Askoa Etxebarrieta Lasheras 'La Pulga'. Flamenko dantzaria

«Taulan nagoenean nire unea dela sentitzen dut, inork lapurtu ezin didana»

Flamenkoa da Askoa Etxebarrietaren bizitzaren ardatza, haren «pasioa», eta beldur da horren aurkako estereotipo ezkorrak itzuliko ote diren, egoera politikoagatik.

IHANA IRIONDO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Pasioz eta kemenez hitz egiten du flamenkoari buruz Askoa Etxebarrieta Lasherasek (Gasteiz, 1976). Hitz egin ahala, dantzari gisa aukeratu duen ezizenaren jatorria iradoki daiteke: La Pulga (Arkakusoa). Taberna batean lan egiten zuen garaitik omen datorkio ezizena. Mahaien artetik ziztu bizian mugitzen zenez, bezero batzuek hala esan zioten; Etxebarrietaren lagun batek entzun zuen, eta hala esaten hasi zitzaion.

Txiki-txikitatik dantzarekin lotura izan duzu, ezta?

Ballet klasikoa ikasi nuen. 8 edo 9 urte inguru izango nituen. Akademia pribatu batean hasi nintzen, eta, dantza eskola publikoa ireki zutenean, bertara joan nintzen. Lau maila egin nituen, eta orduan utzi nuen.

Zergatik?

Institutuan 15:00 arte egon, bazkaldu eta 18:00etan balletera joaten nintzen, 21:00 arte. Astelehenetik ostiralera. 14 edo 15 urte nituen, kalera ateratzen hasteko gogoa... Hori guztia elkartu zen, eta balleta utzi nuen.

Egun batetik bestera?

Aitari proposamen bat egin nion. Ikasturtea hasita zegoen, eta ikasketak uztea proposatu nion, balletarekin jarraitzeko. Hurrengo urtean ballet eskolek goizez izan behar zuten, eta ni gauez ikasten hasi behar nuen, derrigor. Beraz, gauez kurtsoa errepikatzea proposatu nion. Aitak ez zidan utzi. Baina esan beharra dago gurasoek asko lagundu didatela beti! [Barre egin du] Haren lekuan jartzen naiz, eta ulergarria da, motxilan daramaguna ikusita.

Zer dago motxilan?

Kuban hori ez litzateke gertatuko. Kultura askoz gehiago baloratzen dute han. Hemen esaten duzu dantzaria zarela, edo aktorea, abeslaria... eta hurrengo galdera da:«Bai, baina zertan egiten duzu lan?».

Dantza utzi ondoren, nola hasi zinen flamenkoan?

Balleta utzi eta zortzi urte inguru emango nituen dantzan pentsatu gabe. Dantza garaikidera gerturatu nintzen apur bat, baina ez ninduen bete. Ez ninduen harrapatu. Agian, izango zen irakaslea, edo nik zer dakit, baina ez zitzaidan bihotzera heldu.

Flamenkoarekin ez bezala...

Korro flamenko bat egiten zuten Zaramazulon, Zaramaga auzoko gune okupatu batean. Gerturatzea erabaki nuen. Betidanik izan nituen gustuko Los Chichos, Los Chunguitos, Camaron, Pata Negra, Raimundo Amador, Kiko Veneno... Hara joan nintzen, eta harrapatu ninduen. «Hau da egin nahi dudana».

Zerk erakartzen zaitu gehien?

Hasieran, gehien harrapatu ninduena soinua izan zen: konpasa, oinekin erritmo jolasak... Perkusioa. Urteek aurrera egin ahala, gero eta gauza gehiago ikusten dituzu, ikasten dituzu, eta bide berriak urratzeko gogoa sortzen da.

Eta hortik aurrera, ikastera.

Hasieran, Gasteizen ikasi nuen, baina ikasturte baten buruan Granadara [Espainia] joan nintzen, ikastaro trinko batera. Konturatu nintzen, benetan ikasi nahi izanez gero, hara joan behar nuela. Eta hori egin nuen: dena utzi, eta Granadara!

Estereotipo askoren aurka borrokatu behar izan zenuen, Euskal Herrian zein Andaluzian?

Gurasoak harritu ziren kontatu nienean, baina haien babes osoa izan dut. Egia da, halaber, gurasoek eta beste askok uste zutela flamenkoa Espainiaren ikurra zela...

Estereotipo horien errua Francori bota izan diozu.

Francok flamenkoa hartu zuen, eta Espainiako ikurren artean sartu zuen. Niretzat, ordea, flamenkoa da Andaluziako ijitoena. Han sortua da nagusiki, eta nahasketa baten ondorioa da: arabiarrak, hinduak, ijitoak... Baztertuta eta zapalduta egon diren horiena. Eta orain beldur naiz ez ote diren garai bateko estereotipo horiek berriz indartuko.

Zergatik?

Voxek esan du flamenkoa defendatuko duela, ehiza eta halakoak defendatzen dituen bezala.

Mingarria zaizu?

Bai, bada. Beldur naiz flamenkoaren aurkako sentimenduak itzuliko ote diren, Voxek ikur bihurtzen badu. Horretan ere atzera egin daiteke.

Azken hamarkadatan flamenkoak aurrera egin du Euskal Herrian?

Asko! Askoz gehiago programatzen da, eta jaialdiak ere badaude:Iruñean Flamenco on fire jaialdia dago, puntako artistekin; BBK zikloa; Una ría con duende, tokiko artista gehiagorekin... Ikastaroekin ere nabaritu dut, interesak gora egin duelako. Eta hainbat dantzari ere badaude Euskal Herrian... A! Eta estereotipoen galdera ez dut erantzuten amaitu!

Bota.

Agian, Euskal Herrian estereotipo gehiago antzeman nituen Granadan baino. Batetik, bazter guztietako pertsonak zeuden ikasten. Bestetik, inguru horretan Euskal Herriko nahiko jende bizi izan da, eta ez zitzaien arraro egiten. Sevillara joan nintzenean ikastera, orduan agian apur bat gehiago harritu ziren.

Flamenko munduan nor miresten duzu?

Asko daude, baina nire idoloa Carmen Amaya da. Dantzatzen zuen modua sinestezina zen. Moldeak hautsi zituen: prakak janzten lehen emakumea izan zen flamenkoan; oinak egiten hasi zen lehena, zuen bizitasuna... Horrez gain, Francorekin, ihes egin behar izan zuen. Amerikako Estatu Batuetako presidenteren batentzat ere dantza egin zuen!

Eta hori?

Rooseveltentzat egin zuen dantza, eta hark diamantez jositako jaka motz bat oparitu zion. Bada, Amayak apurtu zuen, eta diamanteak haren gertukoen artean banatu zituen. Onena izateaz gain, pertsona ona ere bazen.

Euskal Herrira itzuli zinen duela 11 urte inguru, eta tarte horretan flamenkoak aurrera egin duela aipatu duzu. Horrek erraztu dizu kulturaren beste adar batzuekin uztartzeko?

Zerbait gustuko baduzu, errazago sortzen dira gauzak. Berriketan proiektua, adibidez, sortu zen guztiok genuelako buruan nahasketa hori egitea: txalapartariek eta nik. Zerbait egin genezakeela ikusi genuenean, ordea, hasi zen lana. Lau urte inguru eman genituen ikuskizuna ateratzeko, erruz lan egiten.

Aurretik aipatu duzu, ikasle zinenean, kultura ez zela baloratzen. Hori aldatu al da?

Ez... Adibide argi bat dago. Oro har, seme-alabak artista izatea nahi duten guraso gutxi egongo dira. Eta, seguruenik, guraso horiek artistak izango dira.

Duela hilabete batzuk Eusko Jaurlaritzak tabernetako ikuskizunak mugatzeko neurriak aurkeztu zituen. Gerora atzera egin du, baina hasierako asmoak islatzen du zein den administrazioaren jarrera?

Kultura sustatzeko gauza gehiago egin behar dira. Dekretuarena ez zegoen ondo, nire ustez. Tabernetan kultur jarduera asko egiten dira. Hasten diren taldeentzat tabernak oso ondo daude. Baina tabernak ere egoeraz baliatzen dira.

Nola?

Tabernaren araberakoa da, baina askotan oso gutxi ordaintzen dute Lau sosen truke jotzen duzu, eta freskagarria ere kobratzen dizute. Uler dezaket ostalariak horretaz bizi direla, baina kultura baloratu behar da. Gaur egun, 200 euro ordain dezakete ikuskizun baten truke. Diru horrekin gitarra lotu, abeslaria, perkusioa, dantza, soinu ekipoa eraman... Gehi ikuskizuna prestatzeko eta ikasteko denbora guztia.

Zer egin dezakete administrazioek horri aurre egiteko?

Mugak jarri beharrean, laguntzak eman diezazkiekete tabernei kultur ekitaldiak modu duinean kontrata ditzaten. Bestalde, Gasteizen adibidez, gizarte etxeetan erabilera gutxi duten antzokiak daude. Zergatik ez dituzte espazio horiek doan uzten, artistek beren lana erakuts dezaten?

Zaramazulon ezagutu zenuen flamenkoa. Zer garrantzi dute zuretzat espazio okupatuek?

Gasteizen, Granadan, Sevillan... Diru gutxi eta ilusio handia baduzu, atea irekitzen dizute aurrera egiteko. Horiengatik ez balitz, ez nintzateke izango gaur egun naizena. Espazio horietan ezagutu nuen nire bizitza mugiarazten duen motorra, nire pasioa.

Hamaika proiektutan sartuta zaude. Nolakoa da zure egunerokoa?

Dena egiteaz arduratzen naiz ni: entseatu eta proiektuetako kideekin egon, ikuskizunak saldu udaletara eta aretoetara deituta, diru laguntzak bilatu, eskolak eman, administrazio lana egin...

La Pulgak islatzen duen jarrera taularako gordetzen duzu?

Ez dakit nola gertatzen den hori. Taulan baino ez da agertzen sentipen berezia. Nire unea dela sentitzen dut; inork lapurtu ezin didana. Ez dakit zergatik agertzen zaidan jarrera hori, baina egia da apur bat transformatzen naizela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.