Beltz ikusten dute egoera, baina ez dute amore emango.Siemens Gamesako 50 langile inguru goizaldeko 03.00etan irten dira Agoizko lantegitik. Oraindik ilunpean, 30 kilometro dituzte aurretik, Nafarroako Parlamenturaino. «Itxaropena ez da inoiz galtzen. Azken egunera arte egongo gara borrokan», aldarrikatu du Angelek, langileetako batek. Ainize Albarracin etxarriarrak, gainerako langileen moduan, ondo daki parlamentuko talde guztien babesa dutela, baina horrekin ez da aski. «Babes osoa eman digute, eta ondo dago borondate ona izatea, baina falta da hori ekintzetan islatzea. Hori nahi dugu».
Oroitzapenak erreskadan datoz. Duela hamar urte, Altsasutik Iruñerainoko martxa egin zuten langileek fabrikaren itxiera salatzeko, orain Agoizkoek egin duten moduan. Ainize Albarracin eta Angel Altsasuko langileak ziren duela hamar urte, eta ondo gogoan dute orduko itxiera. «Arratsaldeko seiak ziren, eta irratiaren bidez izan genuen itxieraren berri», gogoan du Albarracinek. Oraingoan ere, prentsaren bidez jakin dute. Azkenean, itxiera bera da garrantzitsuena, baina moduekin ere minduta daude Agoizko 239 langileak. «Orduan ere gaizki eta berandu abisatu ziguten; jakiten azkenak izan ginen. Mobilizazioak ildo berean doaz», dio Angelek.
Felix Erdozain agoiztarra ustekabean harrapatu du berri lazgarriak. «Gaizki bizi dugu egoera; ez dakit nola eraman daitekeen hau dena. Egun batetik besterakalean ikusten duzu zeure burua, eta gaizki nago», azaldu du.
Ainize Albarracinek, berriz, zantzu txarrak ikusten zizkien enpresaren azken mugimenduei. Altsasukoaren ondoren, Imarkoaingo lantokian egin zuen lan, eta hura ere egun batetik bestera itxi zuten. Izan ere, batetik, kudeatzaileak eta produkzio buruak fabrika utzi zuten urtarrilean, eta beste kudeatzaile bat etorri zen: «Erabakia aspaldi hartua zuten. Kudeatzaile hau sartu zen horretarako, ixteko». Bestetik, pandemiaren eraginez geldi egon behar izan duten egun batzuk «zorretan» utzi dizkie enpresak, eta, langileen batzordeak aldi baterako erregulazioa aurkezteko eskatu zienean, ez zuten nahi izan: «Jakina, sei hilabetean inor ez kaleratzera behartuta zeuden bestela». Azkenik, behin-behineko 70 langileei ekainaren 30ean amaitu zitzaien kontratua. Guztiei. Egun hartan iragarri zuen itxiera enpresak.
«Beti daude seinaleak, baina ez dituzu bata bestearen atzean jartzen eta elkartzen neurria izan arte», onartu du Javier Lorenzo iruindarrak. Egunero joan eta etorri ibiltzen da Iruñetik Agoitzera. Orain, bidea oinez egin du. Itxiera iragarri aurreko zantzu guztiok ziurgabetasuna eragin diete langileei: «Hainbeste denbora generaman horrela... Bai eta ez, ez eta bai. Istripuek ere gora egin dute kezkaren ondorioz. Azkenean atseden hartzen duzu, baina ez da polita egoera», aitortu du, haserre.
Martxa aurrera joan ahala, nekea nabari da aurpegietan, baina batasunak eta bazterretan nabaritzen duten elkartasunak indarra ematen diete. Auto askok tutua jo diete. 09:00ak baino lehen, Sarrigurengo egoitzara iritsi dira, eta han lankide gehiago dituzte zain, azken txanpa egiteko gertu. Gora Siemens Gamesako langileen borroka irakur daiteke gertu den biribilgune handi bateko horman.
Deslokalizazio hutsa
Asteazkenean, Bilbon, taldeko buruzagiek berretsi zuten Agoizkoa ez zela lantoki produktiboa, eta erabakia «saihetsezina» zela. Langileek ez dute ulertzen argudioa. «Langileko orduko kostu garestiagoa dugula diote, baina beste planta batzuetan inbertitu dute eta hemen ez», dio Lorenzok. Ustez, produktibitatearen kontzeptuak beste aldagai batzuk hartu beharko lituzke aintzat—teknologia eta giza ezagutza, adibidez—, baina langileek argi dute deslokalizazio bat dela, eta lan kostu merkeagoa bilatu nahi dutela Marokon edo Portugalen.
Itxierak oihartzun politikoa ere badu. Izan ere, Siemens Gamesaren jatorria publikoa da: EHN, behinola Nafarroako enpresa sare publikoaren harribitxia zena. Angelen ustez, duela 11 urte Agoizko lantokiaren aldeko apustua egin zen «urtegiagatiko konpentsazio moduan», orduko gobernuak esku hartu zuelako. Orain, kokagunea arrazoi gisa erabiltzen du Siemens Gamesak, Bilboko portua 200 kilometrora dagoela arrazoituta. «Duela hamar urte bazekiten hori. Argudio hori ez doa inora. Altsasu egokiago izan zitekeen, sarbide hobea duelako eta autobidea berehala». Haren ustez, gakoa da izen bikoitz horretan Siemensek Gamesa xurgatu eta ezabatu duela: «Lehen, Gamesa zenean, gobernuek zeresan handiagoa zuten, bertako enpresa zelako. Siemens multinazional bat da, eta zer egin diezaioke gobernu batek? Kilimak».
Bost langiletik bat Agoitzen bizi da, eta eskualdeak nabarituko du albistea. «Herriko ekonomiarentzat astindua da. Hogei alokairu eten egingo dira, eta tabernei, gasolindegiei... denei eragingo die», aipatu du Felix Erdozainek.
Zazpi orduren ostean, parlamentura iritsi dira, txalo artean. Hori, baina, ez da azken helmuga. Arratsaldean biltzarra dute herrian. Gaur, zuzendaritzarekin hirugarren bilera izango dute, eta bihar, 19:00etan, manifestazioa Agoitzen itxieraren aurka. Badakite oso zail dagoela, baina, pausoka, ahalegin guztiak eginez, amaitu arte jarraitu nahi dute borrokan.
Pausoka, amaitu arte borrokan
Agoiztik Iruñerainoko zazpi orduko martxa egin dute Siemens Gamesako langileek. Asmo oneko hitzak baino zerbait gehiago nahi dute: ekintzak. Badakite zail dagoela multinazionalak atzera egitea erabakian, baina ez dute amore eman nahi. «Itxaropena ez da inoiz ere galtzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu