Bi faborito nagusiak ariko dira lau eta erdiko Txapelketako finalean, hilaren 17an: Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna. Hain zuzen, iaz txapelaren bila lehiatu ziren bi pilotari berberak dira. Eta pilotaleku berberean arituko dira, bai, Nafarroa Arenan, Iruñean.
Finalerako sailkatzeko moduari dagokionez, ordea, aldea egon da bata eta bestearen artean. Ezkurdiak gorriak ikusi zituen Erik Jaka mendean hartzeko, Iruñean, Labriten: 22-20. Altuna III.a, berriz, erraz antzean nagusitu zitzaion Unai Lasori, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan: 22-10.
Arbizuarrak bigarren finala jokatuko du, bigarrena jarraian. Iaz jokatu zuen lehena, eta estreinako ederra izan zuen, 22-17 irabazi baitzion Altuna III.ari. Amezketarrak, aldiz, laugarren finala du, laugarrena jarraian. Aurreko hiruretatik behin bakarrik gailendu zen: 2017an, 22-21 irabazi zion Mikel Urrutikoetxeari Bilbon. Beste bietan, ordea, galdu egin zuen: 2016an, 22-21 Oinatz Bengoetxearen aurka, Gasteizen, Ogetan; eta iaz, 22-17 Ezkurdiaren aurka.
Ezkurdiak eta Altuna III.ak hiru aldiz jokatu dute elkarren aurka lau eta erdiko Txapelketan, eta estatistikak Arbizukoaren aldekoak dira, bitan irabazi baitu, hain zuzen, aurrez aurre izan diren azken bietan: iaz, 22-10 irabazi zion final-laurdenetako ligaxkan, eta 22-17 finalean. Amezketakoa, berriz, elkarren arteko lehen neurketan nagusitu zen, 2017an, final-laurdenetako ligaxkan: 22-13.
Ezkurdiak eta Altuna III.ak bi aste barru jokatuko dute finala. Igande honetan, berriz, hirugarren eta laugarren posturako partida jokatuko dute Jakak eta Lasok, Tolosan (Gipuzkoa), Beotibarren (17:00, ETB1). Bezperan, berriz, Bigarren Mailako txapela izango dute jokoan Jon Ander Peñak eta Jon Alberdik Iruñean, Labriten (17:45, ETB1).
Aurreikuspenak bete dituzte
Ezkurdiak eta Altuna III.ak Jaka eta Laso kanporatu dituzte, eta bigarren urtez jarraian jokatuko dute lau eta erdiko finala

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu