Amazoniako herri indigenak arriskuan daude koronabirusa Lurreko oihanik handienera ere iritsi denetik. Julio Cesar Lopez Jamioy OPIAC Kolonbiako Amazoniako Herri Indigenen Elkarteko koordinatzaile nagusia ziur daCOVID-19 gaitza indigenen lurretara iritsiz gero «sarraskia» eragingo duela, iraganean Mendebaldetik eramandako hainbat gaixotasunekin gertatu bezala.Brasilgo Macao hirian, Amazoniako handienean, 4.000 kasu eta 600 heriotza baino gehiago atzeman dituzte. Kolonbian, Amazoniako eskualdea da herrialdeko kutsatu tasarik handiena duena.
Nolakoa da egoera Kolonbiako Amazonian?
Birusa Amazonia eskualdeko Caqueta departamenduan agertu zen lehenik, eta Amazonas departamendura zabaldu zen ondoren; zehazki, Leticia hirira, departamenduko hiriburura. Oso kezkatuta gaude, gaitza era esponentzialean ari delako zabaltzen han. Kaltetuena izan arren, ez da bakarra. Amazonian lurralde gehiago daude mehatxupean. Arriskua oso handia da Putumayo departamenduan ere, Ekuadorrekin eta Perurekin muga egiten duen lurraldean. Agintari indigenak arau propioak ezartzen ari dira gaitza hedatzea eragozteko.
Zer neurri ari dira hartzen Amazoniako komunitate indigenak?
Jendearen joan-etorria eragozteko hainbat neurri hartu ditugu. Komunitate batzuetan guardia indigenak sortu dituzte. Agintari indigenei lurraldearen kontrola bermatzen laguntzen dieten taldeak dira. Komunitateetarako sarbideak zaintzen dituzte, lurrekoak eta ur bidezkoak. Haiek bermatzen dute komunitatekoak ez direnak eta bakartze aldian komunitatean egon ez direnak ez direla lurralde indigenan sartuko. Horrez gain, estatuko erakundeetako ordezkariekin koordinatzen dira: osasun langileekin eta militarrekin. Beharrezko neurriak betetzen dituztela zaintzen dugu.
Komunitateetan prebentzioaren beharraz ohartarazten ari gara, gainera. Jendeak norbere lurraldean gelditu behar duela kontzientziatzeko, babes neurriak hartu behar dituztela azaltzeko eta lurraldearen gaineko kontrola ezarri behar dutela nabarmentzeko.
Koronabirusa iritsi aurretik ere, herri indigenak osasun egoera zaurgarrian zeuden. Nola egin aurre orain zailtasun berri honi?
Berriro ere, kanpotik datorren gaixotasun bat da hau, eta gure adinekoek erakutsi digute horiengandik babesteko nahitaezkoa dugula bakartzea. Ez daukagu nora joan. Indigenak geroz eta mehatxatuago gaude gure lurretan. Gauza bakarra da ziurra: koronabirusa gure lurretara iristen bada, sekulako sarraskia eragingo du. Badakigu gure adinekoak sendagai tradizionalekin lanean ari direla, baina gaitzak Mendebaldeko osasun arreta ere eskatzen du. Osasun azpiegiturarik ez badugu, gaixo asko izango ditugu. Orain ez daukagu halakorik. Aspalditik salatu dugu herri indigenentzako osasun azpiegitura bat falta dela Amazonia eskualdean. Osasun zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek ez dituzte beren gain hartu nahi gaixo batzuen arretak dakarren gastua, hirietatik lurralde indigena batzuetara iristeko hamar edo hamabi orduko bidea egin behar baita ibaian. Gune populatuetan ez dago azpiegitura nahikorik, eta hirietatik urrun dauden lurraldeetan, are gutxiago.
Beste komunitate batzuk hiriguneetatik gertu bizi dira. Nola bizi dute han egoera?
Hiria lurralde indigenetaraino iritsi da zenbait kasutan. Hirietatik gertu dauden komunitateetako indigenek dute kutsatzeko arriskurik handiena. Leticia hiriaren kasua konplexua da, han hiria babesleku indigenetaraino iritsi baita, eta lehen kasuak agertu baitira han.
Egoeraren arabera, pandemiak sortzen dituen beharrak ere desberdinak dira?
Hainbat testuinguru identifikatu ditugu. Esaterako, unibertsitateko ikasleena. Hirietara ikastera joanak dira, eta orain zailtasunak dituzte eskolak jasotzeko, janaria lortzeko eta alokairua ordaintzeko. Pandemiak hirian harrapatu dituen indigenak ere baditugu, han bizi direlako edo osasun arreta jasotzen ari zirelako. Beste batzuek chagra-k —nekazaritzarako lur eremuak— dituzte hirien kanpoaldean, eta zailtasunak izan dituzte beren lurretara joateko. Hiriguneetatik urrunago, aginte propioa duten lurralde indigenetan bizi direnek oso bestelako beharrak dituzte. Lurra lantzeko aukera handiagoa dute, baina oinarrizko baliabideak falta zaizkie: erregaia, gatza, amuak, linternak, pilak...
Ivan Duqueren gobernuak adierazi zuen laguntza bideratuko ziela behar handiena zuten kolektiboei. Hala izan al da?
Asteartean bilera bat izan genuen Barne ministrordearekin, eta beste bilkura birtual bat Osasun ministroarekin. Haiek ziurtatu digute baliabide kopuru esanguratsua bideratu dutela herri indigenak laguntzeko, baina oinarriek salatzen dute ez dutela laguntzarik jaso. Badirudi laguntza ematea gobernuaren planen artean dagoela, baina ez dela gauzatu lurraldeetan. Gobernuak azkar ekitea beharrezkoa da. Uste dugu koordinazioa falta dela.
Elkarlanik izan da herri indigenen eta gobernuaren artean?
Alde bakarreko erabakiak hartzen hasi zen gobernua. Kolonbiako presidenteak bere lehen adierazpenean jakinarazi zuen hirietarako protokoloak zehaztu zituztela, eta herri indigenek beren neurri propioak hartu beharko zituztela gaitzaren prebentziorako. Oso larria iruditu zitzaigun, gobernuaren laguntza beharrezkoa baitugu. Zoritxarrez, orain arte ezin izan dugu gobernuko agintariekin koordinatu.
Oihanaren gaineko presio ustiatzailea arindu al da konfinamendua ezarri zenetik?
Egungo estatu politikekin, beti gaude petrolio eta meatzaritza industriaren eta palma monolaborearen mehatxupean. Baina legez kanpoko jarduerak ere kontuan izan behar dira: legez kanpoko meatzaritza, legez kanpoko deforestazioa, koka ekoizpena... Gobernuaren ustiatze politika ez da gelditu oihanean, eta legez kanpoko jarduera ere ez. Biztanleria indigena zapaldua izaten ari da. Koronabirusaren egoerarekin, birritan biktimizatzen gaituzte.
COVID-19 gaitzaren jatorria biodibertsitatea murriztearekin lotzen dute hainbat adituk.
Gure aitona-amonei entzun diegu esaten gizakiak ez garela naturaren jabe, ez gaudela haren gainetik, ezta azpitik ere. Haren parte gara. Erakutsi digute naturarekin orekan bizitzen. Gizakia oso traketsa da bere jardunean, eta naturan dagoen guztia edozein eratara erabiltzen du bere intereserako. Natura azaleratu egiten da orduan. Horixe da koronabirusaren gaitza. Gizakiak bere erroetara itzuli behar du: naturarekin bat izatera, orekan.
Koronabirusa munduan. Julio Cesar Lopez Jamioy. OPIACeko koordinatzaile nagusia
«Indigenak geroz eta mehatxatuago gaude gure lurretan»
OPIAC elkarte indigenak elkarlana eskatu dio Kolonbiako Gobernuari, komunitateak bakartuta mantentzeko eta laguntza bidaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu