JAPONIAREN APUSTU ESTRATEGIKOA

Kansai eskualdean, hainbat egitasmo abiarazi dituzte energiak deskarbonizatzeko eta hidrogenoaren gizartea sustatzeko. Horretarako, zenbait egitasmo berritzaile antolatu dituzte, hidrogenoa ekoitzi, bildu, garraiatu eta erabiltzeko, eta hala askotariko arloak energiaz hornitzeko.

Hidrogenoa garraiatzeko eta hornitzeko kamioia. JOSEP SOLANO.
Josep Solano
Kobe
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Europako Batasunak, AEBek, Txinak eta beste herrialde askok karbonoan neutroak izatea lortu nahi dute 2050erako, eta tartean da Japonia ere; mundu osoan buruhauste bilakatu da energiaren garestitzea, Errusiak Ukrainan eginiko inbasioak eta nazioarteko egoerak bultzatua. Hori ikusita, hidrogenoak interes handiagoa piztu du, hurrengo energia iturri nagusia izan daitekeelakoan. Joan den hamarkadan, Japoniak zehaztu zuen hidrogeno garbia funtsezkoa izango zela karbonoan neutroa izatea lortu nahi bazuen 2050erako. Eta, erregai garbiaren hornikuntza eraginkorra izango dela bermatzeko, produktu errentagarriak inportatu asmo ditu atzerritik. Hori dela eta, azken hilabete eta urteetan, energiaren arloko Japoniako zenbait enpresa garrantzitsuk gobernuaren beraren parte hartzea, babesa eta diru laguntzak baliatuta nazioarteko aliantzak osatu dituzte energia iturri berri hori garatzeko.

Japonian udan argitaratu dute energiari buruzko azken liburu zuria: hidrogenoa material ezinbestekotzat jo dute zenbait sektoretan deskarbonizazioa bultzatzeko. Hidrogenoak, enpresa eta etxeetarako energia garbia sortzeko ez ezik, ibilgailuak mugiarazteko ere balio du. Gainera,hidrogenoaren bitartez erregai sintetikoak eta amoniakoa erabiltzen hastea ere sustatu nahi du gobernuak. Karbono dioxidoa birziklatzeko ere erabil daiteke hidrogenoa; metodoetako batean, metanol berriztagarria ekoizten da karbono dioxidotik eta hidrogenotik abiatuta, hura erregai edo produktu kimiko gisa erabiltzea jasangarriagoa baita beste aukera batzuen aldean.

Abangoardian den hiria

Kobe hiria da nagusi hidrogenoaren sustapenean eta ezartzeko lanean: 2030erako berotegi gasak %46 murrizteko apustua egin du, eta espero du karbono aztarna zero izatea 2050erako. Kansai eskualdean dago hiri hori, eta energiarekin zerikusia duten hainbat enpresak dute egoitza han. Abian jarri dute Hydrogen Smart City Kobe egitasmoa, eta industriaren sektorea, mundu akademikoa eta gobernua batu egin dira, hidrogenoari esker gizarte deskarbonizatu bat sortzeko elkarlanean. Horretarako, martxan jarri dituzte egitasmo aitzindari batzuk, hala nola hidrogeno estazioak eraikitzea eta enpresa pribatuei laguntzak ematea garapen teknologikorako.

Kobek plan anbiziotsuak ditu etorkizuneko energia erabiltzeko eta karbono aztarna txikitzeko. Horretarako abiatutako azken egitasmoa proiektu berri bat da: ur zikinak tratatzeko Higashinadako plantan biogasaren bitartez sortutako argindarra erabilita, hidrogenoa ekoiztuko dute. Proiektu horretan jasotzen denez, hidrogeno estazio bat eraikiko dute tratamendu plantaren ondoan, eta espero dute urtean 6.000 metro kubo hidrogeno sortzeko gai izango dela ohiko martxan badabil. Estazioa datorren urteko apirilean hastekoa da operazioak egiten.

Hyogo prefekturako hiriburua izateagatik da ezaguna Kobe, eta hango portuko eremua eta aireportua dagoen uhartea garrantzia hartzen ari dira karbono isurietan neutraltasuna lortzeko egitasmoei dagokienez. Eremu horiek emankorrak dira hidrogenoarekin lotutako garapen proiektuak egiteko, eta karbonoan neutroa izatea dute helburu, eta berotegi gasik ez isurtzea han. Kobe hiria prest dago energia garbiak erabiltzen hasteko ardura hartzeko eta ingurumenean inpaktu txikiagoa izateko. Era berean, hiri eredugarri bilakatu da etorkizun jasangarriago baterako trantsizioan berritzailea izateagatik, ahaztu gabe lehendik ere ospe handia zuela hango txahalkiak, bikaina baita.

Garraioan dago gakoa

2020an, Kawasaki Heavy Industries enpresak terminal bat eraiki zuen Kobeko aireportuko uhartean, hidrogeno likidoa garraiatzeko; 2021ean, berriz, hidrogeno likidoa garraiatzeko munduko lehen ontzia egin zuen: Suiso Frontier. 2022ko otsailean, Australian ekoitzitako hidrogenoa Japoniara garraiatzea lortu zuten ontzi hori baliatuz. Suiso Frontier ontziak zenbait depositu ditu hidrogeno likidoa biltzeko, eta horrek modua ematen du hidrogeno asko eta modu seguruan garraiatzeko distantzia luzeetan; izan ere,hidrogenoak, -235 graduraino hoztuz gero, askoz bolumen txikiagoa hartzen du: gas egoeran dagoenean baino 800 aldiz txikiagoa.

Hidrogenoa banatzeko nazioarteko kate handi bat sortzea ezinbestekoa da hidrogenoa ardatz energetikotzat daukan gizarte bat garatu ahal izateko. Proiektu horrek arrakasta izan du, nazioarteko industriaren arreta ere erakartzeraino, eta argi erakusten du Japonia dela nagusi nazioartean hidrogenoari lotutako estrategiei dagokienez. Arrakasta horri erantzuteko, Kawasaki Heavy Industries enpresak hidrogeno likidoa garraiatzeko itsasontzi handiak garatu nahi ditu orain arlo komertzialean. Hidrogeno garraioaren kostua merkatzea du helburu: 2020an, kilogramoko hemezortzi euro kostatzen zen, erregai fosilen antzera, eta 2050erako bi euro inguru kostatuko da. Japoniako Gobernuak eta enpresa parte hartzaileek itxaropen osoa dute horretan, eta uste dute funtsezkoa izango dela Japonia munduan nagusi izan dadin hidrogeno estrategietan.

Iwatani enpresa ere liderra da arlo horretan: badira laurogei urte baino gehiago hidrogenoaren negozioaren fase guztietan sartuta dabilela, fabrikaziotik hasi eta garraioraino, bilketaraino eta hornikuntzaraino, eta ospe handia du Japonian eta mundu osoan, aitzindaria izan baita hidrogenoa industria arloan erabiltzen. Enpresak %70eko parte hartzea du hidrogeno salmenten merkatu nazionalean, eta hura da hidrogeno likidoaren Japoniako hornitzaile bakarra, %100eko merkatu kuota baitu. Iwatanik hiru planta ditu Japonian hidrogeno likidoa ekoizteko: haietako bat, zentrala, Osakan dago, eta urtean 120 milioi metro kubiko hidrogeno ekoizteko gai da.

Hondakin plastikoek ingurumenean sortzen duten kutsadurari aurre egiteko eta baliabide ziklo bat ezartzeko asmoz, Iwatanik hidrogenoa ekoizten hasi nahi du hondakin plastikoetatik abiatuta, 2020ko hamarkadaren erdialdean edo. Beste kide batzuekin egingo du proiektua, besteak beste JGC Holdingsekin, eta asmoa da urtero 11.000 tona hidrogeno ekoiztea Nagoyako portuaren inguruan, etxe eta fabriketatik lortutako plastikoak errez; gero, hidrogeno hori portuaren eremuko energia plantetara eta fabriketara eraman nahi dute, hodiak eta beste metodo batzuk erabilita.

Japonia hidrogeno bidezko ibilgailuak erabiltzen has dadin, ezinbestekoa da hidrogeno hornikuntzarako azpiegitura bat sortzea, eta, beraz, hidrogeno zerbitzuguneak eraikitzen ari dira Japonia osoan. Iwatanik hainbat motatako hidrogeno zerbitzuguneak ditu: mugikorrak, autobusentzat eginak, komenentziako dendetakoak, aireportuetakoak eta autozerbitzuetakoak, besteak beste. Hori dela eta, malgutasuna du zerbitzuguneak eraikitzeko eta martxan jartzeko orduan, tokian tokiko beharrei erantzuteko modua baitauka.

Zerbitzugune mugikor batek ibilgailu bat hidrogenoz hornitzeko behar den guztia dauka, eta, mugikorra izateaz gainera, gailu finko batek hartzen duen tokiaren %30 inguru hartzen du, eta hura eraikitzeko ere denbora gutxiago behar da: finkoa eraikitzeko behar den denboraren %60 inguru. Iwatanik Amagasakin jarri zuen Japoniako lehen hidrogeno zerbitzugune komertziala, 2014an, eta, gaur egun, beste 53 ditu Japonian, eta bost AEBetan. Etorkizunean bestelako hidrogeno zerbitzugune batzuk ere sortu nahi dituzte, teknologia hori darabilten kamioi eta autobusek ere erabil ditzaten, eskaria gero eta handiagoa baita.

Fumio Kishida lehen ministroa buru duen gobernuak erabaki zuen hiru milioi tonaraino handituko zuela herrialdearen hidrogeno hornidura 2030erako, eta hogei milioi tonaraino 2050erako. Ekainean, gobernu zentralak iragarri zuen 100.000 milioi euro baino gehiagoren inbertsioak egingo dituztela hidrogeno hornikuntzarako; datozen hamabost urteetan egingo dituzte, bai sektore publikoak eta bai pribatuak, eta, hala, hidrogenoa erabiltzea sustatuko da, eta deskarbonizazioa bizkortu. Oinarrizko Hidrogeno Estrategian bilduta dagoenez ministroen kontseiluko bilera batean berrikusi eta onartu zuten, herrialdeak asko handitu nahi du bere hidrogeno hornidura: orain, bi milioi tona ditu, eta 2040rako halako sei izatea nahi du, hamabi milioi inguru. Badirudi Japoniak gero eta gertuago duela neutraltasun klimatikoa erdiestea eta karbono aztarnarik ez uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.