojupekoa da, eta igoera 2,3koa baino ez, baina Irizarren ustez, aldapan gora egingo dira aldeak. «Lehen zatia bizkorra da, eta jaitsieran ez dago bihurgune arriskutsurik. Aldeak goraka egingo dira. Kalkulua erraza da, orduko hamar kilometroko abiaduran sei minutu behar dira kilometro bat egiteko, eta norbaitek 11ra egiten badu minutu erdi da alde, eta, hamabira, minutu bat. Igotzaileak hamahirura ere igo daitezke». Eta azkarrago? Txapela kentzekoa. «Inork igoera orduko hamalau kilometrora egiten badu, kafea eta palmera opari Bizipoz kafetegian».

Arantza ateratzeko aukera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.