Mikel Delika Gonzalez de Viñaspre (Gasteiz, 1960) beirategileak Alde Zaharreko bizilaguntzat dauka bere burua. Apaizgaitegi zaharraren ondoan eman zuen haurtzaroa, eta Pintore kalean bizi izan zen gero. Santa Mariaren, Gasteizko katedral zaharraren ondoko plazan jolastu zen txikitan, XVIII. mendeko beirateen begiradapean. Gaur egun, Alde Zaharretik at bizi bada ere, Txikita kalean du beirate tailerra, katedral zaharraren itzalpean,
Zer ikasketa behar ditu beiragile batek?
Maisu industrial elektrikaria naiz, ikasketaz [barre egiten du]. Goi tentsioko lineetan espezializatua. Horrelako zerbait utziko balidate une honetan esku artean...
Nola heldu zinen beiragile izatera?
Errotulu eta beirateekin lan egiten zuen enpresa batean hasi nintzen, senide batena. Beirateak imitaziozkoak ziren: kristal batean pasta bat bota, lakarekin margotu. Bertan, nire kasa, joan nintzen ikasiz. Une jakin batean, sentitu nuen ez zela giro enpresan. Emazteak tailerra irekitzera animatu ninduen orduan.
Nola?
Ingelesa da. Maiz joaten ginen Erresuma Batura. Beirateen kultura handia dute han. «Halakoak egin ditzakezu», esaten zidan. Berak eman zidan azken bultzada. Nik, baina, norbait ikusi nahi nuen beirate bat egiten.
Nola ikasi zenuen?
Beira lehenengoz erosi genuenean, Erresuma Batuko enpresa batera jo genuen. Ikastaroak ematen zituzten, eta Irlandako artista bat zegoen han: Peter Young. Gizon hori Gasteizera etorri zen bi astez, eta irakatsi zidan. Eta ordutik ez diot ikasteari utzi.
Beirateen inguruan pedagogia handia egin duzu azkenaldian, hitzaldiak emanez.
Beiragintzaren moduko ofizioetan joera egon da sekretua mantentzeko. Inork ez dezala jakin nola egiten ditudan gai batzuk. Nire tailerra irekia da, ordea. Ezagutarazi behar dugu gure ofizioa. Jendeak ezagutu behar du. Azaldu behar dugu zer den beirate bat, jendeak baloratu dezan zein den gure lana.
Eta zer da beirate bat?
Batetik, arte bat da: argiaren artea. Beirateekin disfrutatu daiteke argiak zeharkatzen dituelako. Hori gertatzen den arte bakarra da. Espazioak eralda ditzake, tonuen arabera. Argiarekin jolasten gara, eta hori magikoa da.
Erlijioak mendeetan baliatu izan du beirateek sortutako giroa, ezta?
Elizarentzat, beirateek hiru funtzio zituzten: batetik, espazio bat ixtea; bestetik, giro bat sortzea; eta, azkenik, mezu bat igortzea. Erromanikoan, garai hartako Power Point aurkezpenak ziren, nolabait esateko.
Beiraren arabera aldatzen al da lortzen den efektua?
Askotariko ehundurak daude, argia errazago pasatzen uzten dutenak... Kozinatzea bezala da beirateak egitea: azken emaitzak atsegina izan behar du. Puntako lehengaiak erabil daitezke, baina agian emaitzak ez du izango ez hankarik ez bururik.
Adibidez?
Beirateetan, gorriak eta laranjak sukaldaritzako gatzaren modukoak dira: pasatzen bazara, akabo. Bezero batek beirate berria eskatzen duenean, hori azaldu behar zaio. Bestela, gerta daiteke azkar aspertzea azken emaitzaz.
Aipatu duzu arte bat baino gehiago ere badela.
Artisau lana ere bada. Kolore eta ehundura anitzetako beirak elkartzean datza. Berunarekin egin ohi da, tradizioz. Behin diseinua eginda egiten dena: moztu, elkartu... Mosaiko baten modukoa da. Gero, kasu batzuetan, gainetik ukituak ematen dira. Bolumena emateko, pieza osoa margotzen da, eta margoa kenduz ematen diozu argia...
Asko aldatu al da ofizioa mendeetan?
Funtsean berdin egiten da lan. Teknika berriak sortu dira, baina, oinarrian, ofizioa bera da. Gaur kolore gehiagoren artean aukera daiteke, eta hobeto egiten diote aurre korrosioari. Egungo kutsadurak eraso egiten die garai bateko beirei.
Aldarrikatu izan duzu beirategintzari prestigioa eman behar zaiola.
Europako hainbat lekutan titulazioak dituzte, Arte Ederrekin lotutako gainontzeko arloetan bezala. Araututa dago. Hemen ez, eta horrek arazoak ekar ditzake. Astakeriak egin izan dira, asmo txarrik gabe: ezjakintasunagatik.
Adibidez?
Beirate bat apurtu edo aurkitzean publizitate handiena zuen enpresara deitzea: «Leihoak jarri, dutxen itxiturak egin, eta beirateak konpontzen dira». Beirateak ondarearen parte dira, eta, margolan edota eskulturekin bezala, adituek aztertu eta zaharberritu behar dituzte. Oro har, jendeak ez daki nora jo behar duen.
Eta non ikas daiteke?
Fernando Cortes Pizanok, zaharberritze gaietan irakasle izan dudanak, Anberesen atera zuen titulua, Belgikan. Bera da estatuan tituluduna den bakarra; gaur egun, Erresuma Batuan ari da lanean.
Euskal Herrian beirate asko daude?
Erdi Aroko gutxi: Iruñeko eta Baionako katedraletan, besterik ez. XIX. mendearen bukaerakoak eta XX.aren hasierakoak barra-barra daude, hiri guztietako zabalguneetan. Kalitate handikoak dira. Horiek zaharberritu egin behar dira, mantendu.
Nola zaharberritzen dira?
Alor teknikoaz gain, apurtuta daudenak lehengoratzeko dokumentazio lan handia egin behar dugu: hangoei eta hemengoei argazkiak eskatu, apurtu aurretik nolakoa zen jakiteko... Emaitza ikustean, lan horrek merezi du.
Jabeek ba al dakite zer balio izan dezaketen beirateek?
Gehienetan, ez. Bilboko euskaltegi batetik deitu zidaten. Zaharberritze lanetan ari zirela, eta beirate bat zutela. Ea ikustera joan nintekeen. Oso polita zen. Bartzelonako ospe handiko etxe batek egin zuen, eta Jose Arrue margolariaren sinadura zuen.
Eta ez zuten horren berri?
Ez. Obretan zeudenez, kalterik izan ez zezan, kentzea proposatu nien. Gaur egun gordea dut. Euskaltegiko arduradunak Bilboko Arte Ederretako museoarekin ari dira hitz egiten, ea horrekin zer egin daitekeen. Oso polita litzateke museoan erakutsi ahal izatea. Europako museo askotan ikus daitezke beirateak, baina gurean ez dago halakorik.
Zergatik?
Herri honetan, hogei urtean pasatu gara aitzur luzetik Internetera, eta jauzi horretan gauza asko galdu ditugu. Kosta egiten zaigu eskulangintza baloratzea. Artisau batek bost euro eskatzen baditu beirazko plater baten truke, asko iruditzen zaigu, eta horrekin, agian, ez du lehengaia eta energia kontsumoa ordaintzeko ere.
Beirategilea zara, baina musikarekin ere lotura estua duzu. San Prudentzio bezperan, adibidez, Erretretan jotzen duten tronpeta jotzaileetako bat zara.
[Barre egin du] 22 urterekin-edo hasi nintzen tronpeta jotzen. Kontserbatorioan ikasi nuen gero. Diputazioan 1988an hasi nintzen tronpeta jotzen, eta Erretretan hurrengo urteanjo nuen.
Nolatan heldu zinen bertara?
Aurrez aldundiko beste langile batzuk omen zeuden. Ekitaldiren batean urduri jarri omen ziren, eta ez zitzaien oso ondo atera eta... ordezkoak bilatu zizkieten.
Jantziak eta guzti egin zizkizueten, neurrira.
Kalitatezkoak, gainera. Madrilgo enpresa batek egin zizkigun. Pentsa, hain da ona, ze oraindik ere barruan sartzen naizen, zabaldu banaiz ere! [Barre egin du].
Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?
Amaren familiakoak musikariak dira, eta ama piano irakaslea izan da. Amak Dimas Sotes apaiza ezagutzen zuen: GasteizkoTipleen Abesbatzaren arduraduna zen. Oso zorrotza zen, baina begiko ninduen. Abesbatza ospetsua zen garai horretan.
Bai ala?
Katedral Berriaren inaugurazioan abestu nuen txikitan. Franco zegoen bertan... Ni nintzen Francok gertuen zuen haurra. Apaiza meza esaten ari zela, etengabe lokartzen zen, eta Carmen Polok, emazteak, ukondoarekin ematen zion, esnatzeko.
Mikel Delika Gonzalez de Viñaspre. Beirategilea
«Beirateak egiterakoan argiarekin jolasten gara, eta hori magikoa da»
Beirateak ondare direla aldarrikatu du Delikak. Hori dela eta, azaldu du beirategile ofizioa arautzeko beharra dagoela, ondare hori gal ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu