Gerra Ukrainan. Iheslariak Euskal Herrian

Bizitza oso bat maletan sartuta

Euskal Herrira bidean dira 26 ukrainar iheslari —hemeretzi heldu eta zazpi haur— lau furgonetatan. Atzo goizean hartu zituzten Kosice hirian, Ukraina eta Eslovakia arteko muga zeharkatu ostean.

Kosice herrian atzo jaso zituzten iheslarietako bi. IDURRE LAZKANO.
Idurre Lazkano - Ion Orzaiz
2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun

«Guk egun batzuk eman ditugu, besterik ez, baina eurei bizitza oso bat eskaintzen ahal diegu horrela». Trebeki enpresako langilea da Gonzalo Collazos, baina, egunotan, furgoneta gidari lanetan aritu da. Beste zenbait boluntariorekin batera, arropa, botikak eta elikagaiak eraman ditu Ukraina eta Eslovakia arteko mugara, eta handik, gerratik ihes egin duten zenbait ukrainar ekarriko dituzte Euskal Herrira aste honetan. «Hori da garrantzitsuena», azaldu du Collazosek: «Ez haraino eraman duguna, baizik eta bueltan ekarriko duguna». 26 pertsona. Hemeretzi heldu eta zazpi haur. Baita hiru zakur eta katu bat ere. Bizitza osoa maletan sartu eta etorkizun baten bila errepidera atera diren iheslariak.

Nergroup enpresa taldearen eta ACEV Euskal-Eslaviar Kultur Elkartearen ekimenez, martxoaren 5ean atera ziren Euskal Herritik lau furgonetak eta, hiru egun errepidean igaro ostean, atzo goizean goiz iritsi ziren Kosice hirira (Eslovakia). 07:00etan geldituak ziren ukrainarrekin. Urduri eta nekatuta zeuden boluntarioak. Gogotsu, hala ere.

Musuak, malkoak, irribarreak... Denetarik izan zen furgonetetan sartzerakoan. Gerratik alde eginiko iheslariak soilik ez, egitasmoan parte hartu duten boluntarioak eta gidariak ere hunkiturik mintzatu ziren une hartan: «Hasi gara emozioekin: haur txikiak, banandu egingo diren familiak... Buelta egiteko gogoz gaude, eta dena ondo atera dadin nahi dugu», adierazi zuen Pablo Beristain gidariak. Barruak mugituta hitz egin zuen Jose Ignazio Amondarain Arretxe enpresako behargin eta boluntarioak ere: «Hementxe naiz, Natasha, Leo, Victoria eta Yanarekin hitz egiten, gustura». Giro ona sortzen saiatu zen, iheslariek furgoneta zapaldu zuten unetik beretik.

Euskal Herrira bidean, elurretan egin zituzten lehen kilometroak, gerra bezala, bukatzeko asmorik ez duen negu luze baten lekuko. 2.500 kilometroko bidaia nekeza zuten aurretik, eta, sabela bete eta indarra hartzeko, lehen geldialdia egin zuten.

Joan-etorriko odisea

Laguntzeko borondatea agertu duten beste boluntarioetako bat da Iryna Dotsenko, Astigarragan (Gipuzkoa) bizi den ukrainarra. Harena, gainera, joan-etorriko odisea izan da: otsailaren 26an itzuli zen Ukrainara, oporretan. Gerraren eztandak harrapatu zuen han. Hori dela eta, Euskal Herrira berehala itzultzea erabaki zuen, amarekin batera. Zenbait egun eman zituzten auto ilara batean geldirik, Ukrainatik atera ahal izateko. «Jendeak ihes egin nahi zuen. Ama asko ikusi genituen, haur txikiekin. Oso gogorra izan zen», gogoratu du.

Esker ona adierazi du ihesaldian lagundu zieten herritarrei. «Beti zegoen norbait infusio beroa eta janaria ekartzeko prest. Indar handia ematen digu mundu osoko jendearen laguntza jasotzeak». Hori dela eta, bigarrenez itzuli da orain Ukraina eta Eslovakia arteko mugara, Nergroup taldearen eta ACEV elkartearen espedizioan interprete lanak egiteko. «Ukrainar migratzaile zenbaitek badugu Whatsapp talde bat, eta hor izan nuen egitasmoaren berri. Ukrainera eta gaztelania menperatzen zituen norbaiten bila zebiltzan, eta izena eman nuen», azaldu du. Jasotako laguntza bueltan emateko gogoak bultzatu du itzultzera.

Euskal Herrira iritsitakoan, hutsik dauden eta hainbat boluntariok egitasmoaren antolatzaileen eskuetan jarri dituzten etxe eta logeletan egokituko dira 26 iheslari ukrainarrak. Antolatzaileen esanetan, «dei pila bat» jaso dituzte ukrainarrei logela zein etxeak eskaintzeko. «Euskal Herriko eta Ukrainako familien arteko harremanak koordinatzen ditugu», azaldu du Kateryna Kaminskak, antolatzaileetako batek. «Lanean ari gara, behin-behineko aterpe edo etxebizitza bat eskain dezaketen boluntarioen bila, baina, bitartean, hartu-emanetan ari gara gobernuarekin, irtenbide egonkorrago bat lortze aldera: paperak prestatu, etxebizitza ofizialetarako eskabideak... Orain lotzen ari garen etxebizitzak epe jakin baterako dira, iheslarien egoera erregularizatu arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.