XX. mendeko argazki historikoetako bat izan zen. Israelgo lehen ministro zen Yitzhak Rabinek eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeko buru zen Yasser Arafatek eskua eman zioten elkarri Etxe Zuriaren aurreko belardian, Bill Clinton AEBetako orduko presidentearen begiradapean. 1993ko irailaren 13an sinatu zuten Osloko Akordioen lehen atala, Oslo I deitu ohi zaion hori. Bi urte geroago izenpetu zuten Oslo II. Akordioaren sustatzaileek adierazi zuten adostutakoak balio zezakeela Ekialde Hurbilean bake iraunkor bat ezarriko zuen bake prozesu bat eraikitzen hasteko. Hiru hamarkadaren ondoren, baina, nekeza da Israelen eta Palestinaren arteko gatazkan konponbide baterako baldintzak atzematea. Tel Avivek politika kolonizatzaileak hedatzen jarraitzen du Palestinako lur okupatuetan, eta palestinarrak sistematikoki baztertzen Israelen mugen barruan. Emaitza ikusita, geroz eta ahots gehiago dira Osloko hitzarmena gainditu beharrekotzat jotzen dutenak.
Ikusi gehiago: «Oslo estalki bat izan da kolonizazio politikentzat»
Akordioarekin, PAEk estatu gisa aitortu zuen Israel, eta Tel Avivek PAE hartu zuen Palestinako herriaren ordezkari zilegitzat. 1991n Madrilen egin zen bake konferentziaren ondorioz, aldeek negoziazioak hasi zituzten, eta Oslon batu ziren hitz egiteko, isilpean.
Hitzartutako konpromisoen emaitza zuzena izan zen PAN Palestinako Agintze Nazionalaren sorrera, zeinari zenbait eskumen aitortu zitzaizkion Zisjordaniako zenbait eremuren eta Gazaren gainean, betiere behin-behineko erakunde gisa, harik eta Palestinaren azken estatusari buruzko akordio bat lortu arte. Oslok zehaztu gabe utzi zituen Palestinako Gobernuak etorkizunean izango zuen izaera eta bere gobernupean izango zuen lurraldea. Bost urteko epea ezarri zuten aldeek auzi horien gaineko adostasun bat lortzeko. Azken estatusari buruzko itunak jaso behar zituen auzien artean zehaztu ziren Jerusalemen izaera, errefuxiatuena, kolonia juduena, segurtasunarena eta mugena, besteak beste.
Bost urteko trantsizio epea 1999ko maiatzean bete zen, aipatutako auzien gaineko akordiorik gabe, eta behin-behineko zenbait konpromiso era mugagabean luzatu ziren. PAN erakunde egonkor bihurtu zen, eta Zisjordaniaren lurralde zatiketak bere horretan iraun du gaur arte. Oslo II akordioak hiru eremutan banatu zuen lurraldea: A eremuan —azaleraren %18—, segurtasuna eta aginte zibila PAN Palestinako Aginte Nazionalaren esku daude; B eremuan —lurraldearen %21—, PANek du aginte zibila, baina Israelena da segurtasunaren gaineko kontrola; eta C eremuan —lurraldearen %61—, Israelena da segurtasunaren eta aginte zibilaren ardura. A eta B eremuak 227 gunetan daude zatituta, C eremuko lurrez inguratuta daudelako, eta horrek praktikan dakar herri horietan bizi diren palestinarrak —Zisjordanian bizi direnen %96— Israelen kontrol postu zorrotzen bidez sakabanatuta egotea, eta joan-etorrietarako oztopo ugari izatea.
Osloko Akordioek hasieratik eragin zituzten aurkako erreakzioak, indarkeria ekintzak barne. 1994ko otsailean, kolono judu batek 29 palestinar hil zituen tiroz Hebrongo meskita batean. Aste batzuk geroago, Hamasek eraso suizida batekin erantzun zuen Israelen. 1995ko azaroan, Rabin hil zuen eskuin muturreko judu batek. Shimon Peresek hartu zuen lehen ministroaren ardura, baina gutxirako. Benjamin Netanyahu egungo gobernuburuak irabazi zituen bozak 1996ko maiatzean.
Netanyahu, oztopo
Netanyahuren garaipena izan zen Oslok hartur zuen kolperik handiena. Akordioen erabat kontra zegoela erakutsi zuen hasieratik, eta oposizio gogorra egin zion Alderdi Laboristak gidatzen zuen koalizio gobernuari, palestinarrei kontzesio gehiegi egitea egotzita. Netanyahuk, boterea hartu ondotik, kolonia juduen eraikuntza hauspotu zuen Palestinako lur okupatuetan —nazioarteko zuzenbidearen aurka—, atzeratu egin zuen Israelgo armadaren erretiratze prozesua, eta beste konpromiso batzuk berriz negoziatzea exijitu zuen.
Hori ikusita, Oslok aurreikusitako trantsizio epea amaitu ostean ahula zen bake prozesu bat egiteko aukera. 2000. urteko Camp Davideko goi bilerak (AEB) porrot egin zuen, eta urte bereko irailean Bigarren Intifada piztu zen.
Hiru hamarkadaren ostean, Israelek sendotu egin ditu palestinarren eskubideak sistematikoki urratzen dituzten politikak, eta ugaritu egin du lur okupatuetako kolonia juduen kopurua, harik eta ia ezinezko bihurtzeraino Osloren aldeko askok iragarri zutena: Palestinako estatu independente bat sortzea. Palestinarrek konfiantza galdu dute PANengan, kolonoen erasoetatik babesteko ere gai ez dela ikusita, eta erresistentzia molde berriak sortzen ari dira, ohiko egituretatik kanpo. Gaur, Oslo gainditu beharreko porrot eredu bat da.
Osloko Akordioak. 30. urteurrena
Osloko Akordioak: gainditu beharreko porrot eredu bat
Itunek bost urteko epea ezarri zuten korapilo nagusien gainean ados jartzeko, baina ez zen halakorik lortu. Palestinako Aginte Nazionala egonkor bihurtu zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu