Gizakia Fundazioak Erdu programan parte hartu du, beste hiru elkarterekin batera. Estibaliz Barron Pardo psikologo klinikoa (Bilbo, 1963) fundazioaren zuzendaria da.
Adikzioren bat dutenek nola bizi izan dute pandemia eta konfinamendu garai hau?
Zailtasun handiz. Tratamendua jasotzen ari zirenei arta murriztu zitzaien, eta horietako askok bakardade handiz aurre egin behar izan zioten horri. Beste multzo batean daude kalean bizi direnak: haientzat, ezinezkoa zen etxean bakartzea, baliabide batzuk abian jarri ezean, udalek egin zuten moduan; hau da, behin-behineko aterpeak antolatzea. Multzo horrek kezka handia sortzen zigun, eta Erdu programa horretara zuzendurik zegoen, neurri handi batean. Azkenik, bagenuen beste kezka bat: itxialdiaren garaian, espero izatekoa zen jende askok zailtasunak izango zituela ohiko substantziak eskuratzeko, eta horrek abstinentzia sindromea pairatzeko arriskua areagotuko zuela.
Erdu programaren berritasunetako bat unitate ibiltariak izan dira.
Normalean, mediku batek, psikologo batek eta gizarte hezitzaile batek osatzen zuten unitate ibiltariaren taldea, eta beharra zuten pertsonengana joaten ziren, batez ere udalek antolaturiko behin-behineko aterpe horietara. Xedea zen detektatzea han biltzen ziren pertsonen artean mendekotasun edo buru osasuneko arazoak izan zitzaketenak, eta lehenengo arta ematea, eta, kalean bizi zirenen kasuan, zubi lana egitea, gizarte eta osasun zerbitzuetara jo zezaten.
«Baztertuta» dagoen multzo garrantzitsu bat detektatu duzue. Adikzioek jotako guztiak multzo horretakoak dira?
Profilak askotarikoak dira. Programa hau talde jakin bati zuzendurik zegoen, eta horri esker ikusi dugu guk uste baino pertsona gehiago daudela muturreko egoera horretan. Baina profil normalizatuagoak ere badaude. Adikzioek gizarte osoa zeharkatzen dute.
Asko hitz egiten da pandemiak buru osasunean eragindako kalteaz. Adikzioetan ere nabari da hori?
Gizartean antsietatea sortzen duen edozein egoerak ondorio psikologikoak ditu, eta horiek areagotzen dira gizartearen sektorerik babesgabeenetan. Egon da horren ondorioz kontsumoa areagotu duenik, edo konfinamenduan konturatu denik bazeukala arazo bat zenbait substantziaren kontsumoarekin.
Estibaliz Barron. Gizakia Fundazioa
«Itxialdiak abstinentzia sindromearen arriskua areagotu zuen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu