Espainiako Gobernuak «hondamendi eremu» izendatuko du Nafarroa, «Babes Zibileko Larrialdi batean larriki kaltetutako eremua» den heinean, azken egunetan piztu eta hedatu diren suteen ondorioz.
Aste honetan eskatu dio Maria Txibite Nafarroako lehendakariak Espainiako Gobernuari izendapen hori, eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteak atzo iragarri zuen onartuko zutela. Hala ere, ez du zehaztu noiz emango dion titulu hori Ministroen Kontseiluak.
Hondamendi eremu gisa hartzeak hainbat laguntza jasotzeko aukera ematen die eremu horretako herritarrei eta erakunde publikoei. Besteak beste, biztanleek laguntzak jaso ditzakete beren ohiko etxebizitzan eta oinarrizko ondasunetan izandako kalteengatik, eta udalek ere laguntzak jaso ditzakete azpiegituretan edo bide sarean jasandako kalteak konpontzeko. Nekazaritzan, abeltzaintzan eta basogintzan jasandako kalteak konpontzeko laguntzak jasotzeko aukera ematen du, halaber. Bestelako lagungarri fiskalak ere ekartzen ditu, baita lan arloan abantaila batzuk ere.
Nafarroan joan den astean piztutako suteak egonkortzen ari dira jada, astearte gauean euria egin eta suhiltzaileak lanean aritu eta gero. Horregatik, bertan behera utzi dute Nafarroako Babes Zibilerako Plana, baina indarrean dago oraindik suteak eragozteko planaren 2. maila, eta San Joan suak egiteko debekua ere bai.
Atzo Itza ondoko eremu batek su hartu zuen, trenbide ondoan, baina kontrolpean hartu zuten arratsaldean. Esan bezala, euria izan da lagungarri suteak itzaltzeko orduan. Orbaibarren, esaterako, metro koadroko hamabost litro bota zituen asteartean, 02:00etan. Gainera, debekatuta zegoen suteak piztu zitzaketen laborantza lanetarako makinak erabiltzea; debeku hori kendu egin du gobernuak, baina tentuz jokatzera deitu dute, arriskuak saihesteko. Suteen ondorioz itxitako errepide guztiak ere zabaldu dituzte.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne sailburu eta gobernuko lehendakariordeak herenegun adierazi zuen «historikoa» izan dela suteek erretako eremua, 10.000 hektarea baino gehiago kiskali baitira azkeneko astean Nafarroan —Copernicus satelite sistemaren arabera, ia 15.000 hektareatan eragina izan dute suteek—. Neurria hartzeko: 11.000 hektarea ditu Aralarko parke natural osoak, eta 20.000 hektarea ditu Gorbeiakoak. Soroetan, laboreetan eta, batez ere, basoetan eragin du kalterik handiena suak, Remirezen arabera. Kalteak oso handiak izan direla erantsi zuen. Kalteei buruzko datu ofizialak gobernuko ingurumen teknikariek jasoko dituzte, eta horiek txostena egin arte itxaroteko eskatu du.
Nafarroa hondamendi eremu izendatuko dute suteen ondorioz
Izendapen horrek herritarrei eta erakunde publikoei aukera emango die laguntzak jasotzeko. Suteak egonkortuta daude, asteartean egin zuen euriari eta suhiltzaileen lanari esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu